Estepako otsoa (Der Steppenwolf) Hermann Hesse idazle alemaniarrak 1927an argitaratu zuen eleberria da. Liburuak elementu autobiografiko eta fantastikoak nahasten ditu. Istorioak Hesseren mundu espiritualaren krisi sakona islatzen du. Eleberri honek nazioarteko arrakasta lortu zuen, nahiz eta Hessek aldarrikatu liburua oso txarto ulertu zela.

Estepako otsoa
Estepako otsoa liburuaren lehen argitalpena
Datuak
IdazleaHermann Hesse (1927)
Argitaratze-data1927
GeneroaEleberria
Jatorrizko izenburuaDer Steppenwolf
Hizkuntzaalemana
Herrialdea Suitza
ISBN0-312-27867-5
OCLC229130140
Euskaraz
IzenburuaEstepako otsoa
ItzultzaileaPello Zabaleta Kortaberria
Argitaratze-data1986
BildumaErdal literatura
Orrialdeak255
ISBN9788475293363

Argitaratzearen historia aldatu

1924an Hermann Hesse Ruth Wengerrekin ezkondu zen, bigarren aldiz. Hala ere, aste batzuk geroago Basileara joan zen, urte amaiera arte. Itzuli zenean apartamentu bat alokatu zuen, bakarrik bizitzeko. Alemaniara elkarrekin egindako bidaia batez aparte, emaztea ikusteari utzi zion. Isolamenduak eta kanpo harremanak edukitzeko ezgaitasunak etsipenera eta bere buruaz beste egiteko sentimenduetara eraman zuten. Hesse Estepako otsoa Basilean hasi zen idazten eta Zurichen amaitu zuen. 1926an, liburu honen aitzindari bat, The Crisis. From Hermann Hesse's Diary izeneko olerki liburua, argitaratu zen.

Argumentua aldatu

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.


Liburua protagonistaren eskuizkribu bat bezala aurkezten zaigu. Horrek, Harry Haller izeneko gizon heldua, eskuizkribua utzi zion ezagun bati, bera apopilo egon zen etxekoandrearen ilobari, hain zuzen. Honek ohar labur bat gehitu zion eskuizkribuari. Liburu barneko liburu honen izenburua Harry Hallerren oharkizunak (Eroentzat bakarrik) da.

Hasieran, protagonistak bere izaerari buruzhausnartzen du. Egun batean, paseatzen ari zelarik, antzerki magiko baterako iragarkia zeraman gizon bat aurkitu zuen. Honek liburuxka bat eman zion, Estepako otsoaren gainean erakusaldia (Ez edonorentzako) izenburukoa. Liburuxka hau osorik agertzen da liburuan, Harryk irakurri baizuen, eta oso ondo deskribatzen du Harryren izaera. Izan ere, bi izaera —gizakiena eta animaliena, estepako otsoena—dituen gizon baten hausnarketa da, eta bi izaerak etengabeko borroka batean daude.

Hurrengo egunean Harryk antzinako ikaskide bat aurkitu zuen, zeinak bere etxean afaltzera gonbidatu zuen. Han desatsegin sentitu zen bere lagunaren pentsamendu politikoagatik; horren kariaz, laguna iraindu zuen bere emaztearen margolan bat zela eta. Gizarte normal batean moldatu ezin zelako iritzia sendotu zuen pasadizo honek. Ez zuen Etxeratu nahi (bere buruaz beste egiteko gogoa zuelako) eta dantzaleku batera joan zen, non neska gazte bat aurkitu zuen —Hermine—, zeinarekin sakonki hitz egin zuen. Beste baterako geratu ziren eta honek bizitzeko arrazoi bat eman zion Harryri. Hurrengo asteetan Herminek dantzan irakatsi zion, baita maitale bat —Maria— bilatu ere.

Herminek Pablo izeneko saxofoi-jotzaile bat ere aurkeztu zion. Harryrentzat Pablo gizon burutsu baten ifrentzua zen. Mozorro-jantzien festa batean, Pablok bere “antzerki magiko” metaforikora eraman zuen. Han bere betiko kezkak eta bere buruari buruzko iritziak deuseztatu ziren, pasadizo irreal batzuetan parte hartu zuen bitartean. Azkenean, Hermine hil egin zuen laban batez, haren nahia betetzen, aidanez, eta Mozartek epaitu zuen. Zigorra bizitzari merezi duen begirunea emateko izan zen.

Pertsonaiak aldatu

  • Harry Haller: protagonista, gizon heldua.
  • Hermine: dantzaleku batean Hallerrek aurkitutako neska gaztea.
  • Pablo: saxofoi-jotzailea.
  • Maria: Hermineren laguna.

Euskarazko bertsioa aldatu

Itzulpena Pello Zabaleta Kortaberriak egin zuen eta 1986an, Elkar argitaletxearen eskutik, plazaratu zuen. (ISBN: 978-84-7529-336-3).[1]

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu

  1. https://www.elkar.eus/eu/liburu_fitxa/estepako-otsoa/hesse-hermann/9788475293363