Aitor Otaño

Argentinar errugbilaria

Bernardo "Aitor" Otaño Jaca (Adrogué, Buenos Airesko probintzia, 1938ko urtarrilaren 29a - Martínez, Buenos Aires Handia, 2005eko martxoaren 30a)[1][2] argentinar errugbilari eta errugbi entrenatzailea izan zen, euskal jatorrikoa, bigarren lerroan jokatzen zuena. Argentinako selekzioko kidea izan zen 1960-1971 bitartean, eta kapitaina 1964tik 1966ra.[3] 1965ean, Urrezko Olimpia saria jaso zuen.

Aitor Otaño
Bizitza
JaiotzaAdrogué1938ko urtarrilaren 29a
Herrialdea Argentina
Heriotza2005eko martxoaren 30a (67 urte)
Jarduerak
Jarduerakhamabosteko errugbilaria
Ibilbidea
Taldeak Urteak J P
Argentinako errugbi selekzioa1960ko uztailaren 23a-1971ko abuztuaren 28a
26
18
Club Pucará1955-1974
 
Posizio edo espezialitateabigarren lerrokoa

Bizitza aldatu

Bernardo Otaño Jaca Adroguén jaio zen, Buenos Airesko probintzian, 1938ko urtarrilaren 29an. Bernardo Otaño Alberdiren eta Juana Ines Jaca Otañoren semea zen, eta Pedro Mari Otaño poetaren iloba.[4] Aitak Aitor jarri nahi izan zuen jaiotza-agirian, baina erregistroan galarazi zioten; hala ere, izen horri eutsi zion beti.[5]

Haurtzaroan tenisean aritu bazen ere, laster hasi zen errugbian, Champagnat klubean. 17 urte zituelarik, Burzacoko Pucarára aldatu zen. Hori izan zen bere bizitzako taldea, 1974an erretiratu zen arte jokatu baitzuen bertan, eten txiki batekin: 1973an Belgranorekin Europan barna egindako bira.[5][6]

 
1965ean Hegoafrikako bira egin zuen Argentinako selekzioa. Erdiko lerroan, ezkerretik hasita, Aitor Otaño seigarrena da.

1960an jaso zuen Argentinako selekzioaren lehenbiziko deia. Partida uztailaren 23an jokatu zen, Buenos Airesen, eta Frantzia izan zuten aurkari.[oh 1][7] Baina haren unerik gorena 1965ean iritsi zen, kapitaina izan zelarik talde nazionalak Hegoafrikan egin zuen biran.[8][oh 2] Ahaztezina izan zen, batez ere, Junior Springboksen aurkako garaipena (6-11), ekainaren 19an, Johannesburgeko Ellis Parken, 40.000 ikusleren aitzinean.[9] 1965ean bertan, Urrezko Olimpia saria jaso zuen, Argentinako urteko kirolariari ematen zaiona.[5]

Denera 26 test-match jokatu zituen Argentinako selekzioarekin, azkena 1971eko abuztuaren 28an, Buenos Airesen, Oxford eta Cambridgeren kontra.[oh 3][10] Orduko belauneko arazoekin zebilen, eta infiltrazioak behar izaten zituen jokatu ahal izateko. Hala ere, beste hiru urtez aritu zen klubean.[5] Zelaiak utzi arren, errugbiari lotua segitu zuen. 1978-1986 bitartean, aldika, Pumen entrenatzailea izan zen, eta zazpiko errugbiko selekzioaren hautatzailea 1997ko munduko txapelketan.[11]

2005eko martxoaren 30ean hil zen, kirurgia ondoko infekzio baten ondorioz.[5] Haren omenez, 2008tik Aitor Otaño kopa izaten dute jokoan Pucará eta Belgrano taldeek elkarren kontra aritzen diren partidetan.[12]

Oharrak aldatu

  1. Frantziarrak 3 eta 37 nagusitu ziren. Abuztuan beste bi partida jokatu zituzten bi selekzioek, eta horiek ere Frantziak irabazi zituen: 3-12 eta 6-29. Aitor Otañok hasieratik jokatu zuen hiru partidetan.
  2. 1965eko Hegoafrikako bira mugarria izan zen Argentinako errugbiarentzat. Izan ere, ordura arte Argentinako selekzioa ezezaguna zen nazioartean. Taldearen prestakuntzan Izak van Heerden hegoafrikar entrenatzailea aritu zen, Angel Guastella eta Alberto Camardónekin batera. 16 partida jokatu zituzten bi hilabetez eta, Aitor Otaño buru, aurre egin zieten hegoafrikarren errugbi fisiko eta gogorrari: 11 match irabazi, bat berdindu eta 4 galdu. Ellis Parken Junior Springboksi, alegia, Hegoafrikako B selekzioari irabaztea ustekabeko balentria izan zen, taldeari ospe handia eman ziona, eta Aitor Argentinako kirolaren izar bihurtu zuena.
  3. Argentina gailendu zen, 11 eta 3.

Erreferentziak aldatu

  1. Bernardo Otaño Jaca. genealogiafamiliar.net (Noiz kontsultatua: 2021-9-13).
  2. Rugby: cumpliría 81 años el gran capitán Aitor Otaño. laurbedigital.com.ar (Noiz kontsultatua: 2021-9-13).
  3. Quetglas, Martin. Los Pumas y la capitanía. cordobaxv.com.ar (Noiz kontsultatua: 2021-9-16).
  4. Bernardo Otaño Jaca. geni.com (Noiz kontsultatua: 2021-9-14).
  5. a b c d e Un puma de ley. La Nación, 2005eko martxoak 31, lanacion.com.ar (Noiz kontsultatua: 2021-9-13).
  6. Florio, Natalia. Victoria y Copa Aitor para Belgrano. aplenorugby.com.ar (Noiz kontsultatua: 2021-9-14).
  7. Aitor Otaño. en.espn.co.uk (Noiz kontsultatua: 2021-9-14).
  8. Hace 50 años, en una gira por Sudáfrica nacían Los Pumas. telam.com.ar (Noiz kontsultatua: 2021-9-15).
  9. El día que nacieron Los Pumas. elgrafico.com.ar (Noiz kontsultatua: 2021-9-15).
  10. Argentina (3) 11 - 3 (6) Oxford and Cambridge (FT). en.espn.co.uk (Noiz kontsultatua: 2021-9-15).
  11. Falleció Aitor Otaño, figura de los Pumas en la década del 60. La Nación, 2005eko martxoak 30, lanacion.com.ar (Noiz kontsultatua: 2021-9-15).
  12. Alonso, Guillermo. Volver Atrás: La Copa Aitor Otaño, en juego. aplenorugby.com.ar (Noiz kontsultatua: 2021-9-15).

Kanpo estekak aldatu