Uhal garraiatzaile

Motor batek eraginik etengabe higitzen den eta bere gainean materialak garraiatzen dituen zinta. Bi danborren artean etengabe biraka ari den banda jarraitu batez osatuta dago.
Uhal-garraiatzaile» orritik birbideratua)

Uhal garraiatzailea edo banda garraiatzailea garraio-sistema jarraitu bat da, bi danborren artean mugitzen den banda jarraitu batez osatuta dagoena.

Uhal garraiatzaile
continuous conveyer (en) Itzuli eta conveyor system (en) Itzuli

Oro har, banda bere danborren marruskadurak eramaten du, aldi berean honi bere motorrak eragiten diolarik. Marruskadura hori banda garraiatzaileari tentsio bat aplikatzearen emaitza da, normalean torloju tenkatzaile bidezko mekanismo baten bidez gertatzen dena. Beste danborrak libre biratzen du, inolako eragingailurik gabe, eta bere funtzioa bandari itzultzaile bezala balio izatea da. Banda bi danborren arteko arrabolek eusten dute, euskarri-arrabola deritzenak.

Bandaren mugimendua dela-eta bandaren gainean jarritako materiala eragintza-danborrerantz garraiatzen da, non bandak kontrako noranzkoan bira egiten duen. Zonalde horretan, bandaren gainean utzitako materiala bandatik kanpora isurtzen da, grabitatearen edota inertziaren eraginez.

Uhal garraiatzaileak material pikortatuak, industrialak, eta nekazaritzako materialak garraiatzeko erabiltzen dira; hala nola, zerealak, ikatza, mineralak… etab. Hala ere, espazio itxietan pertsonak garraiatzeko ere erabil daitezke, esate baterako ospitale handietan eta osasun-hirietan.

Horrez gain, kargaontziak edo kamioiak kargatzeko edo deskargatzeko ere erabiltzen dira. Materiala lur inklinatuan garraiatzeko, zinta jasotzaileak izeneko sekzioak erabiltzen dira. Uhal garraiatzaile ugari daude, eta desberdinak dira haien funtzionamenduan, garraiobidean eta garraio-norabidean: torloju-garraiagailuak, zoru mugikorreko sistemak (karga mugitzeko xafla oszilatzaileak erabiltzen dituzte) eta arrabol-garraiagailuak (arrabol mugikorrak erabiltzen dituzte kutxak edo paletak garraiatzeko).

Uhal garraiatzaile arinak muntaketa-kateetako osagai gisa erabiltzen dira, fabrikazio-prozesuetako erauzketa gisa, lotura gisa eta, batez ere, kargen garraioan laguntzeko. Halaber, banaketa eta biltegiratze automatizatuetan erabiltzen dira.

Paletak maneiatzeko ekipo informatizatuekin konbinatuta (normalean arrabol-bideetatik garraiatzen dira), txikizkari, handizkari eta manufaktura-banaketa eraginkorragoa ahalbidetzen dute. Honela eskulana aurreztea eta prozesuetan bolumen handiak azkar garraiatzea ahalbidetzen dute. Honek kostuak aurrezten dizkie kopuru handiak bidaltzen edo jasotzen dituzten enpresei eta, gainera, biltegiratze-espazioa murrizten dute.

Teknologia hori bera erabiltzen da pertsonak garraiatzeko gailuetan; hala nola, zinta eta eskailera mekanikoetan, eta baita muntaia-kate industrial askotan ere. Adibidez, Eski-estazioek zinta garraiatzaileak erabiltzen dituzte eskiatzaileak iraultzeko. Dendek ere uhal garraiatzaileak izaten dituzte kutxetan, erositako gaiak lekualdatzeko.

Munduko uhal garraiatzailerik luzeena Mendebaldeko Saharan dago: 100 kilometroko luzera du eta Bu Craa-ko fosfato-meategietatik El Aaiungo hegoaldeko kostalderaino doa. Uhal garraiatzaile sinplerik luzeenak 17 km ditu, eta kareharria eta arbela Meghalayatik (India) Sylhetera (Bangladesh) garraiatzeko erabiltzen da.

Hauek dira garraio-banda zerbitzuen munduko hornitzaile nagusietako batzuk: Terra Nova Technologies, ThyssenKrupp, HESE Maschinenfabrik GmbH eta Tenova Takraf2.

Historia aldatu

Uhal garraiatzaile primitiboak XIX. mendetik erabiltzen dira. Lehen uhal garraiatzailea 1892an agertu zen ikatza, minerala, oreak eta antzeko produktuak eramateko erabiltzen zena. Hasierako instalazio horietako gehienak lur nahiko lauetan eta distantzia laburretan egiten ziren. Historialariek Thomas Robinsi[1] aitortzen diote asmakizuna, hainbat diseinu garatu baitzituen azkenean uhal garraiatzaile baten garapena ahalbidetu zutenak.

1901ean, Sandvik konpainiak altzairu garraiatzailearen gerrikoak asmatu eta ekoizteari ekin zion. 1905ean, Richard Sutcliffek ikatz-meategietan erabiltzeko lehen uhal garraiatzaileak asmatu zituen, meatzaritza irauli zutenak. 1913an, Henry Fordek Ford Motor Companyko Highland Parken (Michigango fabrika) garraio-gerrikoak muntatzeko lineak aurkeztu zituen.

Bigarren Mundu Gerran zehar garraiatzaileen osagai naturalak murrizten joan ziren, gomazko industria material sintetikoak sortzera bideratuz material natural hauek ordezkatzeko. Orduz geroztik, aplikazio oso zehatzetarako material asko garatu dira industrian; hala nola, elikagaien industriarako gehigarri antimikrobianoak dituzten bandak edo tenperatura handietarako ezaugarri erresistenteak dituztenak.

1972an, Frantziako REI elkarteak Kaledonia Berrian sortu zuen une horretan munduko zuzeneko uhal garraiatzailerik luzeena izan zena: 13,8 kilometroko luzera zuen (8,6 milia) eta Hyacynthe Marcel Bocchetti-k diseinatu zuen. Gaur egun, uhal garraiatzailerik luzeena Mendebaldeko Saharako Bou Craa fosfatatze-meategian dagoena da (1973, 98 km 11 zatitan). Hala ere, sekzio bakarreko uhal garraiatzailerik luzeena Boddington bauxite meategian dago, Mendebaldeko Australian (31 km).

Aplikazioa aldatu

Garraiagailuak osagai gisa erabiltzen dira banaketa automatizatuan eta biltegiratzean. Tarimetarako ekipo konputarizatuekin konbinatuz, industrian materialak eraginkortasunez biltegiratzea, manufakturatzea eta banatzea ahalbidetzen dute.

Gainera, lana minimizatzen dute eta bolumen handiak azkar mugitzeko aukera ematen dute. Era horretan, enpresek bolumen handiagoak ontziratzeko edo jasotzeko aukera dute eta, ondorioz, biltegiratze-espazio txikiagoarekin eta gastu txikiagoarekin lan egin dezakete. Uhal garraiatzaileak erabiltzea bereziki egokia da industriako, nekazaritzako, meatzaritzako, automotrizeetako, ontzietako edo farmaziako produktuak prozesatzeko; oro har, solte garraiatzen den edozein materialentzako.

Uhal garraiatzaileek mugimendu bertikalean, horizontalean edo inklinatuan lan egin dezakete, garraiatu nahi diren materialen arabera.

Egitura aldatu

Uhala material-geruza batek edo gehiagok osatzen dute. Ohikoa da uhalek hiru geruza izatea: goiko estalkia, karkasa eta beheko estalkia. Karkasaren helburua indar eta forma lineala ematea da. Karkasa, askotan, ehundura metaliko bat da, irazki eta bilbea dituena. Irazkiak luzetarako lokarriei egiten die erreferentzia, eta horien erresistentzia- eta elastikotasun-ezaugarriek uhalaren ezaugarriak zehazten dituzte. Bilbeak zeharkako kable multzo osoa irudikatzen du, uhalari ahalbidetzen diona bai ebakien, tanten eta talken aurkako erresistentzia espezifikoa, bai malgutasun handia izatea. Karkasaren material ohikoenak altzairua, poliesterra, nylona, kotoia eta aramida dira (beroari eusten dioten zuntz sintetiko indartsuak, Twaron edo Kevlar marka izenekin). Estalkiak gomazko edo plastikozko konposatuak izan ohi dira, uhalaren erabileraren arabera zehazten direnak.

Altzairuzko uhal garraiatzaileak erabiltzen dira indar handia behar denean. Esate baterako, indar handieneko uhal garraiatzailea altzairuzko sokaz egina dago. Uhal garraiatzaile honek 10.000 N/mm-ko indarra du eta Txileko Chuquicamata meategian dago martxan.[2] Aramida 630 – 3.500 N/mm tartean erabiltzen da. Aramidea erabiltzearen abantailak honako hauek dira: energia-aurreztea, bizitza erabilgarri luzeagoa eta produktibitatea hobetzea.[3] Adibidez, Baodiako ikatz-meategian (Yanzhou Coal Mining Company, Txina) instalatuta dagoen 2.250 N/mm-ko eta 3.400 metro luze den lurpeko uhalak % 15eko energia aurrezten du.

Abantailak aldatu

Uhal garraiatzaileak honako abantaila hauek ditu:

  • Materialak distantzia handira garraiatzeko aukera ematen du
  • Lursailera egokitzen da
  • Garraiatzeko gaitasun handia du
  • Material ugari garraiatzeko aukera ematen du
  • Materiala ibilbidearen edozein puntutan karga eta deskarga daiteke
  • Lekualdatu daiteke
  • Ez du garraiatutako produktua eraldatzen
  • Ekoizpen-kantitatea handitzen da
  • Ez du higadura azkarreko artikulaziorik

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) Times, Special to The New York. (1957-11-05). «THOMAS ROBINS, INVENTOR, 89, DIES; Developer of Heavy-Duty Conveyor Belt Had Headed Hewitt-Robins Company» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2022-11-30).
  2. (Ingelesez) «Awarding of the World’s Most Powerful Belt Conveyor System» MINING.COM (Noiz kontsultatua: 2022-11-30).
  3. «DuPont Says Belts with Kevlar Can Run Faster, Longer - EMJ» web.archive.org 2017-11-10 (Noiz kontsultatua: 2022-11-30).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu