Katalina Eleizegi

euskal idazlea

Katalina Eleizegi Maiz (Donostia, Gipuzkoa, 1889ko apirilaren 6a - Lizarra, Nafarroa, 1963ko azaroaren 19a) euskal idazle bat izan zen; antzerkigile lanetan nabarmendu zen. Irakasle ikasketak egin ondoren, lan egin zuen Euskal Herriko zenbait lekutan, baina osasun arazoek eraginda, Lizarrara erretiratu zen, klima lehorragoaren babesera; izan ere, txikitatik arnas hartzeko arazo kronikoak izan zituen. Euskal antzerki modernoaren aitzindarietako bat izan zen.

Katalina Eleizegi

Bizitza
JaiotzaDonostia1889ko apirilaren 6a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaLizarra1963ko azaroaren 19a (74 urte)
Hobiratze lekuaPolloeko hilerria
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakidazlea
Lan nabarmenak

Literaturaren Zubitegia: 480

Biografia aldatu

 
Katalina Eleizegi, estudioko argazki batean.

Donostiako hiri barrenean bizi zen familia bateko lau senidetatik nagusia izan zen Katalina Eleizegi. Artzain Onaren katedralean bataiatu zuten jaio zen egun berean, 1889ko apirilaren 6an, Catalina Dominica izena jarrita;[1] Joxe Juan (1891), Juana Anbrosia (1893) eta Juana Maria (1897) izan zituen anai-arrebak. Gurasoak, berriz, Kaietano Maria Eleizegi Otegi (1868-08-07) urnietarra[2][oh 1] eta Juana Josefa Maiz Albizu donostiarra izan ziren.[oh 2] Gurasoak 1888ko apirilaren 17an ezkondu ziren, Artzain Onaren katedralean.[3]

Umetan gaizki sendatutako hotzeri baten ondorioz, arnas aparatuko arazoak izan zituen beti. Irakasle ikasketak egin zituen Burgosen (Espainia); tituludun euskal maistren lehen belaunaldikoa izan zen.[4] Irakasle gisa lan egin zuen Oiartzunen, Bidanian, Amasan eta Iturenen, baina osasun arazoek behartuta, eguraldi lehorragoko lekuak bilatu behar izan zituen. Horrela, barrualdeko herri askotan bizi izan zen: hasieran Donostian bere gurasoenean, baina, gero, Euskal Herriko beste herri batzuetara joan zen bizi izatera. Iruñean, Auritzen eta Madrilen bizi izan zen, eta gaztaroan bidaia asko egin zituen, Gipuzkoan eta Nafarroan barrena batez ere.[5]

Bere bizitzaren aldi luzeena, azken hogeita hamar urteak Lizarran egin zituen: Espainiako gerraren hasieratik hil arte hantxe bizi izan zen, Txapitel kaleko lehen zenbakiko[6] bi oineko etxean: goiko oinean, etxebizitza zegoen, eta han izan zituen Katalinak alokatuta bere logela eta egongela txiki bat; beheko oinean, berriz, etxe jabeen Etxegoiendarren ehorztetxea zegoen.[4]

Bizitza osoan arnas arazoak izanik, bere beldurra zen asmak eragingo ziola heriotza, baina ez zen hala izan: ahoko infekzio larri baten aurkako botikak eragindako erreakzio batez hil zen, 1963ko azaroaren 19an, hirurogeita hamalau urte zituela.[7]

Katalinaren izen-deiturez aldatu

 
Katalina Eleizegi (1916, Euskal-Erria aldizkaria).

Gaur egun, Katalina Eleizegi forma normalizatua izan arren, beraren bizialdian beste era batzuetan ageri izan zen idatzita haren izena. Gaztelaniazko testuetan, Catalina Eleicegui[8] edo Catalina de Eleicegui[9] erabili ohi zen, orobat. Euskarazkoetan, berriz, Kataliñ Eleizegi[10] edo Eleizegi'tar Katariñe[11], Aranak eta Elizaldek 1910ean euskal izen-deiturak idazteko proposatutako eran.

Azken forma horrek izan du oihartzunik: besteak beste, Koldo Mitxelena Kulturuneko katalogoan, Katalina Eleizegiren erregistroak izenburu honen barruan ageri dira: Eleizegi Maiz, Katariñe, (1889-1963);[12] eta Harkaitz Canok 1997an egindako azterketan Katariñe Eleizegi izendatzen zuen idazlea.[13].

Lanak aldatu

Donostiako aroa aldatu

Garbiñe (1916) aldatu

 
Garbiñe antzezlanaren eskuizkribuaren orri bat (iturria: Koldo Mitxelena Kulturunea).[14]

Garbiñe. Iru egintzetan eratutako antzerkia (1917, Tolosan, Eusebio Lopezenean)[15][oh 3]

Hiru ekitaldiko drama historikoa da, Eleizegiren lanik ospetsuena alde guztietara. Donostiako Udalak 1916an saritutakoa, 1916ko abenduaren 21ean Donostiako Antzoki Zaharrean jokatu zen lehen aldiz; hurrengo urtean Tolosan argitaratu eta urteetan antzeztua izan zen.[5]

Antzerki obraren istorioa XIII. mendean gertatzen da, nafarren eta musulmanen arteko gerra giroan, Larrain familia aberatsaren jauregian; ezinezko amodio baten istorioa da: Ibon eta Egurtza maitemindurik daude Liderekin; Lide bera eta Garbiñe, itsuturik Ibonekin. Korapilo horren inguruan gertatzen dira obraren hiru egintzak.

Oso kritika onak jaso zituen antzerki lana jendaurrean jokatu orduko; besteak beste, Toribio Altzagak biziki goratu zuen. Benito Pérez Galdósen Marianela antzerki obrarekin konparatua izan da, maitasunaren eta sakrifizioaren arteko uztarduragatik.[16]

Loreti (1917) aldatu

 
Loreti antzerki lanaren azala (iturria: Koldo Mitxelena Kulturunea).

Loreti (1917). Iru egintzetan eratutako antzerkia eta 1917garren urtean Donostiko Euskal-Ikustetan saritua (1917, Donostian, Loyola'tar Eneko Deunaren Irarkolan)

Hiru ekitaldiko drama historikoa da hau ere. Donostiako Udalak 1917an saritua, 1918ko abenduaren 21ean argitaratu eta antzeztu zen lehenengoz, Antzoki Zaharrean. Garbiñe-k baino harrera hotzagoa izan zuen arren, egileak kultura handia zuela berresten du lan honek. Kantabriar gerrateetan girotu zuen, kantabriarrak (hau da, orduan sinistu ohi zenez, euskaldunak) erromatarren aurka aritu ziren antzinako garaietan[oh 4].

Gaine (1929) aldatu

 
Gaine obraren lehen atala, El Día 1932-02-09.

Hiru ekitaldiko antzezlana da. 1932ko otsailetik apirilera bitarte argitaratu zen, El Día egunkarian,[oh 5] nahiz obra hiru urte lehenago amaitu zuen idazten Madrilen, 1929ko urtarrilaren 18an.[oh 6] Ez da aurreko bi lanak bezain ezaguna. 1970eko hamarkadan girotuta dago, etorkizunean beraz: «emendikan berrogeinbat urtera gertatuko balitzake lez antzeztuko da» idatzi zuen Eleizegik sarreran. Europako hotel bateko batzar gelan hasten da, XX. mendearen hondarrean, baina bigarren ekitaldia XIII. mendeko giroa duen Atharratzeko jauregi batean gertatzen da.

Yatsu (1934) aldatu

Hiru ekitaldiko drama historikoa da. Saritua, argitaratua eta antzeztua izan arren, oso ale gutxi gordetzen dira liburutegietan. Frantzisko Xabierren familiaren izena daraman lan honetan 1512an Nafarroako konkista kontatzen du. Kritika onak izan zituen, abertzaletasun sentipena azpimarratzen zuelako; baina kontrako kritikak ere bai, testua gehiago landu beharrekotzat jo baitzuten antzerki kritikari batzuek.[17] Antzerki lana Donostian, Tolosan, Arrasaten, Bergaran eta Bermeon ―gutxienez― jokatu zen arren, gaur egun obra galdua dago, libretoa ez baita inon aurkitzerik.[18]

Lizarrako aroa aldatu

Eskuizkribu argitaragabeak aldatu

 
Katalina Eleizegi, Lizarran bizi zen garaian.
Brujaseko arilkia (1960) aldatu

Ekitaldi bakarreko «Gabonetako ipuina» da, Charles Dickensen ipuinen estilokoa. XIII. mendean dago girotuta, Flandriako Brujas hirian. Andre Susan jostuna (amama) eta Mady (biloba gaztetxoa) dira protagonistak. Aberatsen eta pobreen arteko desberdintasunak agerrarazten ditu, pobreen bizimodu gogorra erakutsiz. Lan hau ere Katalina Eleizegiren oinordekoek gordetzen dute.[18]

Erausoko Kateriñe (1962) aldatu

Hiru ekitaldiko drama historikoa da. Katalina Eleizegi bera hil eta gero antzeztua izan zen, baina ez da inoiz argitaratua izan. Antzezlan honetan Katalina Erauso moja alferezaren biografia kontatzen du. Erauso familiaren etxean hasten da, Donostiako mojen komentuan jarraitu eta Mexikon, azteken herrian amaitu. Kristau erlijioa eta azteken erlijioa agertzen dira. Lan hau Katalina Eleizegiren oinordekoek gordetzen dute, koaderno batean eskuz idatzita.[19]

Roldan (1963) aldatu

Hiru ekitaldiko drama historikoa da, Katalina Eleizegiren lan guztietan ezezagunena. Eskuizkribua amaitu gabe utzi zuen. Errolanen gertakari historikoan girotuta dago eta tartean ezinezko amodioa agertzen da. Katalina Eleizegiren oinordekoen esku dago, ohar sorta bat dela esan daiteke, obra amaitu gabe baitago.[19]

Kritikaren ikuspegia aldatu

Arrakasta aldatu

 
Loreti obraren esku programa, 1918ko abenduaren 21ean Antzoki Zaharrean (iturria: San Telmo Museoa).

Bere garaian oso harrera beroa izan zuten Eleizegiren lanek, kritikari eta ikusleen aldetik. Besteak beste, Toribio Altzagak oso harrera beroa egin zion Garbiñe obraren estreinaldiari:

« Maila altuko lan dramatikoa da, garapen zoragarria duena. Era harrigarri batez gainditu ditu antzerkia idazten eskarmentua duten makina bat autorek estropezu egin izan duteneko hainbat koska. Garbiñe obrak ez dirudi hasi berri baten lana, iristen ari den batena baizik. Hortik atera genezakeen ondorioa da Eleizegi andereñoa hasi berritan iritsi dela. Ongi etorria izan bedi.[16][oh 7] »


Gazte izanik ―27 urte zituen Eleizegik, Garbiñe lehen aldiz jokatua zenean, 1916an― antzerki idazle heldu baten dohainak ikusten zizkion Altzagak, bai dramatizazioan, bai pertsonaien ezaugarrietan, bai idazkeran.

Estreinaldian izandako arrakastaren oihartzunari esker, 1960ko hamarkadan Gazteluko Gazte Alaiak antzerki taldeak Gipuzkoako herri askotara eraman zuen Garbiñe antzezlana.[20]

Antzerki modernoaren aitzindari aldatu

Harkaitz Canoren ustez, Katalina Eleizegi «euskal antzerki modernoaren ama» izan zen.[21] Iritzi berekoa da Amaia Alvarez Uria idazle eta irakaslea: Eleizegik ongi ezagutzen zuen Euskal Herria, bazter askotan ibilia zen, kultura handiko emakumea zen, egoera ezin hobean zegoen euskal antzerkia idazteko.[22]

Idazteko aukera aldatu

Katalina Eleizegiren biografian bi elementu ikusten ditu erabakigarri Amaia Alvarez Uriak, XX. mendearen hasieran emakume batek idazle izateko ezinbestekoak:

« Virginia Woolfek esaten zuen emakume batek idatzi ahal izateko norberaren gela eta errenta bat behar zituela, eta berez, lekua eta denbora izanez gero, oso jarduera bideragarria zela emakumeentzat idaztearena, arkatza eta paper sorta bat besterik ez zelako behar horretarako. Katalinak baldintza hauek betetzen zituen: gurasoen errenta jasotzen zuen eta bere gela zeukan. Denbora luzea zeukan idazteko, gainera, ez zuelako lanik egiten (oso gutxitan eman zituen eskolak), eta ez zuen ez familiarik ez etxerik zaindu behar (ez zen ezkondu eta ez zuen seme-alabarik izan).[23] »

Donostiako aroan, hau da, Espainiako Gerra Zibilaren aurreko urteetan, gurasoen etxean bizi zelarik, idazle izateko ezinbesteko baldintza horiez gainera, Gabiñe obraren arrakastaren faktorea gehitu behar zaio; euskal pizkundearen giroak biziki laguntzen zuela antzerkia idaztera.

Gerra osteko Lizarrako giro hertsian, berriz, hasieran ezkontzaren eta seme-alaben bidea albo batera utzi eta ibilbide intelektual bat lantzeko erabakitzen zuen emakume bakarti batek ez zuen ia lekurik gizartean. Horregatik, Lizarrako lehen egunetan Katalina Eleizegik Santo Domingo komentuan hartu zuen ostatu, eta gerora ere han bilatu zuen babesa, ez bakarrik fededuna zelako, baizik gizarteak ematen ez zuen babesa eskain zezakeelako komentu batek bera bezalako emakume batentzat.[24]

Autoerbestea aldatu

Amaia Alvarez Uria irakasleak dio Katalina Eleizegiren erabakia, Lizarrara bizi izatera joateko, autoerbesteratze bat izan zela.[25] Arrazoi batzuk ere aipatzen ditu, nahiz aitortzen duen elementu asko falta direla Eleizegiren soslai biografiko sendo bat egiteko: osasun arazoez gain, erlijioaren eragina, idazteko giro lasai baten beharra, argitaratutako lanek jasotako kritika ezkorrak...[oh 8] Emily Dickinson amerikar idazlearekin parekotasunak aurkitzen ditu:

« Dickinsonek, Eleizegik bezala, bere bizitzaren zati handi bat pasatu zuen bere etxean sartuta eta asko idatzi zuen arren, ez zuen ia ezer argitaratu (...) Biek jaso zuten heziketa maila altua, euren garaiko emakumeekin konparatuz gero, eta biek izan zuten oso giro estua erlijioak haien bizitzan zuen eraginari begira. Osasun txarrekoak ziren biak, Dickinsonek gradualki ikusmena galdu zuen eta gaixobera zela diote bere garaiko ikertzaileek, Eleizegik bronkitis kronikoa izan zuen txikitatik eta osasun txarrekoa zela diote (...) Honekin batera beste arrazoi bat egon daiteke; rol femeninoa betetzeko presio sozialetik urrundu nahia senti zezakeen, hots, jendeak botatako balorazio eta epaietatik alde egitekoa.[26] »


Emakumeen irudiak aldatu

Katalina Eleizegiren antzezlanetan emakumeak dira gehienetan protagonista: Garbiñe eta Lide Garbiñe obran; Loreti eta Aztain-amona Loreti obran; Katxala Erausoko Kateriñe obran. Gai historikoetan oinarritzen diren istorioak direla kontuan hartuta, begien bistakoa da emakume protagonista ugariek erakusten dutela egilearen asmo zehatz bat: andrazkoen bizimodua eta esperientziak erakusteko gogoa.[27]

Orobat, Katalina Eleizegiren antzezlanetako emakume protagonistak «pertsona osoak dira, gizonaren baimen eta aholkurik gabe erabakitzeko gaitasuna duten banako askeak».[27] Garai hartako antzerki lanetan emakumezkoen irudi hegemonikoei begiratu bat emanik, bistan da Katalina Eleizegiren emakume protagonistek bi alde biltzen dituztela: batetik, eredu klerikal eta nazionalistaren araberako jokabideak gailentzen dira;[28] baina bestetik, emakumeak tradizioan izan duen rola eta lekua erakusteko disidentzia moduko bat agertzen du.[29]

Omenezko aipamenak aldatu

Donostian kale batek Katalina Eleizegi izena darama, Aiete auzoan; zehazki, Aiete eta Morlans auzoak elkartzen ditu.[30] Donostiako Udalak 1996ko otsailaren 19an hartutako erabaki batez izendatua izan zen.[31]

Bibliografia aldatu

Oharrak aldatu

  1. Aitaren bataio agirian, izena gaizki idatzita ageri da, «Cayetana».
  2. Amaren bataio agiririk ez da ageri Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoan.
  3. Garbiñe antzezlanaren eskuizkribua Koldo Mitxelena Kulturunean gordetzen da, 11 koadernotan (Fondo gordeak 091 ANT doc-59). Amaia Alvarez Uriak dioenez, antzezlanaren testuarekin batera, antzezpenari buruzko ohar edo jarraibideak daude eskuizkribu honetan, besteak beste, «notas de peluqería», emakumeen karakterizazioa nola egin behar zen zehatz-mehatz azalduta. Ikus Amaia Alvarez Uria (2011, 219-220. or.).
  4. Eusko-kantabrismoaren mitoaren edo teoriaren arabera, euskaldunek aurre egin zieten erromatarrei.
  5. Gaine antzerki lana 18 ataletan argitaratu zen El Día egunkarian, zehazki egun hauetan: 1932ko otsailaren 9an, 11n, 13an, 15ean, 17an, 18an, 19an, 20an, 24an, 25ean, 26an eta 27an; martxoaren 2an, 3an, 4an eta 5ean; eta apirilaren 15ean, 16an eta 23an.
  6. Gaine obraren 18. eta azken atalaren amaieran, leku-data hauek ageri dira: «Madrid'en 1929'en urtian Ilbeltza'ren 18'an».
  7. Toribio Altzagaren kritika gaztelaniaz idatzia zen, jatorriz honela: «(...) quien ha sorprendido con una obra dramática de altos vuelos, de desarrollo maravilloso, en que ha salvado por modo sorprendente escollos en que resbalan con frecuencia autores avanzados en lides teatrales. Garbiñe no parece la obra de una autora que empieza, sino de una que llega. De donde se deduce que la señorita Eleicegui al empezar ha llegao. Que sea enhorabuena».
  8. Maite Núñez-Betelu irakasleak ere erbeste kontzeptua aipatzen du, emakume idazle aitzindariek euskal literaturan bizi izan zuten egoera aztertzen duenean. Ikus Maite Núñez-Betelu (2008) «Exiliadas en su propia creación: la autoexclusión de las mujeres en la literatura vasca de ambos lados de los Pirineos» in Letras Femeninas 34. liburukia, 2. zk., 159-174. or. Asociación de Estudios de Género y Sexualidades. ISSN: 0277-4356.

Erreferentziak aldatu

  1. «Bataioa Catalina Dominica, Eleicegui, Maiz» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2023-04-10).
  2. «Bataioa Cayetana, Eleicegui, Otegui» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2023-04-10).
  3. «Ezkontza Cayetano Maria, Eleicegui, Otegui» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2023-04-10).
  4. a b Amaia Alvarez Uria (2007a), 2. or.
  5. a b Santi Onaindia (1977), 218. or.
  6. «Txapitel kalea, Lizarra» OpenStreetMap (Noiz kontsultatua: 2021-04-24).
  7. Amaia Alvarez Uria (2007a), 5. or.
  8. Ikus, adibidez, «De teatro vasco», Euskal-Erria 1916-01, 319. or.
  9. Ikus, adibidez, «De teatro vasco», Euskal-Erria 1918-07, 541. or.
  10. Ikus, adibidez, Juan Ignacio Uranga (1906) «Euskal jayak» in Euskal-Erria, 1906-01, 572. or.
  11. Adibidez Gaine obraren argitalpenean, El Día egunkarian, 1932-02-09.
  12. «Bilaketaren emaitzak - Eleizegi Maiz, Katariñe, (1889-1963)» www.kmliburutegia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-04-10).
  13. Ikus bibliografian, Harkaitz Cano (1997).
  14. Koldo Mitxelena Kulturunea, «Garbiñe Andere Katalin Elizagi'k yru antzezkitan antolatuba»; 11 koaderno ; 28 cm edo txikiagoak + gutunazal 1. Fondo gordeak 091 ANT doc-59.
  15. Ugarte Irizar, Itziar. (2023-08-15). «Literaturaren historia auzitan» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-08-16).
  16. a b Ikus El Liberal Guipuzcoano, 1916-12-24, 2. or.
  17. Amaia Alvarez Uria (2007 a), 15. or.
  18. a b Amaia Alvarez Uria (2011), 138. or.
  19. a b Amaia Alvarez Uria (2011), 139. or.
  20. (Gaztelaniaz) «Gazte Alaiak - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-04-26).
  21. Harkaitz Cano (1997), 1. or.
  22. Amaia Alvarez Uria (2007 a), 8-10. or.
  23. Amaia Alvarez Uria (2007 a), 4. or.
  24. Amaia Alvarez Uria (2011), 132. or.
  25. Amaia Alvarez Uria (2011), 126. or.
  26. Amaia Alvarez Uria (2011), 132-135. or.
  27. a b Amaia Alvarez Uria (2007 a), 17. or.
  28. Maite Núñez-Betelu (2001) Género y construcción nacional en las escritoras vascas. University of Missouri-Columbia. 149. or.
  29. Ikus Amaia Alvarez Uria (2011), 193-262. or.
  30. «Katalin Eleizegi kalea, Donostia» OpenStreetMap (Noiz kontsultatua: 2023-04-10).
  31. «Kaleen izenen historia - Kaleen izenen historia (csv) - CKAN» www.donostia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-04-10).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu