Erakunde Militar Boltxebikea

Erakunde Militar Boltxebikea (errusieraz: Военные организации большевиков, Voiennie Organizatsii Bolxevikov) Armadan zeuden koadro eta zelula boltxebikeak biltzen zituen erakunde boltxebikea zen, 1917an sortutakoa. Armadaren barruan boltxebikeen propaganda hedatzeko eta Alderdiaren erakundeentzat armak biltzeko helburuak zituen, nagusiki. Ezin dugu erakunde hau Goardia Gorriarekin nahastu behar: hau Armada erregularreko soldadu profesional boltxebikeak biltzen zituen Alderdiaren erakunde bat zen; Goardia Gorria ordea, polizia lanak egiten zituen erakunde bolondres bat zen, gehienetan tokiko Sobieten menpe zegoena.

Aurrekariak aldatu

1905ean jada, Errusiako Alderdi Sozialdemokrataren sektore boltxebikeak borrokarako talde militarrak sortu zituen hainbat hiritan (San Petersburgon, Sebastopolen, Kronstadten, Saratoven, Nizhni Novgoroden, Krasnoiarsken, Rigan, Vladivostoken…), baina 1906an egin zen zelula guzti hauek biltzeko lehen saiakera, hortik gutxira zelula hauen antolatzaile gehienak atxilotuak izan baziren ere (Errusia mailako lehen bilera Finlandiako Tampere hirian egin zen, 1906ko abenduan). Talde hauen lehen egitekoa, eskuindarren kontrako kale-istiluetan alderdikideak babestea zen, eta kasu batzuetan Alderdiarentzat finantzazioa lortzea. Borrokarako “departamendu” honen burua Leonid Krasin zen, nahiz eta gehien nabarmendu zen militante bat Josif Stalin izan zen (Kaukason)[1].

Erakundearen sorrera aldatu

1914an Lehen Mundu Guda piztu zenean, Alderdi Boltxebikea, bere guda inperialistaren aurkako eta guda hau guda zibil iraultzaile bihurtzeko mezua zabaltzeko, armada barruan lan egin behar zuenaz jabetu zen. Hori dela eta, Armada erregularraren barruan talde militarrak antolatzea erabaki zuen.

1917an, Alderdi Boltxebikeak berriz pentsatu zuen halako zelulak koordinatzea, martxoaren 9an hartu zuen erabaki baten arabera zelula militarren Biltzar Nagusi bat prestatzeko 9 pertsona izendatu zituen Alderdiak, Mikola Podvoiski eta Vladimir Nevskiren zuzendaritzapean. Apirilaren 13tik 16ra egin zen halako zelulen lehen Biltzar Nazionala (43 erakunde ordezkatzen zituzten 167 ordezkari zeudelarik), orduan Erakunde Militar Boltxebikea “formalki” sortu zelarik (praktikan erakunde klandestinoa zen). Erakundeak bere egunkaria ere atera zuen: Soldatskaia Pravda (Soldaduaren Egia); tokiko zelulek beren aldizkariak era ateratzen bazituzten ere, adibidez Iparraldeko Frontekoak Okopnaia Pravda (Lubakietako Egia), Viborgekoak Znamia Borbi (Borrokaren bandera), Minskekoak Zvezda (Izarra), Tallinekoak Zvezda baita edota Helsinkikoak Volna (Oldea). Biltzar Nagusi honetan, erakundeak bere karguak hierarkia eta antolaketa propioa izango zuela erabaki zuten. Orduko giro iraultzailea zela eta, halako taldeen eragina hazi egin zen: lehenik, Petrograden eta gero Baltikoko Itsas-armadan garatu zen Erakunde Militarra (Helsinkin, Rigan eta Kronstadten, batez ere). Erakundearen burua Mikola Podvoiski izan zen, eta beste buru batzuk, Vladimir Nevski, Vladimir Antonov-Ovseienko, Pavel Dibenko, Nikolai Krilenko, Kliment Voroxilov, Mikhail Frunze, Fiodor Raskolnikov, Vasili Paniuxkin, Konstantin Mekhonoxin, Mikhail Kedrov eta Piotr Daxkevitx izan ziren[1].

Bai ekaineko manifestazioa antolatzen, zein Uztaileko Egunetan Erakunde honek paper handia izan zuen, batez ere Erakunde honetatik etorri baitzen Alderdia manifestazioetara bat egiteko presioa. Garai horietarako, Erakunde Militar Boltxebikeak 30.000 bat kide zituen, kalkulu ezberdinen arabera. Erakunde Militar Boltxebikea, normalean, Alderdiaren ezker-ildoarekin lerratzen zen, eta aukera txikiena egonez gero, matxinada armatuaren aldeko tesiak babesten zituen gehienetan[1].

Erakunde Militar Boltxebikeko kide askok Petrogradeko (eta beste hiri batzuetako) Komite Militar Iraultzailean ardura izan zuten, adibidez, Mikola Podvoiski Petrogradekoaren lehendakariordea izan zen. Komite Militar Iraultzaile hauek eratu eta berehala, Erakunde Militar Boltxebikeko kideek euren lana handitu egin zuten Urriko Iraultza prestatzeko. Alderdiak urriaren 20an eman zuen aginduaren arabera, Erakunde Militar Boltxebikeko kide guztiak tokiko Sobieten Komite Militar Iraultzaileen ordenen pe jarri behar ziren (ez Armadako komandanteen ordenen pe). Urriko Iraultzaren egunen bueltan, erakunde honek 50.000 kide zituen[1].

Erakundearen desegitea aldatu

Urriko Iraultzaren ostean, armada sozialista bat eraikitzeko beharra ikusi zuen Alderdiak. Abenduaren 26an egindako Komite Zentral Boltxebikearen eta Erakunde Militar Boltxebikearen arteko bilera batean, erabaki hori hartu zuten. Armada Gorria eratzeko lehen txostena Erakunde Militar Boltxebikeko buru Podvoiskik aurkeztu zuen. Alderdi Boltxebikearen VII Biltzar Nagusian (1918ko martxoa) Erakunde Militar Boltxebikea desagertu egin zen eta beren kideek Armada Gorria osatu zuten, Goardia Gorriarekin batera[1].

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e «Erakunde Militar Boltxebikea» K17.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-03).