Hjalmar Branting
Karl Hjalmar Branting (Stockholm, 1860ko azaroaren 23a - ibidem, 1925eko otsailaren 24a) suediar politikaria izan zen. Uppsalako Unibertsitatean ikasi zuen eta Stockholmeko Behatokian lan egin zuen kazetaritzan hasi aurretik. 1899an August Palmekin batera Suediako Alderdi Sozialdemokrata osatu zuen. Sozialista erreformista izan zen eta Errusiako Otsaileko Iraultza babestu zuen, baina Urriko Iraultzaren eta boltxebikeen aurka agertu zen. Indarra erabiltzearen aurka agertu zen Norvegiaren independentzia eragozteko eta 1905ean "Eskuak Norvegiatik kanpo, Errege" esaldia sortu zuen. Suediako lehen ministroa izan zen hiru alditan (1920, 1921-23 eta 1924-25). Suedia Nazioen Ligan sartu zuen eta Ligaren erabakia onartu zuen Åland uharteetako gatazkan. 1921ean Bakearen Nobel Saria jaso zuen Christian Lous Lange norvegiarrarekin batera Nazioen Ligan egindako lanagatik.