Haganah (hebreeraz: הַהֲגָנָה, euskaraz: «Defentsa») 1920 eta 1948 bitartean ihardun zuen sionisten defentsarako erakundea izan zen, britainiarren menpeko Palestinan. Kibbutz eta moshavetako kideek osatu zuten, arabiarren erasoei aurre egiteko. Britainiar agintariek, gainera, ez zuten ahaleginik egiten juduak babesteko. Haganah egungo Israelgo armadaren aurrekari zuzenena da.

Haganah
Datuak
MotaParamilitarra
HerrialdeaYishuv (en) Itzuli
IdeologiaSionismoa
Historia
Sorrera1920ko ekainaren 15a
Desagerpena1948ko maiatzaren 28a
webgune ofiziala

Jatorria aldatu

Palestinako juduek 1909an sortu zuten Hashomer deituriko talde armatua beduino eta arabiarren erasoetatik babesteko. Garai hartan ez zuen babes handirik (100 kide inguru).

1920-1921eko Jerusalem, Yafo, Hebron eta Haifako pogromoen ostean, buruzagi juduek beraien komunitateak babesteko talde bereziak sortzeko beharra ikusi zuten, batez ere britainiarrek zuten jarrera pasiboa zela eta. 1929ra arte, Haganahren miliziak gaizki armatutako talde batzuk ziren, kibbutzen kontrako erasoak aurreikustea zen beraien zeregin garrantzitsuena.

1929an Hebronen gertatutako sarraskiaren ondoren sionistek armada sendo baten beharra ikusi zuten, eta aginte zentral argi bat ezarri zuten talde horren gidaritza burutzeko. Kibbutzetako gazteria gehiena sartu zen Haganah. Hala, 1936rako 10000 soldadu izatera iritsi zen.

1936-1939 bitarteko altxamendu arabiarrari aurre egin zion armada britainiarrarekin batera. Britainia Handiak ez zuen Haganah ofizializatu, baina altxamendu horretan jasotako esperientzia ezinbestekoa izan zitzaien juduei 1948ko gerraterako. Hala ere, garai horretara arte joera moderatua agertu zuen eraso eta mehatxu arabiar zein britainiarren aurrean. Pasibotasun hori zela eta, zenbait talde bereizi egin ziren, hala nola Irgun eta Stern.

Bigarren Mundu Gerra aldatu

II Mundu Gerra lehertu zenean, britainiarren eta sionisten arteko harremanak ez ziren batere erosoak. Hala ere, David Ben-Gurionek bere ahalegin guztiak egin zituen Palestinako juduak Ardatzaren kontra mobilizatzeko. Bere esaldi famatuetako bat hau izan zen:

« Hitleren kontra borroka egin behar dugu Liburu Zuria egongo ez balitz bezala, eta Liburu Zuriaren kontra borroka egin behar dugu gerrarik egongo ez balitz bezala. »

Gerrako brigada judua Italian ezarri zen, Ardatzeko estatuen kontra borroka eginez. Historia garaikidean lehen aldiz, juduek beraien banderapean parte hartu zuten gerran. Guztira britainiarren alde eta Hitlerren kontra borroka egin zuten 30000 judu palestinar hil ziren gerran.

Gerraren ondoren aldatu

Gerraren ostean Haganahk errefuxiatu juduak Palestinara eramateko saioak egin zituen, sarri britainiarren aurkako politikak eginez. Israelgo estatua aldarrikatu ostean, Gobernuak Ejertzitoa antolatu zuen, eta bestelako talde armatu guztiak legez kanpokoak zirela aldarrikatu zuen. Horrela, Haganah gaur egungo Israelgo armadaren oinarrietako bat da.

Irgun eta bestelako taldeek ez zuten erabaki hori onartu, eta horrek gatazka labur bat sortu zuen. Hala ere, berehala Menahem Begin Irguneko buruak bere talde armatua ezabatu eta Herut deituriko talde eskuindarra osatu zuen.

Kanpo estekak aldatu