Francisco Aldarondo Badiola

Francisco Aldarondo Badiola, (Ondarroa, Bizkaia, 1949ko irailaren 7a - Izaskun, Gipuzkoa, 1979ko urriaren 17a) ETA eta Komando Autonomoak erakunde armatuetako kidea izan zen. 1977ko Amnistia dekretuaren ostean kalera irten zen azken euskal preso politikoa izan zen. 1979ko urriaren 17an Guardia Zibilak Izaskungo baserri batean inguratu eta tiroka hil zuten.

Francisco Aldarondo Badiola
Bizitza
JaiotzaOndarroa1949ko irailaren 7a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaIzaskun1979ko urriaren 17a (30 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
KidetzaKomando Autonomo Antikapitalistak
Euskadi Ta Askatasuna
Izengoitia(k)Fran eta Ondarru

Familia giroanAldatu

Ondarroan jaioa, hiru seme-alabetako bigarrena izan zen Fran Aldarondo. Lorentzo Aldarondo eta Lorea Badiolaren semea. Aita arrantzalea, ama arrain saltzailea ofizioz. Itxasoari lotutako familia batean hazitakoa zen Fran.

1951ako martxoaren 14ean, artean berak bi urte zituela, aitak ezbehar bat izan zuen itsasoan beharrean ari zela San Candido baxurako arrainontzian. Itsasoak eraman zuen. Eta haren amak, Loreak,  hirugarrenaren esperoan egonik, egoerari aurre egin behar izan zion arrain saltzaile, Ondarroan arrantzatutako arraina Markinako kaleetan salduz.  

GaztaroaAldatu

Itsasoan galdutako arrantzale baten seme izanda Sanlucar de Barramedako Itsasoko Umezurtz eskolan izan zuen aterpe haurtzaroan. Ondoren, Madrilen Josulagunen ikastetxe batean egin zituen ikasketak eta azkenik, “Maisutza industriala” ikasi zuen Arrasaten.

Herrira bueltaAldatu

Gustuko zituen futbola eta mendia. Aurrera futbol elkartean aritu zen eta baita mendi irteera askotan parte hartu ere.  Hemeretzi urte zituela hasi zen lanean, kaian eta, geroago, Markinako Esperanza y Cia arma lantegian arituko zen, tornoan.

Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokanAldatu

Sasoi hartako egoera puri-purian bizi izan zuen Franek. Frankismo garaia bizi izan zuen Ondarroa bezalako herri bizi batean. Berehala lotu zen borrokara. Mendi irteerak, futbola, euskalduntasunaren berpizkunde garaia… kontzientzia politiko eta herritarra hartzen joan zen bere lagunekin batera.  

Ezagutzen zutenek, ETA erakundean 1972an sartu zela diote. Geroago, 1974ko zatiketaren ondoren, ETA(pm)-ra lerrotzea erabaki zuen. Guardia Zibila Fran atxilotzen saiatu zen 1975eko apirilaren 25ean. Haren etxera jo zuten baina Franek etxeko leihotik ihes egin zuen. Ipar Euskal Herrian ihesean zela sumatuko zituen gerora zuzendaritzaren eta Berezienartean izango zen barne liskarrak.

Erorketa- Ahaztuko ez zuen martxoaren 8aAldatu

1977ko martxoan, ETA(pm)ren zuzendaritza Espainiako Gobernuarekin negoziatzen ari zen bitartean, Guardia Zibilak automobil bat gelditu zuen Itsason (Gipuzkoa) jarritako kontrol batean. Autoan hiru bidaiari zihoazen Sebas Goikoetxea (Ibarrakoa), Nikolas Mendizabal Zaharra (Zaldibikoa) eta Fran bera. Lehen bi kideak tiroketan erail zituzten eta, Aldarondo, arin zaurituta atxilo hartu zuten[1].

1977ko martxoaren 8an atxilotu ninduten Itxason. Tiroka jardunean zauritua izan nintzen balaz. Bala batek ukitu txiki bat egin zida bizkarrean eta beste batek ezkerreko oina zulatu zidan behatz txikiaren gaineko aldetik sartuz eta orpotik ateraz

Martuteneko espetxera eramango zuten ondoren baina, horren aurretik, tortura bizi izan zuen sei egunez. “Inoiz, sekula, ez nuen pentsatu ere izan halako egoera eta sentsazio ikaragarririk izan eta gerta zitekeenik”.

Egun horietan zehar bizitako testigantza ikaragarriak jasoak daude:

Uniformedunak batzuk, paisanoak besteak, nonahitik kolpeak jaurtikiz gorputz osora (…) nire oroimenean erdi erotua, txoratua bezala ikusten nintzen (…) Tortura honek ez du neurririk, pasa ezik ezin esan, ezin pentsa, hango larri une beltzaren salbajismoa”.

EspetxeanAldatu

Martuteneko kartzelan preso egon zen garaian buru belarri aritu zen preso sozialei laguntzen, garai hartan, COPEL koordinadoran antolatuak zirela. Franek eskakizunetan inplikatu eta elkartearekin bat egin zuen. Besteren artean, protesta batean, koilaratxo batzuk irentsi zituen, hil artean barruan izan zituenak. Babes ekimen honen ondorioz 26 egun ezarri zizkioten espetxeko zigor ziegan.

Espetxetik irten zenean ETA eta COPELen pegatina bana zeramatzan paparrean. Bertan egin zituen adierazpenetan argi ikus daiteke bere jarrera: “Ez du axola azpen preso politikoa izatea. Oraindik preso sozialak falta dira, marjinatuak; lanerako amnistia eta erbesteratuak itzul daitezen segurtasuna ere falta dira. Batzordeetan lanean jarraituko dut, baita COPEL laguntza batzordean ere amnistia osoa, askatasun osoa, Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa lortu arte”[2].

Azken euskal preso politikoaAldatu

1977ko sasi amnistiaren azken preso politikoa izan zen Fran. Urte bereko azaroaren 13ko Egin egunkariko izenburuetara ekarri zituzten horrela bere amaren hitzak “La amnistía que no llega ¿Por qué no liberan a Fran Aldarondo?

1977ko martxoaren 11n atera zuten amnistia dekretuak urte hori baino lehenagoko auziei soilik eragiten zieten. Eta beraz, espetxean ziren euskal preso politikoak kalera ateratzen hasita, Fran Aldarondo azken preso politikoa izan zen garai batez.

Euskal Herriko txoko ugarietan kanpaina eta mobilizazio handiak egin ziren haren askatasunaren alde, bereziki bere jaioterrian, Ondarroan. Eragile politiko andana bat batu ziren bere askatasunaren aldarrietara: Liga Komunista Iraultzailea (LKI), Euskal Iraultzarako Alderdia (EIA), Euskadiko Mugimendu Komunista EMK (MCE), Langile Abertzale Iraultzaileen Alderdia LAIA, Euskal Herriko Karlista Alderdia EKA, Gazteria Abertzale Iraultzaile GAI, Euskaldiko Gaztedi Abertzaleen Mugimendua EGAM , IT, GKL, EGG, CC.OO. …

Eta ekimenak ere, anitzak izan ziren: sinadura bilketak, 2.000 herritarrek parte hartzen zituzten asanbladak, manifestazioak, itxialdiak… Greba orokorra deitu zen Ondarroan Azaroaren 26rako eta bai bete ere. Herri osoa geratu zen. Lantegi, denda eta taberna guztiak itxi ziren.

Harrera- Umetxo ba al dakizu esku hori norena den?Aldatu

Azkenik abenduaren 9an kaleratu zuten[3]. Ondarroan harrera jendetsua egin zioten: milaka lagun bildu ziren Aldanondori ongi etorria egiteko.[4].

Neguaren atariari dagokion eguraldi ilun eta itsusia, euria ere bai tarteka. Kopetilun eta lainotsu itsasoa, kaioak lehorrean, patxadatsu batzuk hondartzan, zelatari besteak elizako gailurrean, ibaian gora eta behera hegan.

- Itsaso txarra… denboralea gaur arrantzaleentzat- diozku arrantzale zahar eta goiztiarrak.

Lehorrean gauden ondarrutarrontzat ordea, egun distiratsu eta gogoangarria gaurkoa.

Eguerdiko ordu batean, jendez gainezka agertzen zaigu Arrigorriko bihurgunea. Herritar eta kanpotar, adin guztietako jendea, umeak gurasoen lepo gainean, txistulari, dantzari eta musika joleak… denak nahasiak. Denak adi. Alaitsu eta urduri.” Idatzita utzi du Imanol Orumezagak egun hartako testigantza.

“Fran herriratu zaigu!” Gipuzkoatik sartu zen Aldarondo herrira, turrun hotsak entzuten ziren artean herri osoan. Kresala Kultur elkarteko dantzariak aurretik bidea irekitzen, Jo ta Apurtu kuadrila atzetik alaitzen, eta bera erdian, irribartsu bezain lotsati, 2CV baten gainean etxekoez inguratua. Leiho eta balkoietan ikurrinak, ongi etorri mezuez eta mezu politikoz betetako oihalak nonahi: Fran herria zurekin, borrokalariak zuen zain gaude, denok bat herri baten alde, exiliatuak etxera amnistia orokorra, mugaren bi aldetan dugu aberria, zu eta gu Herriaren alde…

Herri osoak txalo, oihu eta abesti artean hartu zuen Aldarondo. Eta herria osorik zeharkatu zuen kalejirak. Une hunkigarri asko bizi izan ziren. Horietatik bat izan zen Kanttoipe kalean gertatutakoa. Autoa gerarazi eta bertan zen etxe batera sartu zen. Miren Arantzamendi Mugartegiren bizilekua. 63 urteko emakumea ohean aurkitzen zen, egun batzuk lehenago Franen askatasunaren alde Donostian egindako manifestazioan poliziak emandako gomazko pilotakada baten ondorioz. Hari besarkada bat ematea izan zen Aldarondoren nahia. Herriaren aurrera heldu zen jada jendez lepo zegoen enparantzara. Omenaldia egin zioten herritarrek.

Amnistiaren Aldeko herri batzarreko partaide batek hitz hauek jarri zituen zorrotz “Amnistia ez da osoa oraindik. Azkena irten da, baina nork bermatzen du gaur edo bihar bertan preso gehiago egongo ez direna?”. Jakin gabe, hurrengo egunean bertan, beste herritar bat atxilotuko zutela. Gaizka. Megafoniatik Gora ETA esateagatik. Libre utzi bazuten ere, gutxira ikusiko ziren berriz espetxean betetzen hasten [5].

Aldanondok omenaldia eskertu ondoren gogoan izan zituen Sebas Goikoetxea eta Nikolas Mendizabal Zaharra, iheslariak, preso sozialak eta borrokan hildako guztiak. Minutu bateko isilunea egin zuten hauen oroimenez, eta Eusko Gudariak abestu zuten.

Umetxo, ba al dakizu esku hori norena den? Euskadiren eskua duzu, zu handitzen zarenerako hobea eta librea izan nahi duen euskadiren eskua. Eta hik Fran, ba al dakik eskutxo hori norena den? Etorkizunaren eskua duk. Umetxo baten etorkizunak diktadura osoa merezi du” Egin egunkarian argitaratua.

Berriz borrokanAldatu

Harrera egunean, herriko kaleetan barrena eta, herritarren txalo artean, errealitateaz jakitun zen Aldarondo. Bere gertukoek adierazia bezala, giroa bero, burua hotz. Jakin bazekien orduko herriratze hori Euskal Herriaren, eta modu berezian bere herriaren, lorpen bat izan zela. Frankismo osteko lorpen horiek (ikurrinaren legeztatzea, alderdien erdi legeztatzeak, askatasun haize horiek…) onartuta ere, egiteko asko zegoenaren ustea zuen.

Martuteneko espetxean zela, Azkoitiko Frantzisko Xabier Larrañaga Peru preso politikoarekin harreman handia egin zuen eta,  1978 aldera elkarrekin sartu ziren Komando Autonomo Antikapitalistetan.

ErailketaAldatu

Guardia Zibilen tiroek hil zuten Aldarondo, 1979ko urriaren 17an, 30 urte zituelarik. Tolosatik hurbil aurkitu zuten haren gorpua, Izaskun auzuneko Maita Goikoa baserriaren inguruan.

Guardia Zibilaren 522. komandantziak emandako agiri baten arabera, Aldarondo «ihes egiten saiatu zen leiho batetik ateraz, eta granada bat jaurti zuen, taldeko agente batzuk baserria miatzen ari zirela irrati-igorle ezkutu baten bila».

Lekukoen bertsioa, aldiz, erabat ezberdina zen: «Hamabi eta erdiak aldera tiroketa handi bat entzun genuen, eta goialdetik gorpu bat amiltzen ikusi. Baserritik hurbileko belaze batean gelditu zen, artean bizirik. Behean gelditutako guardia zibil batek, hurbildu, eta tiro egin zion berriro». .[6][7]

Fran Aldanondoren gorpuak hamabost bala zulo zituen, gehientsuenak bizkarraldean. [8][9]. Nortasun Agiria aldean eduki arren Gobernuak ez zuen haren nortasuna adierazi, Egin egunkariak publiko egin zuen arte.

Azken agurraAldatu

Bi egun geroago, Ondarroak 1977an egin zion agurra errepikatu zuen. 1979ko ikurrinek alta, dolu ikur beltzak zeramatzaten gainean, eta agurra malko artean egin zen. Mobilizazio ugari egin ziren Fran Aldanondoren hilketa salatzeko [10][11] .

Ondarroan Herri Batzarrak antolatuta greba orokorra egin zen urriaren 19an[12].  Herri osoa geratu zen honetan ere: taberna, saltoki eta lantegiak itxita inguruetan. Dolu ikur beltza zeraman ikurrina jarri zuten udal balkoian. Balizko agindu ofizialei jarraiki bi Udaltzainek kendu zuten ikurrina. Hain zuzen ere, egun berean egin zen udal pleno berezian, ikurrina masta erdira jartzeko eskariari ezezko bozka eman zieten bi udal langileak.

Hileta elizkizunetan, hilkutxa estaltzen zuen ikurrina kentzeko agindu zuen apaizak eliza sartzerako. Hala egin zen. Minutu batzuetara,  hilkutxa elizara sartzen ari zen bitartean, bi hurbildu eta beste ikurrina bat jarri zuten kutxan. Apaizak oso modu txarrean kendu eta bota zuen. Arrabotsa sortu zuen gertakizunak, bai eta komunikabideetan oihartzuna izan ere. Horren aurrean, Loreak, Aldarondoren amak idazki ofiziala argitara eman zuen, bere hitzetan:

Ante el incidente ocurrido en la Iglesia por el hecho de que dos jóvenes colocaran la Ikurrina encima del ataud, siendo inmediatamente retirada bruscamente por el sacerdote D. Jesús Garitaonaindia, queremos dejar bien claro que dichas personas no fueron en ningún momento “intrusas”, sino personas bien conocidas por nosotros que gozaban y gozan de nuestra amistad y estima

Enparantzan bildu zen jendetza, 6.000 lagun baino gehiago gerturatu ziren, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik.  Eusko Gudariak batera Lepoan hartu ta segi aurrera abestu ziren.  Herri batzarraren erabakiz, hiru eguneko lutoa gorde zen herrian[13].

ErreferentziakAldatu

BibliografiaAldatu

Kanpo estekakAldatu