Eguraldia Lurreko atmosferak leku eta une jakin batean duen egoera da, batez ere tenperatura, hezetasuna eta haizea kontuan hartuz. Eguraldia oso aldakorra izaten da, batez ere Lurreko zona epeletan; horren arabera, hainbat eguraldi mota bereizten ditugu eguneroko bizitzan: eguzkitsua, euritsua, lainotsua, haizetsua, sargoritsua, beroa, epela, freskoa, hotza, lehorra, hezea, etab; eta, noski, eguraldi ona eta txarra.

Normalean "eguraldiak" goian aipatutako elementu meteorologiko horiek denbora-tarte labur batean duten aktibitatea erakusten du. Epe luzeagoan eguraldiak erakusten dituen joera nagusien ezaugarriei begiratzen badiegu, aldiz, ezaugarri eta joera nagusi horiei klima deitzen diegu; klima ikertzen duen zientzia klimatologia da.

Eguraldi estazioak

aldatu

Eguraldi estazioak deitzen dira eguraldiaren zernolakoak neurtzeko erabiltzen diren instalazioak. Haietan, batez ere, tenperatura, haizearen abiadura eta norabidea, presio barometrikoa eta hezetasuna neurtzen dira. Neurketa horietatik ateratako datuetan oinarritzen dira meteorologoak eguraldi-iragarpenak egiten, ordenagailuak eta modelo matematiko oso zabalak erabiliz.

Eguraldiaren eragileak

aldatu

Eguzkitik Lurrera iristen den beroak du eraginik handiena eguraldian: Lurreko tropikoak dira bero gehien jasotzen dutenak, eguzkiak zuzen-zuzen jotzen duelako haien gainean; aldiz, bero gutxien jasotzen dutenak bi poloak dira, eguzkiak zeharka jotzen duelako bertan, angelu apal batekin.

Bestalde, aireak ura izaten du berarekin nahasirik. Horri hezetasuna deitzen zaio. Aireko ur hori hozten denean, lurruna (edo gasa) izatetik likido izatera pasatzen da, kondentsazioa deitzen den prozesuaren bidez. Orduan, prezipitazioak sortzen dira, ur hori euri edo elur modura erortzen denean grabitatearen eraginez. Airea hozten da atmosferan gora igotzen denean. Tenperatura desberdinean dauden bi haize-masaren mugimenduak dira haizea deitzen duguna. Mugimendu horri zirkulazio atmosferikoa deitzen zaio.