Hurst Hannum
Hurst Hannum Tufts Unibertsitateko (Massachusetts, AEB) irakaslea da Nazioarteko Zuzenbidean. Mundu osoko hainbat gatazkatan aditua, Euskal Herrian bizi den gatazkari irtenbide baketsua eman nahian 2010eko martxoan argitara atera zen Bruselako Adierazpena sinatu zutenetakoa da.
Biografia
aldatuKaliforniako Unibertsitateko Berkeleyko kokapenean ikasi zuen.
1972tik 1975era NICRA Ipar Irlandako eskubide Zibilen Elkartearen aholkulari legala izan zen. 1977ko uztailetik 1979ko martxoa arte Washingtoneko Institute of International Law and Economic Development institutuan aholkularia izan zen; Guam eta Birjina uharte amerikarren estatusen aldaketa konstituzionalek, independentzia eskuratu berri duten estatu txikien arazo ekonomikoak eta Afrikako giza eskubide eta garapen ekonomikoak bezalako gaiak jorratu zituen. 1980tik 1989ra Washingtoneko Procedural Aspects of International Law Institute (PAIL[1]) delakoan zuzendari exekutiboa izan zen. Hiri bereko United States Institute of Peace edo USIPen "Jennings Randolph Bakerako ordezkaria" izan zen 1989tik 1990era.
1990eko urtarriletik gaurdaino Tufts Unibertsitateko The Fletcher School of Law and Diplomacy eskolan Nazioarteko Zuzenbidean irakaslea aritu da; unibertsitate bereko Center for Human Rights & Conflict Resolution zentroko zuzendarietakoa da 2000tik[2]. 2006tik 2008ra Hong Kongeko Unibertsitatean "Sir Y.K. Pao Nazioarteko Zuzenbidean" irakasle aritu zen. Harvard, American University, Georgia eta Virginiako Unibertsitateetan ere ibili da irakasle.
NBE eta beste erakunde batzuetan aholkulari legala izan da munduko gatazka ugariren gainean (Aceh, Afganistan, Faroe Uharteak, Kaxmir, Mendebaldeko Sahara, Sri Lanka, Ekialdeko Timor), baita giza eskubideen nazioarteko babesaren gainean ere.
Hurst Hannumek nazioarteko zuzenbideaz, giza eskubideez, gutxiengoen eskubideez, nazioarteko erakundeez, ordenu politiko eta legalaz (batez ere autodeterminazioaz) eta nazionalismo eta etnizitateaz eskolak eman ditu. Londresko Minority Rights Group Internationaleko eta Genevako International Service for Human Rights elkarteetako kidea da.
Euskal Herriaz
aldatu2010ean Bruselako Adierazpena sinatu zutenen artean egon baino lehen Euskal Herriarekiko beste hurbilpen batzuk eginak zituen; 1996ko Autonomy, Sovereignty, and Self-Determination: The Accommodation of Conflicting Rights liburuan Euskal Herria eta Kataluniari buruzko kapitulu bat idatzi zuen eta Elkarrik antolatutako nazioarteko mintegi batean esku hartu zuen[3].
Lanak
aldatuHannum Human Rights Law Review aldizkariaren argitalpenerako aholku-batzordean dago; nazioarteko zuzenbideaz eta giza eskubideei buruzko liburu eta artikulu ugariren egilea da. Haien artean liburu hauek daude:
- The Right to Leave and Return in International Law and Practice (1987).
- Autonomy, Sovereignty, and Self-Determination: The Accommodation of Conflicting Rights (berrikusitako edizioa 1996koa).
- Guide to International Human Rights Practice (4. edizioa 2004koa).
- International Human Rights: Problems of Law, Policy, and Process (4. edizioa 2006koa).
- Negotiating Self-Determination (2006).
Erreferentziak
aldatu- ↑ Institutuaren webgunea.
- ↑ Bere curriculuma Tufts Unibertsitatearen webgunean.
- ↑ Hannumen aipamena blog pertsonal honetan.
Ikus, gainera
aldatuKanpo loturak
aldatu- (Ingelesez) Hannumen curriculuma Tufts Universityko webgunean.