Txomin Artola

Euskal musikaria

Txomin Artola (Hondarribia, Gipuzkoa, 1948ko uztailaren 26a) euskal abeslaria da. Fernando Artola Bordari poeta eta idazlearen semea eta Urbil Artola musikariaren aita da.

Txomin Artola

(2011)
Bizitza
JaiotzaHondarribia1948ko uztailaren 26a (76 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Familia
AitaFernando Artola
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakabeslaria
Genero artistikoaherri-kanta
herri-musika
Musika instrumentuaahotsa

Badok: txomin-artola Musicbrainz: 7616322f-7c4f-49c8-989b-85a3e2d4735f Discogs: 2213357 Allmusic: mn0002050266 Musikasten: txomin-artola Edit the value on Wikidata

Bizitza

aldatu

Gaztaroa

aldatu

Txomin Artolak txikitatik entzun zuen estatubatuar musika, Elizondoko (Nafarroa) estatubatuar basean lan egiten zuen Duncan eta haren sendia auzokoak zituela eta. Horrela ezagutu zuen rock musika (Elvis Presley, Everly Brothers...). Ama Ipar Euskal Herrikoa izanik eta mugan bizi izanda, Artolak beti eduki du harreman berezia Iparraldearekin. Frantziako aldizkari eta irratien bidez deskubritu zuen Beatles taldearen musika. Gitarra elektrikoa erosi, eta ingelesez zein frantsesez aritzen zen. Troublers rock taldea osatu zuen 1963an, Javier Busto tartean zegoelarik ere. Hainbat emanaldi arrakastatsu eman zituzten Bidasoa aldean.

Aita idazle zuen, eta haren bidez jarri zen harremanetan euskal kantagintzarekin; Mixel Labéguerie entzuten hasi zen, eta euskaraz ere kantuak egin zitezkeela jabetu zen. Garai bertsuan, Bob Dylan eta folk musika ezagutu zituen, eta bi munduak uztartzeko modukoak zirela otu zitzaion. 1967an Ez Dok Amairuk emanaldia egin zuen Irunen, eta txundituta geratu zen. Handik aurrera harremanak eduki zituen Ez Dok Amairuko hainbat kiderekin, eta euskaraz kantatuko zuela erabaki zuen.

Estatubatuar folka eta euskal musika aurkitu ondoren, bere ibilbide guztian oinarrizkoa den hirugarren zutabea ezagutu zuen handik bi urtera: 1969an Ingalaterran egindako denboraldian, hango folk revival zenarekin topo egin zuen. Ondoren, bueltan soldadutza egin zuen Saharan, eta han zegoela idatzi zuen bere lehen kantua, "Goizeko euri artean", bere kanturik ezagunenetakoa.

Gaztaroan Troublers rock talde batean ibili ondoren folk musika berpizte mugimendua barrutik bizi izan zuen. Bi eragin nabarmen aitortu izan ditu bere musikagintzan: Estatu Batuetakoa, Bob Dylan, Simon & Garfunkel eta antzekoen eskutik, eta Ingalaterrako folk musika, John Renbourn adibidez, 21 urterekin han egin zuen egonaldi baten ondorio. Musika herrikoia ere landu du.

1970eko hamarkadatik aurrera

aldatu

Soldadutza bukatutakoan, jaialdi batzuk egin zituen Mikel Laboa eta Jose Anton Artzerekin , eta 1975ean lehen diskoa kaleratu zuen: Olaxta (Herri Gogoa, 1975). Fernando Artola Bordari bere aitak arrantzale bizitzaren eta sentipenen inguruan idatzitako poemak oinarri hartuta osatu zuen Artolak lehen diskoa, olerki eta bertso horiek musikatuz. Antton Valverde eta Josemari Zabalak lagundu zioten kanta pare batean. Disko fresko, biluzi eta entzungarria da, gitarra akustiko garbiz eta orduz geroztik kantariaren ezaugarri nagusia izan den ahots gozoz kantatua. Erantzun bikaina lortu zuen. "Txakurraren partia" ("Txuriko" izenez ere ezaguna) eta "Itxasoan" kantuak herri kantutegiaren parte dira dagoeneko.

Diskoa aurkezteko zuzeneko emanaldirik ez zuen eskaini. Kontzertuetarako taldea osatzen ari zela sortu zuten Haizea, euskal folk berriaren talderik garrantzitsuenetakoa. Txomin Artola taldearen zutabeetako bat gertatu zen hasieratik, baina taldeak lortutako arrakastari muzin eginez, Haizea (Herri Gogoa, 1977) kaleratu eta urtebetera utzi zuen Haizea. Olaxtarekin hasitako bakarkako ibilbidea berreskuratzeko asmoa zuen. «Urte hori pasatuta konturatu nintzen Haizea neretzako oso absorbentea zela, eta ez nuela kantu berririk sortu. Pausa bat egitea erabaki nuen eta Haizea uztea. Haizeak bere bidetik jarraitu zuen eta nik neuretik».[1] Orduan hasi zen kantariaren arorik sortzaileena. Bi poetaren inguruko bi disko monografikok -Belar hostoak (Xoxoa, 1978) eta Ttakun ttakun (Xoxoa, 1979)- osaturiko aroa izan zen:

Lehena, Walt Whitman XIX. mendeko poeta estatubatuarraren idatziekin osatua dago. Kantariaren diskorik biribilena da zentzu askotan. Disko heldua da. Haizea sortu baino lehen lantzen hasitako kantuak dira denak. Gainera, poetaren hitz samur eta naturalistek oso ongi egiten dute bat kantariaren giro akustiko gozoarekin. Bestela ere, diskoa Errobiko hainbat kiderekin osatu zuen: Mixel Ducau (gitarra), Jean Phocas (baxua), Beñat Amorena (bateria) eta Robert Suhas (piano eta organoa), eta nabaria da haien ekarpena oinarri musikalaren sendotasunean.

Bigarrena, Haizearen garaian ezagutu eta 1978an hil zen donostiar poeta gazte baten poemekin osatu zuen. Gotzon Aleman zen poeta hura. Disko konplexuagoa eta barnerakoiagoa da, hertsiagoa. Jose Angel Alonsoren biolontxeloak, Anje Duhalderen perkusioek eta Andoni Aleman zein Miren Maite Beldarrainen txalapartak azpimarratzen dute disko horren borondate ez-komertziala. Diskoa aurkezten urtebete eman ondoren, Artolak jendaurreko musikaren mundua aldi baterako uztea erabaki zuen.

1980ko hamarkadatik aurrera

aldatu

Bost urte isilik eman ondoren, bi disko kaleratu zituen segidan: Orbela (Xoxoa, 1985) eta Txuriko (Xoxoa, 1986). Bi disko horietan, Donostiako jazz musikari ezagunekin lan egin zuen: Patri Goialde, Josetxo Silguero, Txema Garces eta Rafa Zaragueta. Folka alde batera utzi gabe, disko amerikarragoak dira. Nabariagoa da blues eta jazz musiken eragina. Bide horrek gailurra jo zuen Berriz arte diskoan (Elkar, 1988). Azala esanguratsua da: Artola agertzen da motel baten aurrean, neoi argiak atzean, errepide alboan, arratsean. Agur esanez bezala.

Aspaldiko partez, disko horretan Amaia Zubiriak ere parte hartu zuen, "Ama zuriak..." eta "Triste bizi naiz eta" kantuetan, alegia. Gero eta ugariagoak ziren bien arteko topaketak, eta agian horixe izan zen Artolaren hurrengo egitasmoaren abiapuntua. Folk-lore-sorta izena hartu zuen hiru diskoz osatutako egitasmoak. Folk-lore-sorta I (Elkar, 1991) lehen alean oso agerian zeuden intentzioak: euskal herri musikaren hainbat harribitxi berreskuratzea. Protagonista nagusiak bien ahotsak dira, Haizeako garaietan bezala, eta haiek janzteko laguntza musikal akustiko eta sotila baina eraginkorra eskuratu zuten. Alan Griffin (whistle, flauta...) eta Joxan Goikoetxea (eskusoinua, sintetizadoreak) izan ziren laguntzaileak. Hurrengo urtean kaleratutako beste bi aleek (Folk-lore-lorta 2 eta Folk-lore-sorta 3) ematen dute egitasmoak lortu zuen arrakastaren berri. Hamaika emanaldi egin zituzten Euskal Herrian zehar. Arrakastak arrakasta, 1993ko Durangoko Azokan agur esan zioten bikotean aritzeari, eta bakoitzak bere bidea hartu zuen, Amaia Zubiriak bakarlari gisa eta Txomin Artolak Alboka taldean ere.

Aurreko egitasmoan sortutako talde giroan oinarrituta, musika tradizonalaren munduan erabat murgildu zen Albokarekin. Esperientzia handiko lau musikari bildu ziren: Txomin Artola, Joxan Goikoetxea, Alan Griffin eta Ganbara taldearen sortzaileetako bat, Josean Martin Zarko. Musika instrumentalaren bidea aukeratu eta diskoa kaleratu zuten: Alboka (Alboka Records-Lagin, 1994). Horren ondoren arrakastaz aritu ziren Europako folk jaialdirik nagusietan: Dranouter (Belgika), Folkest (Italia), Euromusika (Hungaria), Forde (Norvegia), Musika Interzeltikoaren Jaialdia (Italia), Folk Segovia (Espainia), Musicas Vivas (Herrialde Katalanak), Transhumances Musicales (Frantzia)...

Dena den, Alboka taldeaz gain, 1994an beste disko bat ere kaleratu zuen Artolak, Banako (Banako, 1994), horretarako sorturiko diskoetxe propioarekin. Disko honetan ez du kantatzen eta gitarra akustikoan oinarritzen da, Euskal Herriko hainbat dantza eta doinu interpretatuz. Oraindik Albokarekin ari zelarik, bakarkako beste disko bat kaleratu zuen: Zurartean (Banako, 1995). Kanta berriak osatzen dute diskoa, egungo hainbat poeten lanak kantuetan jarriz (Artze, Irigoien, Aristi, Markuleta, Iturbe... eta abar) Hurrengo urtean, 1996an, Alboka utzi zuen, bertan hiru urte eman ondoren.

Sorotan Bele taldeko kide izandako Urbil Artola semearekin aritu zen zuzenekoetan 90eko hamarkadaren amaiera aldean. Hondarribian (Banako, 1997) da aita-semeen arteko elkarlanaren lekuko diskografiko bakarra. Ondoren, 2002an Banako aretoa zabaldu zuen Hondarribian, eta 2010 arte izan da hango kudeatzailea. Azken bolada honetan musika emanaldietan jarraitzen du.[2]

Ezaugarriak

aldatu

Bere ahotsa gozoa da, lasaia, modulazio leuna onartzen duena, eta haren musika gitarra jokoetan oinarritua izan da, beti ere hausketarik eta estridentziarik gabeko giroa osatuz.

Abestiak

aldatu

Diskografia

aldatu
  • 1975: Olaxta
  • 1977: Haizea
  • 1978: Belar Hostoak
  • 1979: Ttakun Ttakun
  • 1985: Orbela
  • 1986: Txuriko
  • 1988: Berriz Arte
  • 1990: Bilduma
  • 1991: Folk Lore Sorta I
  • 1992: Folk Lore Sorta II
  • 1992: Folk Lore Sorta III
  • 1994: Alboka
  • 1994: Banako
  • 1995: Zurartean
  • 1997: Hondarribian
  • 2012: Ser. Rafa Bocero eta Txomin Artola
  • 2021: Et Incarnatus Est

Erreferentziak

aldatu
  1. Pako Aristi: Euskal kantagintza berria, Erein, 1985.
  2. Deia, 2010/11/06. .