Zarauztik Debara (Donejakue bidea)

Donejakueren Iparraldeko Bideko laugarren etapa aldatu

 
Zarautz udalerria eta Zarauzko hondartza, Santa Barbara baselizatik ikusita.

Etapa polita, kostaldearen ikuspegi ikusgarriekin. Gaur, hiru igoera izango ditugu kontuan: Zarautzetik ateratzean menditik joanez gero, laburra baina nabarmena; Zumaiatik ateratzean, luzea baina ertaina; eta azkenik, Itziarrera garamatzan igoerak, eguneko hirugarrena delako, eta Debako jaitsiera gogorrarekin.

Zarautz – Deba. 21.8 km aldatu

Zarautzetik irtetean, bi aukera izango ditugu: Getariarako itsasertzeko pasealeku atsegina, errepidearen ondoan, edo menditik igarotzen den bide ofiziala.

A- Itsas pasealekutik: Getariako herria bisitatu nahi duten erromesentzat gomendatutako aukera. Itsaso ondoko itsas pasealeku zoragarri batek, footing edo paseatzeko bizilagunek baliatzen dutena, Zarautz eta Getaria lotzen ditu.

B- Menditik: Bide ofiziala da, gezi horiz seinalatua. Herriaren amaieran, Andre Maria Erreginaren elizaren parean, ezkerrera egingo dugu, eta 150 metrora, Santa Barbarako ermitara igotzen den eskuineko bidea hartuko dugu, bista ederrekin. Handik gutxira, eskuinetara hartuko dugu GI-3391 errepidea, beherantz.[1]

 
Zumaia udalerriaren ikuspegia Iparraldeko Donejakue Bidetik ikusita.

3,8. Getaria. Kostaldetik joanez gero, udaletxeko plazatik Juan Sebastián Elkanoren jaioterritik aterako gara Herrerieta kaletik gora. Laster eskuinetara bide harriztatu bat jarraituko dugu, lehenbizi gora eta gero behera. GI-3292 errepidea hartu, 500 metro jarraitu eta ezkerretara bidezidorrean zehar Askizu herrixkara iristeko. 500 metro aurrerago, eskuinetara pista bat hartuko dugu, eta Zumaiako porturantz jaitsiko gara, bista ikusgarriekin. Aurrerago, Urola ibaia gurutzatuko dugu ontziola ondoko zubitik, eta eskuinetik Narrondo ibaiaren gaineko oinezkoentzako zubi obalatua zeharkatuko dugu.

9,4 km. Zumaia. Udaletxe ondotik pasatuz Arritokieta kalea hartu eta izen bereko ermitara iritsiko gara. Herriko errepide bati jarraituko diogu eta muinotik gora Santa Klara baserri handia ikusiko dugu, erromesentzako ostatua dena. Aurrerago, errepidea utzi eta gorantz doan bide bati jarraituko diogu, Galarretako atseden lekura iritsi arte.

13,2 km. Elorriaga. N-634 raino jarraituko dugu, eta pista zein errepidea tartekatuz, Itziarrera igotzen den errepidea gurutzatu eta 250 metro segituko dugu, herrixkan eskuinetik sartuta. Itziarrek taberna eta jatetxeak ditu.

18,4 km. Itziar. Eskuinetara pista bat hartuko dugu, azken jaitsiera hasteko. 300 metroko desnibela dago Debaraino. Azken zatiak, bide harriztatu batetik doana, malda handia du. Debako goiko aldean, geziek igogailu batera eramango gaituzte. Igogailu horrek bi zatitan utziko gaitu herriaren behealdean, eta irteeran eskuinera egingo dugu Debako erdigunera joateko.

21,8 km. Deba.[2]

 
Sakoneta hondartza, Deba eta Zumaia arteko marearteko zabalgunean.

Deba aldatu

Herri turistikoa, ondarerik preziatuena itsasertza du. Han daude, Deba eta Zumaia arteko marearteko zabalgunea, eta bost hondartza. Inguru hau Europako eta munduko geoparkeen sareko kide da 2010. urtetik. Flysch egitura geologiko berezietan 60 milioi urteko sekuentzia geologikoa ikus daiteke. Bertako ondare nagusien artean, Agirre jauregia, Sasiola dorrea, eta Santa Maria eliza ditugu.

Aterpetxeak aldatu

Ezagunena “Geltoki erromesen aterpetxea” da, trenbidearen aldamenean eta herrriaren erdigunean dagoena. Bertan 56 lagun sartzen dira lau logela partekatutan. Udaletexeko Informazio bulegoan eman behar da izena aldez aurretik, eta itxita badago, udaltzaingoan. Gidetako beste aterpetxe batzuk honakoak dira: Zumardi ostatua eta Portukale apartamentua.[3]

Erreferentziak aldatu

  1. Done Jakue bidea. Bi ibilbide Euskadin zehar. Eusko Jaurlaritza ISBN 978-84-457-2423-1..
  2. (Gaztelaniaz) Contreras Gil, Francisco. (2021). Guía mágica del Camino de Santiago. Luciérnaga ISBN 9788418015571..
  3. (Gaztelaniaz) Mencos Arraiza, Carlos. (2018). Cien cosas que hay que saber del Camino de Santiago. Lectio ISBN 9788416918393..

Kanpo estekak aldatu