Big Bang delakoaren eskema

Unibertsoaren adinaz hitz egitean, astronomoen ustez, unibertsoa "Big Bangaren" ondorioz hasi zen, duela 13,8 mila milioi urte.

Hasieran, unibertsoa izugarri bero eta dentsoa zen, materia guztia orratz baten punta baino txikiagoa zen espazio batean baitzegoen bilduta. Bat-batean, leherketa oso bero bat gertatu eta ikaragarri azkar hasi zen zabaltzen. Segundo baten milioiren bat baino askoz ere denbora gutxiagoan, unibertsoa sagar bat baino handiagoa zen dagoeneko, eta oraindik ere zabaltzen jarraitzen du gaur egun. Big Bangaren ondoren, unibertsoak hedatzen eta hozten segitu zuen.

Lehenbiziko segundoetan, partikulak sortu ziren. Gero, lehenengo pare bat minututan neutroiak eta protoiak elkartu egin ziren lehen atomo-nukleoak sortzeko, besteak beste deuterioa, helioa eta litioa. Lehenbiziko atomoak behin unibertsoa gehiago zabaldu eta hoztu ondoren sortu ziren, Big Bangetik 380.000 mila urtera gutxi gorabehera. Orduan, unibertsoa gehienbat hidrogenoz eta helioz osatutako hodeiz bete zen, eta horri esker argia batera eta bestera arazorik gabe mugitzeko gai izan da harrezkeroztik. "Lehen argi" hau gaur egun ere ikus daiteke espazioaren hondoko mikrouhin erradiazioan.

Galaxien sorrera

aldatu

Big Bangetik ehundaka milioi urtera, lehen izar eta galaxiak hasi ziren sortzen gas hodeietako eremu dentsoenetan. Lehenbiziko izar horiek gaur egun ikusten ditugunak baino askoz ere handiagoak eta indartsuagoak ziren, eta lehenbiziko galaxiak, berriz, gaur egun ditugunak baino askoz ere txikiagoak, eta askoz ere gertuago zeuden bata bestearengandik.

Eguzkiaren, planeten eta kometen sorrera

aldatu

Gure eguzki-sistema orain dela 4,6 mila milioi urte inguru sortu zen, nebula izeneko gas eta hautsezko hodei handi batetik. Nebularen eremu dentsoena kolapsatzen hasi zen pixkanaka. Inguruko gasa eta hautsa oso azkar mugitzen hasi ziren, eta zurrunbilo bat sortu zen bertan. Zurrunbilo honek gasa eta hautsa bildu zituen bere erdigunean izugarrizko indarrarekin, eta gas eta hauts horien tenperatura eta dentsitatea handitzen eta handitzen joan ziren Eguzkia, gugandik gertuen dagoen izarra, sortu zen arte. Eguzki sortu berriaren inguruko zurrunbiloko hauts partikula gehienak bata bestearekin talka egiten eta pilatzen joan ziren, azkenean planetak sortu arte. Gaur egun, zortzi planetek, beren ilargiek eta beste hainbat objektu txikik, asteroide eta kometek alegia, egiten dute bira Eguzkiaren inguruan.

Lurraren historia

aldatu

Eguzki-sistema leku iskanbilatsua zen hasieran, planeta bilakatu nahi zuten objektuen arteko talka asko izaten baitziren. Bonbardaketa handien aro deitu izan zaio garai horri. Lurrak talka handi bat jasan zuen sortu eta 100 milioi urtera, gutxi gorabehera. Ustez, talka honen ondorioz sortu ziren hondakinek eratu zuten Ilargia. Lurrak sarritan jasan behar izaten zituen asteroide eta kometen talkak garai hartan, planetak sortu ondoren horrelako hondar asko geratu baitziren eguzki-sisteman. Lurra sortu zenean arroka urtuz zegoen osatua, baina hozten joan zen lurrazal gogorra eta ozeanoak eratu arte.

Hasieran, ez zegoen urik Lurrean. Baliteke gure planetaren aurka talka egin zuten kometa eta asteroideek ekarri izana ura hona. Lurrak talka hauek guztiak jasan izana ez da frogatzeko hain erraza, planetaren lurrazala asko aldatu baita denboran zehar uraren, plaka tektonikoen mugimenduen (adibidez, lurrikaren eta sumendi-erupzioen), eguraldiaren eta higaduraren ondorioz. Ilargiaren azalean, ordea, errazago ikusten da hori, denboran zehar jasan dituen talkek eragindako krater mordoa baitaude. Izan ere, Ilargiaren azala oso gutxi aldatu da sortu zenetik, eta horregatik ikusten dira hain erraz iraganeko aztarnak.

Lehen izaki bizidunak Lurra sortu eta mila milioi urtera agertu ziren gutxi gorabehera, orain dela 3,5 mila miloi urte alegia. Lurreko lehen izaki bizidunak bakterio mikroskopikoak ziren. Izaki bizidunek aurrera egin ahala, fotosintesiaren bidez Eguzkiaren energia baliatzen ikasi zuten, eta lehen landareak hasi ziren agertzen.

Lehenengo ugaztunak duela 200 milioi urte inguru azaldu ziren Lurrean. Hala ere, nahiko txikiak ziren eta ez ziren asko nabarmendu orain dela gutxi gorabehera 66 milioi urte dinosauroak desagertu ziren arte. Izan ere, asteroide edo kometa handi batek Lurraren aurka talka egin omen zuen garai hartan gaur egungo Yucatán penintsulan, Mexikon. Talka horrek eragindako klima aldaketa izan zen dinosauroak desagertzearen arrazoia.

Dinosaurorik geratzen ez zenez, ugaztun txikiak nagusitu ziren, eta azkar hasi ziren era eta neurri askotariko ugaztun berriak azaltzen. Duela 2,5 milioi urte inguru agertu ziren Lurrean gizakion lehen arbasoak, eta homo sapiens, gure espeziea, duela 200.000 urte gutxi gorabehera. Orain dela 5.000 urte, gure arbasoek hainbat egitura erraldoi eraiki zituzten, Stonehenge esate baterako, eta teleskopioa duela 400 urte baino ez zen sortu eta zerurantz zuzendu.