Gabarraren ospakizuna (2024)

Gabarraren ospakizuna, 2024ko apirilaren 11n, Athletic Clubek 2024ko Espainiako gizonezko futboleko Errege Kopa irabazi ondorengo ospakizun masiboa izan zen. Ibaizabal itsasadarran zehar, milioi bat lagunek baino gehiago ikusi zuten gabarra zuzenean[1]. Bilboko Itsas Museoan gordetako gabarra berriro atera zuren itsadarrera, eta ibaian gora bidea egin zuen 11ko arratsaldean, Getxotik Bilboko udaletxe pareraino.

Gabarraren ospakizuna
Irudia
Motavictory parade (en) Itzuli
Data2024ko apirilaren 11
KokalekuBilboko itsasadarra

Zeharkaldia aldatu

Areetako (Getxo) Abrako kirol portutik atera zen gabarra. Bi orduko bidea kalkulatu zen Bilboko udaletxeraino iristeko baina hiru hartu zituen.

Zeharkaldiaren nabigazioa antolatu zuten Bilboko Portuko Agintaritzak, Euskal Herriko Itsasertz Mugarteak eta Bilboko Itsas Kapitaintzak. 160 ontzitara mugatu zen gabarra lagunduko zuten ontzien kopurua, eta horietan 110 ontzi pribatuak izan ziren, zeintzuei kanona ezarri zuen Athleticek, 250 eta 3.000 euro artekoa.[2] Kirol elkarteetako 32 traineruk ere eskoltatu zuten gabarra tarte desberdinetan.[3]

Ikuskizuna osatu zen Udaletxetik egindako agerpenarekin lehenbizi, eta Foru Jauregian gero.

Aurrekariak aldatu

Athletic Clubek 1925eko egin zuen gabarra ibilbide itsasadarrean lehen aldiz, aurreko urtean Olabeagako Acero Club taldeak antzeko ikuskizun/ospakizuna egin ondoren.[4]

Hurrengo aldia, bigarren gabarra ospakizuna, 1983an izan zen,[5] liga irabazi ostean, eta errepikatu zen hurrengoan, 1984ko maiatzaren 7an, astelehen batez, Athleticek Espainiako gizonezkoen futboleko 1983-1984ko liga irabazi ondoren.[6] Urte berean Errege Kopa ere irabazi zuen Athleticek, Espainiako futbolean doblete esaten dena eginez, eta hortaz ospakizunerako motibo handia egon zen.[7] Hain zuzen ere Kopa hori berriz irabazi arte 40 urte igaro ziren, eta baita gabarra berriz ateratzeko.

1984-2024 tartean, dena den, beste garaipen batzuk izan ditu Athleticek, gabarra ateratzeko motibo izan ez zirenak. 2015ean eta 2020an Espainiako Superkopa irabazi zuen, eta ez zen egon gabarrarik.[8] Emakumezko Athletic taldeak, bestalde, 2003, 2004, 2005, 2007 eta 2016 urteetako Espainiako liga irabazi zuen, eta ez zen horietan ere gabarrarik izan. 2016ko kasuan, hain zuzen, erreibindikazioa ere zabaldu zen Bilbon, emakumezko jokalariek merezi zutelakoan, baina ez zen antolatu, nahiz eta erreibindikazioa 30.000 izenpe jaso zituen eskaera batek babestu[9]

2024ko maiatzeko zeharkaldian, 1984ko gabarra bera erabili zen. 1925ekoa beste ontzi batean egin zen.

Irismena aldatu

EITBk euskarazko ETB1 katetik zein ETB2tik gaztelaniaz eman zuen gabarraren ibilbidea, aurrekoak eta ondorengoak luze tratatzeaz gain. Euskarazko katean emanaldiak %7,8ko ikusle kuota izan zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (33.000 ikus-entzule). ETB2ko emanaldiak, berriz, %30,3ko kuota izan zuen (111.000 ikus-entzule).[10]

Nazioarteko hedabideek dexenteko jarraipena egin zioten halaber ospakizunari.[11]

Kritikak aldatu

Ekitaldiaren alderdi komunikatiboak, bereziki udaletxeko balkoitik zuzendutako mezu eta partehartzeak, kritikatuak izan ziren euskararen erabilera eskasagatik. Kritika zuzena egin zuen adibidez Ramon Basaldua kazetariak Bizkaia Irratian.[12] Bizkaian euskarak daukan ehunekoaren dezente azpitik geratu zen haren erabilera ekitaldian, Martxelo Otamendik salatu zuenez.[13]

Biharamunean Bilbo eta itsasadarraren inguruak zein zikin zeuden deigarri egin zitzaion askori, eta garbiketarako prebisio eskasa ere salatu zen ondorioz.[11]

Aurrekarien artean emakumeen taldearen garaipenetan gabarra ez ateratzea ere gogoratu zen kritiken artean. Hurrengo baterako egoera zuzenduko zela adierazi zuen Iraia Iturregik, Athleticeko jokalari eta entrenatzaile izandakoak, komentzituta zegoela hurrengo garaipenean emakumezkoen taldeak beteko zuela gabarra.[14]

Iruditegia aldatu


Erreferentziak aldatu

  1. https://elpais.com/deportes/futbol/2024-04-11/apoteosis-en-bizkaia-al-paso-de-la-gabarra.html#
  2. Mujika Telleria, Beñat. (2024-04-09). «Milioi bat lagun itsasadarrean» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-04-19).
  3. «160 ontzik eta 32 traineruk lagunduko dute dagoeneko uretan dagoen gabarra ostegunean» EITB 2024-04-07 (Noiz kontsultatua: 2024-04-19).
  4. (Gaztelaniaz) «Qué es la Gabarra 'Athletic', el origen e importancia de esta embaración» LaSexta 2024-04-11 (Noiz kontsultatua: 2024-04-17).
  5. «Peña GABARRA Athletic - Puerto de Bilbao» www.gabarra-athletic.eus (Noiz kontsultatua: 2024-04-19).
  6. (Gaztelaniaz) Gil, Lorena. (2024-04-08). «En 1984 la gabarra llevó a suspender las clases en Bizkaia: al colegio solo a la mañana, sin transporte escolar de vuelta...» El Correo (Noiz kontsultatua: 2024-04-17).
  7. (Gaztelaniaz) cuesta, gabriel. (2016-07-13). «El doblete como emblema de la época Aurtenetxe» El Correo (Noiz kontsultatua: 2024-04-18).
  8. (Gaztelaniaz) «Cuántas Supercopas de España tiene el Athletic Club» Relevo 2024-04-02 (Noiz kontsultatua: 2024-04-18).
  9. (Gaztelaniaz) «El día que el Athletic femenino convirtió la Gabarra en una cuestión de estado» Relevo 2024-04-12 (Noiz kontsultatua: 2024-04-18).
  10. Urkizu, Urtzi. (2024-04-12). «Gabarraren saioak %30,3ko ikusle kuota izan zuen ETB2n; %7,8koa, ETB1en» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-04-17).
  11. a b Intxausti Castiñeira, Nerea. (2024-04-12). «CNN, Corriere Della Sera eta Independent nazioarteko egunkariek aipatu dute gabarra» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-04-17).
  12. Basaldua, Ramon. (2024-04-15). «Hausnarketatxo bat Bilboko Udaletxeko balkoian bizi izandakoaz» X (Twitter) (Noiz kontsultatua: 2024-04-17).
  13. Otamendi, Martxelo. (2024-04-13). «Kirolariak eta euskara» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-04-17).
  14. (Gaztelaniaz) «Iturregi: Estoy convencida de que la siguiente vez que las chicas ganen un título van a ir en la gabarra» EITB 2024-04-11 (Noiz kontsultatua: 2024-04-19).

Kanpo estekak aldatu