Arabazozo pikart

Orban zuridun lumaje beltza duen arabazozoa Sturnus vulgaris. Ia Europa osoan ugaltzen da eta neguan oso talde handitan biltzen da lotarako.

Arabazozo pikarta (Sturnus vulgaris) sturnidae familiako hegazti paseriformea da, Eurasia eta mendebaldeko Asiako eskualde epeletan bizi dena.[1] Batez ere Europako erdialde eta iparraldean umatzen da. Euskal Herria haren banaketa eremuaren muga da. Populazioa neguan ugaritu egiten da, Europako iparralderagoko lurraldeetatik datozen hegaztiekin. Oro har, Euskal Herriko kostaldeko lurraldeetan arruntagoa da barnealdean baino; aldiz, Araban eta Nafarroa Garaian arruntagoa da arabazozo beltza (Sturnus unicolor).[2]

Arabazozo pikart
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaAves
OrdenaPasseriformes
FamiliaSturnidae
GeneroaSturnus
Espeziea Sturnus vulgaris
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Elikadura iturri nagusiaArtropodoa, nektarra, fruitua, alea, hazia, Lacertidaea, anfibioa, Ornogabea, Barraskiloa, Zizarea, inurria, Vespa, Apisa, Symphyta, kakalardoa, eulia, Trichoptera, Chrysopa intima, Dermaptera, Matxinsaltoa, Calopteryxa, Odonata, Ephemeroptera, Tineola bisselliella, Tipulidaea eta Armiarma
Zabalera0,38 m
Kumaldiaren tamaina2
Eguneko zikloaeguneko

Orban argiz apaindutako lumaje beltz distiratsua eta moko horia izaten ditu ugal-sasoian. Hortik kanpo beltzagoa da, mokoa ere bai. Ornodun txikiak eta fruituak jaten ditu, eta habia zuhaitzetako zuloetan egiten du. Lehen neguan baizik ez zen azaltzen Euskal Herrian; baina, egun, oso zabalduta dago.[3] Talde oso handietan ibiltzen dira, baita hirietako zuhaitzetan ere: oso erraz antzematen zaio, sortzen duten zalapartarengatik (txalo eginez gero, denak batera berehala isiltzen dira, baina segundo batez), zuhaitzen azpian sortzen den zirin-alfonbrarengatik, edo denak elkarrekin hegan egiten osatzen dituzten hodei itxurako taldeengatik.

Deskribapena

aldatu

Duela urte gutxi arte, gurea zen Europan arabazozoak umatzen ez ziren eremu bakanetako bat. Gaur egun pikartak iparretik, Frantziatik barrena, eta beltzak hegoaldetik, Ebro zeharkatuz, gure lurrera heldu dira.

Edonola ere, hemen ugaltzen ez bazen ere, pikarta antzinatik ezaguna zen gure ehiztari eta herrikideen artean, eta horren froga da euskaraz espezie honek izen bat baino gehiago izatea: arabazozoa, zozabarra, tordantza, arzozoa, eta abar.

Hegazti sendoa da, 21 cm ingurukoa tamainaz, ia zozo batena. Moko sendoa, nahiko luzea, konikoa eta zorrotza, buztan laburra eta karratua, hegoak zabalak oinarrian baina triangeluarrak, muturrean zorrotzak, hegaldia zuzen eta azkarra, astindu azkarrekin, batzuetan planeatu egiten du, batez ere lurreratzean.

Hala ere, hemen habiagilea baino ohikoagoa da pasean edo neguan. Neguan bere lumajea beltz distiratsua da, buruan, bizkarrean, eta bularrean isla berdexkekin, urdinxkekin edo moreekin, hego eta buztan arre-beltzaxkak, moko arre-grisaxka eta hankak arre argiak. Baina deigarriena orban argien ugaritasuna da, krema kolorekoak bizkarrean eta zuriak azpian, bere lumajea zipriztinduz, batez ere emeena.

Ugaltze-garaian bere beltza distiratsuagoa da, erreflexuan eta irideszentzian irabazi egiten du, baina ez da hain orbandua, orban gutxiago eta txikiagoekin, eta mokoa argitu egiten zaio, kolore horia hartuz. Gazteak ondo bereiz daitezke, arre tonu orokorra dute, ez beltza, eztarrian orban argiagoarekin.[4]

Biologia eta ohiturak

aldatu

Oso gregarioa da, baita ugalketa garaian ere, baina batez ere udazkenetik aurrera. Neguan normalean, milaka aleko taldeetan bildu ohi dira.

Korbidoei buruz esaten bada adimentsuak eta oso moldagarriak direla, arabazozoak ez dira atzean geratzen ingurune anitzetara egokitzeko gaitasunari dagokionez. Bereziki aprobetxatu ahal izan dituzte gizakiak ingurune naturalean sortutako aldaketak, haien laboreak inbaditu eta herriak eta hiriak kolonizatuz.

Omniboroa da. Ugalketa garaian intsektu, araknido, barraskilo eta bare, zizare eta beste ornogabe asko kontsumitzen ditu, baita fruta eta barazkiak ere, baina udazkenean hasita landare jatorriko elikagaien proportzioa asko handitzen da. Orduan, normalean kontzentrazio izugarrietan bildu ohi denez, izurrite beldurgarri bihurtzen da zenbait laborerentzat, hala nola mahastiak eta olibondoak.

Europako biztanleriaren zati handi batek gure lurraldea zeharkatzen du migrazioan. Urriaren amaieran eta azaroan hegoalderantz pasatzen dira, banda handietan. Oso hurbil egiten dute hegan, formazioa mantendu gabe baina talde itxian. Banda hauek modu bitxian erreakzionatzen dute belatzak eta beste hegazti harrapari batzuen arriskua saihesteko; erasoari aurre eginez, banda trinkoagoa bihurtzen da, arabazozoek hain hurbil egiten dute hegan, hain bloke estua osatzen dute, harraparia ez da ausartzen haietako bat harrapatzera hurbiltzen, masa itxiarekin talka egingo duen beldurrez.

Duela gutxi arte, haien taldeak trinkotzearen erreflexu berari jarraituz erreakzionatzen zuten, tiro egin orduko. Baina hegazti harraparien aurka baliagarria zena kontrakoa zen su-arma modernoen aurka, tiro berriek hondamendia eragiten zuen hain banda itxietan. Gaur arabazozoek justu kontrakoa egiten ikasi dute, tirokatu izan bezain pronto sakabanatu egiten dira, azkenaldian ikusten da haien taldeak horrela erreakzionatzen dutela ia salbuespenik gabe.

Espezie honen ugalketa biologia ez da zehazten; arabazozo beltzaren berdina da. Bakarrik zehazten da, azken honek bere habia eraikinetan jartzeko lehentasun garbia badu ere, arabazozo pikartak ia salbuespenik gabe zuhaitzen barrunbeetan egiten du.

Banaketa, habitata eta estatusa

aldatu

Jatorriz Europako eta Asiako klima boreal eta epeletakoa zen, baina gaur egun, gizakiak sartuta, hedapen global samarra du. Europa osoa okupatzen du, Iberiar penintsula izan ezik eta mendebaldeko Mediterraneoko uharteak. Duela gutxi Iberian sartu da Kantauri eta Kataluniako eremuan barrena.

Euskal Herrian lehen nukleo bat agertu zen, hirurogeiko hamarkadan. Irun Hondarrabia eremuan. Gaur egun gure Kantauri isurialdean populazio multzo txikietan agertzen da, baliteke noizbait eremu hau gainditu izana.

Badirudi bere hedapena erritmo irregularrean doala, gora-beherekin, urte batzuetan ugariagoa da eta beste batzuetan urriagoa, tokian-tokian izan ezik, hemen oraindik ez da ugaria.

Kantauri landa eremuan sakabanatuta dauden haritz zaharren eta beste hostodun zuhaitz batzuetan ugaltzen da, non laboreetan eta belardietan jaten ikusten den, abereek bazkatzen dutenetan batez ere.

Taxonomia

aldatu

Arabazozo pikartak hainbat azpiespezie ditu[5]:

  • Sturnus vulgaris vulgaris (Linnaeus, 1758)
  • Sturnus vulgaris faroensis (Feilden, 1872)
  • Sturnus vulgaris zetlandicus (Hartert, 1918)
  • Sturnus vulgaris granti (Hartert, 1903)
  • Sturnus vulgaris poltaratskyi (Finsch, 1878)
  • Sturnus vulgaris tauricus (Buturlin, 1904)
  • Sturnus vulgaris purpurascens (Gould, 1868)
  • Sturnus vulgaris caucasicus (Lorenz, 1887)
  • Sturnus vulgaris porphyronotus (Sharpe, 1888)
  • Sturnus vulgaris nobilior (Hume, 1879)
  • Sturnus vulgaris humii (Brooks, 1876)
  • Sturnus vulgaris minor (Hume, 1873)

Beste izen batzuk

aldatu

Anitz izen ditu euskaraz: arabazozo, artxipote, artxoxo, auseta, behor-txori, dorrezozo, gaztelazozo, haragi-zozo, kanpozozo, kastillazozo, larzozo, naparzozo, tordantxa, tordokanpanario.[2]

Erreferentziak

aldatu
  1. BirdLife International (2004). Sturnus vulgaris. 2006. IUCN Red List of Threatened Species. IUCN 2006
  2. a b Araba zozo pikarta. Txoriak.eus (Noiz kontsultatua: 2017-08-25).
  3. Larrañaga, Jon. (1996). Euskal Herriko fauna (ornodun lehortarrak). Elhuyar, 212 or. ISBN 84-87114-09-1..
  4. (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomi Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 297 or. ISBN 84-7542-639-5..
  5. Snow, D. W., Perrins, C. M., Doherty, P., & Cramp, S. (1998). The complete birds of the western Palaearctic on CD-ROM. Oxford University Press. ISBN 0-19-268579-1.

Kanpo estekak

aldatu

Araozko kontuak

  Artikulu hau animaliei buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.