Geografian, bocage (frantsesezko bocage, "baso txiki") paisaia eta landa-mota bat da, zuhaixka edo zuhaitz lerroek (heskaiek) eta harrizko murru txikiek mugatutako lursail txiki eta irregularrez osaturikoa. Landa-etxeak sakabanaturik izaten dira paisaia horretan. Europako Atlantikoko kostalde inguruan maiz agertzen den nekazaritza-paisaia da eta mendeetan zehar lursailetan behin eta berriz oinordekoen artean egindako zatiketen ondorioa da. Euskal Herrian, kantauri isurialdean maiz agertzen den paisaia da, han-hemenka baserriak daudela. Aberastasun ekologiko handiko eremuak dira, lursailen artean dauden lubaki, baso txiki, bidezidor eta estratei esker. Bertako nekazaritza eta abeltzaintza jardueren jasangarritasuna ere aipatu da, hainbat jardueraren arteko fluxuei esker, sistema itxi eta autonomo moduan funtzionatzen baitute. Egun, arriskuan dagoen paisaia da, nekazaritza-lanen gehiegizko mekanizazioa eta lursailen kontzentrazioa direla eta.

Frantzia iparraldeko bocage paisaia bat.

Kokapena aldatu

Euskal Herrian, kantauri isurialdean dago; Europan, berriz, Frantziako hainbat eskualdetan, hala nola Normandian, Bretainian, Mainen, Vendéen, Berryn, Creusen eta Erdialdeko Mendigunean; Irlandan, Ingalaterran, Galesen eta Eskoziako hegoaldean (Erresuma Batuan); eta Espainian, aldiz, kantauri isurialdean, Galizian, Asturiasen eta Kantabrian.

Kanpo estekak aldatu