Atomoak materiaren osagai txikienak dira. Begi hutsez ezin dira ikusi, mikroskopikoak direlako. Gure inguruan dauden objektu eta gauza guztiak atomoz osatuta daude: gure gorputza, zuhaitz bat, ura, airea, gure ordenagailua, boligrafo bat, janariak.... Substantzia batzuk atomo desberdinek osatzen dituzte (adibidez, urak bi atomo mota ditu: hidrogenoarena eta oxigenoarena), eta beste batzuek atomo mota bakarra dute (adibidez, burdinazko plaka batek burdinazko atomoak besterik ez ditu).
Atomoen konbinazioek molekulak eratzen dituzte. Ur molekula batek bi atomo hidrogeno eta atomo bat oxigeno ditu, adibidez. Kimika da atomo eta molekulen konbinazioak ikertzen dituen zientzia.
Atomoen osagaiak
aldatuAtomoen barruan hiru partikula daude (hidrogeno-1 isotopoan izan ezik): protoiak, neutroiak eta elektroiak. Protoiak eta neutroiak atomoaren erdialdean daude, bere nukleoan. Elektroiak, berriz, nukleoaren inguruan, biraka. Hiru partikula horiek, gainera, karga elektriko ezberdina dute: protoiek, karga positiboa; neutroiek karga neutroa (ez positiboa, ez negatiboa), eta elektroiek karga negatiboa. Protoiak eta neutroiak elektroiak baino askoz handiagoak dira.
Partikula horien kopurua da atomoak bereizten dituena. Atomo mota bakoitzak protoi, neutroi eta elektroi kopuru propioa dauka. Adibidez, sodio atomo batek 11 elektroi, 11 protoi eta 12 neutroi ditu. Oxigeno atomo batek 8 elektroi, 8 protoi eta 8 neutroi. Karbonoak 6 elektroi, 6 protoi eta 6 neutroi. Hidrogenoa da atomo sinpleena; protoi bat eta elektroi bat besterik ez ditu (neutroirik ez).
Atomo guztiek protoi eta elektroi kopuru bera dute. Karga elektriko positibo eta negatiboen kopuru bera, alegia. Horregatik atomoak neutroak dira (ez dute karga elektrikorik).
Atomo mota bakar batez osatutako substantziei elementu kimiko deitzen zaie. Elementu kimikoak letra bakar batez idazten dira: H hidrogenoa da, O oxigenoa da, C karbonoa da, etab.