Aita Donostiari oroitarria
Aita Donostiari oroitarria multzo artistiko-monumentala da, Agiña mendiaren hegoaldeko mazelean dagoena, 550 metroko garaieran, Lesakan. Bertan, historiaurreko harrespilekin batera, Aita Donostiaren omenez Jorge Oteizak egindako estela eta Luis Vallet de Montano arkitektoak diseinatutako kapera daude.[1] Lesaka eta Oiartzun lotzen dituen NA-4000 errepidea oso hurbil igarotzen da.[2]
Aita Donostiari oroitarria | |
---|---|
Jatorria | |
Sortzailea(k) | Jorge Oteiza eta Luis Vallet de Montano |
Sorrera-urtea | 1959 |
Honen izena darama | Jose Gontzalo Zulaika |
Ezaugarriak | |
Materiala(k) | kareharria |
Genero artistikoa | arte publikoa |
Hizkuntza | euskara |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Nafarroa Garaia |
Udalerria | Lesaka |
Koordenatuak | 43°15′39″N 1°45′40″W / 43.26086971°N 1.76109444°W |
1956ko irailaren 10ean, Aita Donostia musikologoa hil eta hamar egunera, Aranzadi Elkarteko batzordeak, ohiko bilkuran, erabaki zuen "leku bakarti batean kokatutako monumentu xume batean islatzea fraideari zioten maitasuna eta miresmena" eta Aranzadiko bazkide ziren Jorge Oteiza eskultoreari eta Luis Vallet de Montano arkitektoari eskatu zien burutzea. Egitasmoan eskultura eta arkitektura batzen ziren. 1959ko ekainaren 20an inauguratu zen.
Agiña
aldatuOroitarria Agiñako estazio megalitikoaren ondoan dago. Bertan, 5 hektarea inguruko eremuan , 107 harrespil, 11 trikuharri, 4 tumulu eta menhir bat daude. Megalito horiek bizitzaren eta heriotzaren espazio eta errituekin lotuta daude, eta haien antzinako erabilerak K. a. 800 urtera arte atzeratzen dira.[2]
Agiña III edo Agiña Hego deituriko harrespil multzoa dagoen kaskoan kokatu zuten monumentua.[3] Formalki independenteak ziren bi elementuz osaturik dago, lotura komun bezala, geometriaren eredu sinpleekin duten erlazioa izanik. Harrizko hilarriak karratuaren eta zirkuluaren geometria laua duen bitartean, hormigoi armatuzko kaperak, bere parabolide formarekin, geometria analitikoa adierazten du. Horrela, harri-harrespil txikien geometria primitibo sinbolikoarekin lotzen da.[4]
-
Eibarko musika-banda zuzentzen.
Oteizaren estela-eskultura
aldatu1957ko São Pauloko Bienaleko lanak ia aldi berean sortu zituen.
Estela hiru elementuk osatzen dute: oinarri laua harri beltzez, idulkia harri argiz eta harri nagusia.
Harri nagusia prisma angeluzuzen beltza da, aurpegi karratu batekin, non erliebe bat egiten duen, zirkulu formako hustuketa baten bidez, pixka bat deszentratua, gorantz eta ezkerrera. Zirkulua mendebalderantz begira dagoen kaperaren sarreraren parean dago.[5]
Beste bi harriak bigarren mailakotzat interpretatzen dira, hilarriaren flotagarritasuna irudikatzeko. Flotagarritasun hau bilatuz, estela, harri argiaren gainean hegal bezala eusten da, oinarri egiten duen beste harri beltzetik banandua, eta bere independentzia are gehiago adierazteko, beste norabidean aurpegiak ere ez datoz bat, argi eta garbi, gurutzean jarritako bi elementuz osatutako multzo bat eginez.[6]
Estelaren atzealdean kantutegi herrikoiko bertso hau dago grabatua: “Txori kantazale ederra, nun ote aiz kantatzen?”.[7] Benito Lertxundik Itzaltzuko bardoa kantan berrerabili zuen bertso hau.[8]
Valleten kapera
aldatuKaperak oskol itxurako paraboloide xume baten itxura hartzen du eta harrizko aldare bat baino ez du estaltzen. Arreta guztia aldarean biltzen da, atzeko beirate biribil eta koloretsuak iragazten duen argiak argitua. Kaperako materiala hormigoi armatua da, 2,8 metro garaienean eta 5 metro zabalenean. Kapera lurraren gainean zuzenean eraikia dago eta, alboetan, bi harrespilek mugatzen dute. Atzealdean beiratearen gainean gurutze bat du. [9]
-
Mairubaratzaren kartela
Eragina
aldatuJoxe Azurmendiren Manifestu atzeratua (1968)
aldatuJoxe Azurmendik Manifestu atzeratuan (1968)[10] poetikoki adierazten du gure herriaren kondaira pobrea dela, Agiñako zero bat dela, Oteizak Lesakako Agina mendian Aita Donostiari, gorazarrez eskainitako estelaren zirkulu hustua aditzera emanez.
2016an Manifestu atzeratuaren irakurketa gaurkotua egin zuten lau lagunek Aginako zero bat. Kontakizun hutsa izeneko ikus-entzunezko emanaldian.[11] Joxe Azurmendi Kongresua: Euskal pentsamenduaren ur-jauziaren itxierako ikuskizunean (2019) ere taularatu zuten.
Estelari erasoa (1992)
aldatuEzezagun batzuek 1992an larriki kaltetu zuten Agina mendian kokatuta dagoen Jorge Oteizaren eskultura. Erasotzaileek, Aralar Komando Kulturala eman zioten izena euren buruei, estelaren atzeko aldean egindako pintaketa baten eta bere ondoan utzitako fotokopia batzuen bidez, ingurumena eta arrasto arkeologikoak defendatzen zituztela aldarrikatzen zuten.[12]
Mikel Laboaren errautsak (2008)
aldatu2008ko abenduaren 1ean hil zen Mikel Laboa kantariaren errautsak abenduaren 7an zabaldu zituzten Oteizak Aita Donostiaren omenez egindako eskulturaren ondoan, Agina mendian. Ni ez naiz Mikel Laboa komiki-liburuan bukaeran azaltzen da oroitarria.[13][14]
Victor Erizeren Harria eta zerua instalazioa (2019)
aldatu2019an Victor Erizek Harria eta zerua[15] filmatu zuen Nafarroan, Bilboko Arte Ederren Museoak ekoitzitako bideo-instalazioa Aita Donostia musikariaren omenez Agina gainean (Lesaka) Jorge Oteizak eta Luis Vallet de Montano arkitektoak egin zituzten lanen inguruan.
Lanak bi zati ditu: 'Eguna espazioa' eta 'Gaua espazioa', hamaika eta sei minutuko iraupena dutenak, hurrenez hurren. Irudiekin batera, Josu Okiñena piano-jotzaileak Aita Donostiaren Andante doloroso pianorako konposizioa jotzen du eta Oteizaren poesiaren bi atal entzuten dira.
Obra 2019ko azaroaren 13an estreinatu zen Bilboko Arte Ederren Museoan.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Fernández Altuna, José Javier. «Vallet de Montano Echeandia, Luis» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-08-06).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Arnaiz, Ana. «Jorge Oteiza y la estela del Padre Donostia en Agiña» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2020-08-06).
- ↑ Peñalver, Xabier (2004): Mairubaratzak: Piriniotako harrespilak, Munibe antropologia-arkeologia (19. gehigarria), 63. orr.
- ↑ Marín Oñate, Antonio (2016): Jorge Oteiza, dos monumentos: del espacio como sitio al espacio como forma, REIA (Revista europea de investigación en arquitectura) 5, 55-73 orr.
- ↑ Arnáiz Gómez, Ana (2006): Entre escultura y monumento. La estela del Padre Donostia para Agiña del escultor Jorge Oteiza, Ondare 25, 305-325 orr.[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Marín Oñate, Antonio Felipe (2015): Pulsiones del espacio. Oteiza y la aproximación a la arquitectura como vacío activo, Tesis doctoral, Universidad Politécnica de Madrid.
- ↑ «Euskal kantutegia - Eusko Ikaskuntza» www.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-30).
- ↑ «Itzaltzuko bardoa» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2020-08-08).
- ↑ Zuaznabar, Guillermo, 1971-. ([2006]). Harria paisaian. Fundación Museo = Fundazio Museoa Jorge Oteiza ISBN 978-84-922768-3-7. PMC 433937268. (Noiz kontsultatua: 2020-08-07).
- ↑ «BERTSO / OLERKIen orrialdea» www.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2020-08-07).
- ↑ «Aginako zero bat» Oihaneder Euskararen Etxea (Noiz kontsultatua: 2020-08-08).
- ↑ Muñoa, Pilar, 1930-. (2006). Oteiza : la vida como experimento. Alberdania ISBN 84-96310-59-0. PMC 76937652. (Noiz kontsultatua: 2020-08-07).
- ↑ (Ingelesez) «'Ni ez naiz Mikel Laboa' liburuan aipatzen diren abestien zerrenda» Spotify (Noiz kontsultatua: 2023-01-10).
- ↑ Larratxe, Joseba. (2022). Ni ez naiz Mikel Laboa. Joseba Larratxe - Youtube (Noiz kontsultatua: 2023-01-02).
- ↑ «Harria eta zerua | | Museo de Bellas Artes de Bilbao» Tienda del Museo de Bellas Artes de Bilbao (Noiz kontsultatua: 2020-08-08).
Ikus, gainera
aldatu- Sekulabelardiko kantaria (Mikel Laboari) abestia
- Ni ez naiz Mikel Laboa komiki-liburua