Gipuzkoako Artxibo Orokorra
Gipuzkoako Artxibo Orokorra Gipuzkoako Tolosa udalerrian dagoen eraikin bat da. San Frantzisko pasealekua 2. zenbakian dago, Beotibar pilotalekua eta San Frantzisko komentua eta elizaren artean. 1904ean eraiki zen.
Gipuzkoako Artxibo Orokorra | |
---|---|
Eraikitako euskal ondasun nabarmena | |
Tolosako hiri historikoa Euskal Herriaren barnealdeko Donejakue bidea | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Udalerria | Tolosa |
Koordenatuak | 43°08′12″N 2°04′30″W / 43.136639°N 2.074906°W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | XX. mendea - |
Erabiltzailea | Gipuzkoako Artxibo Orokorra |
Arkitektura | |
Estiloa | Arkitektura eklektikoa |
Ondarea | |
EJren ondarea | 8 |
Webgune ofiziala | |
Historia
aldatuGipuzkoako batzar eta aldundien artxiboa XIV. mendean sortu zen, Gipuzkoako Ermandadea eratzearekin batera. Hasieran ez zuen egoitza finkorik izan, Batzar Nagusiek, Zumaian bildurik, artxiboa Tolosako Santa Maria elizara eramatea erabaki zuten arte, 1530eko maiatzaren 4an. Han gorde ziren artxiboaren funtsak, 1904. urtean Tolosan bertan, San Frantzisko kalean, berariaz egindako eraikin batera aldatu ziren arte.
Eraikinaren proiektua Manuel Etxabe Zalakain[1][2] probintziako arkitektoak egin zuen. Erdiguneko gorputzean bi solairu ditu, eta launa bi alboetako hegaletan, oinplano luzeagoa dutenak nahiz garaiera apalagoa izan. Aitzindegia hareharri harlanduz eta adreiluz egina dago, eta egitura hormigoi armatuz.
Funtsak
aldatuBilduma hau osatzen dute, orobat, Gipuzkoako lurralde historikoaren erakundeek sortutako agiri ofizialek. Agiri zaharrenak XV. mendekoak dira, eta XX. mendearen amaiera arteko agiriak gordetzen ditu. Jakina, denbora joan hala, Batzar Nagusien eta Aldundiaren agiri berriak jasotzen ditu. Egoitza Tolosan dauka, 1904an berariaz eraikitako eraikin batean[3].
Gordetzen diren agirietan gai eta mota askotakotakoak daude, Batzar Nagusiek eta Aldundiak mendez mende izan dituzten eskumenak, zereginak eta jarraitutasuna aldagarriak izan baitira: egintza administratiboen aktak, ordenantzen koadernoak, foru bildumak, aurrekontu eta kontabilitate publikoaren agiriak, probintziaren arielak, kaparetasun irizpenak, eta gai aniztetako espediente administratiboak (ongintza, nekazaritza eta basogintza lanak, soldadutzarako salbuespenenak, eskola edo kultur erakundeei emandako laguntzak, eta abar). Horrez gain, funts honetan gordetzen da Irungo pasabideko kontrabandoa[4] zaintzeko ardura zuen esportazio alkatearen agirien bilduma; erakunde hori probintziaren mende egon zen 1475 urteaz geroztik.
Gipuzkoako erakundeen oinarrizko funts honez gain, Tolosako artxiboaren egoitzan gordetzen dira beste bilduma hauek:
- Gipuzkoako korrejimenduaren funtsa: korrejidorea erregeren ordezkaria zen Gipuzkoan. Korrejidoreak justizia esparruan eskumen zabalak zituenez, era horretako agiri ugari biltzen ditu (auzi zibilak, ondasunen exekuzioak, hartzekodunen konkurtsoak, auzi penalak, eta abar). Gobernu eskumenak ere bazituenez, korrejidoreak Gipuzkoako udalen ogasunen gaineko fiskalizatze espedienteak gordetzen dira (kontu likidazioak eta gisakoak). Orobat, XVI. mendetik 1841. urtera bitartekoak dira, urte horretan kendu baitzen korrejimendua[5].
- Tolosako notaritzako protokoloak: XVI. mendearen hasieratik baimendutako jatorrizko izkribuen bilduma ordenatuak gordetzen dira.
- Bestelako artxibo eta bildumak: Gipuzkoako beste zenbait erakunde publikoren edo pertsona pribatuen artxibo eta funtsak ere gordetzen dira (besteak beste, Indalecio Ojangurenen[6], Juan San Martinen[7], Sigfrido Kochen[8] eta Xabi Oteroren[9] argazkitegiak).
Gaur egungo egoitza aurrerapen berrienaz hornitutako artxibo zentroa da. Funtsak online ere kontsultatu daitezke[10]. Ikerlarientzako ohiko zerbitzuez gain, jende ororentzako ekintzak ere antolatzen ditu artxiboak (hala nola, ikastaroak, erakusketak, bisita gidatuak, bekak, dirulaguntzak, argitalpenak, e-liburuak eta abar).
Erreferentziak
aldatu- ↑ (Gaztelaniaz) «Manuel Echave y Zalacaín | Real Academia de la Historia» dbe.rah.es (Noiz kontsultatua: 2020-12-06).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Archivo provincial de Guipúzcoa» www.rutasconhistoria.es (Noiz kontsultatua: 2020-12-06).
- ↑ (Gaztelaniaz) Donostitik. (2019-02-20). «Donostitik.com // Periódico digital de Donostia» Donostitik (Noiz kontsultatua: 2020-12-06).
- ↑ Gascon, Ainara Arratibel. «Gerrek markatutako zubia» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-12-06).
- ↑ (Gaztelaniaz) Truchuelo García, Susana. (1997). «La fijación de la audiencia del corregimiento de Gipuzkoa en el entramada corporativo provincial» Monarquía, imperio y pueblos en la España moderna. Fernández Albaladejo, Pablo (ed.) (Universidad de Alicante): 353-363..
- ↑ «Indalecio Ojanguren argazki bilduma» Gure Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2020-12-06).
- ↑ «Juan San Martin argazki bilduma» Gure Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2020-12-06).
- ↑ «Sigfrido Koch argazki bilduma» Gure Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2020-12-06).
- ↑ «Jauzarrea | euskal kulturaren azterketa eta zabalkunderako funtsa» jauzarrea.com (Noiz kontsultatua: 2020-12-06).
- ↑ «GFAren artxiboetako dokumentuak kontsultatzeko Web-a» dfg.odilo.es (Noiz kontsultatua: 2020-12-06).
Bibliografia
aldatu- Fausto Arotzena (1947) Los protocolos guipuzcoanos. Donostia.
- Askoren artean (1990) 1530–1990: Batzarre eta Aldundietako Artxibategitik Gipuzkoako Artxibategi Orokorrera. Tolosa.
- Jose Berruezo (1953) Historia del Archivo General de Guipúzcoa. Donostia.
- Juan Jose Munita (1887) Índice de los documentos y papeles del Archivo General de la M.N. y M.L. Provincia de Guipúzcoa existente en la Iglesia Parroquial de la M.N.L. y V. Villa de Tolosa. Donostia.
- Nikolas Soraluze Zubizarreta (1866) Fueros de Guipúzcoa, títulos adicionales y consideraciones, reglamento, sumario histórico, etc., etc. Madril.