Espeziea izaki bizidun mota bat da; zehazki, izaki bizidunak (gizakiok barne) sailkatzeko erabiltzen ditugun talde sinpleetako bakoitza. Biologiak, hau da, izaki bizidunak ikertzen dituen zientzia-arloak, bai landareak bai animaliak sailkatzen ditu hainbat irizpideren arabera; espeziea, hain zuzen, horiek sailkatzeko erabiltzen den unitaterik sinpleena da.
Biologiak espezie batean edo bestean kokatzen ditu izaki bizidunak. Espezie bereko izaki bizidunek ezaugarri nabarmenki oso antzekoak dituzte, eta haien artean ugaltzeko eta ondorengoak (kumeak) izateko gai dira. Beraz, txakurra eta katua ez dira espezie berekoak; txakur eta katu mota edo arraza asko daude, baina mota horiek guztiak espezie berekoak dira, zeren haien artean ugaltzeko gai baitira, nahiz eta zenbait ezberdintasun eduki. Txakur eta katu batek, ordea, ezin dituzte elkarrekin ondorengoak izan.
Bestalde, espezie bateko animaliek beste espezie bateko animalien ezaugarri berdin batzuk izan ditzakete; kasu honetan, esaten da espezie horiek genero berdinekoak direla. Biologiak, izen zientifikodun sistema bat erabiltzen du izaki bizidunen genero eta familien barruan espezie desberdinak bereizteko.
Sistema hau Carl Linneo izeneko zientzialari batek asmatu zuen XVIII. mendean, izaki bizidunak lehen aldiz sailkatu zituenean ikuspuntu biologiko batetik; geroztik zerbait hobetu bada ere, gaur egun sailkapen hori bera erabiltzen dugu oraindik. Sailkapen horretan, espezie bakoitzari izen bikoitz bat egokitzen zaio: lehenengoak generoa adierazten du, eta bigarrenak espezie zehatza. Beraz, adibidez, Biologiak dio otsoak, txakurrak eta koioteak genero berekoak direla, canis generokoak; izan ere, hiru animalia horiek ezaugarri nabarmenki berdin asko dituzte. Hala ere, otsoen izen zientifikoa canis lupus da, txakurrena canis lupus familiaris, eta koioteena canis latrans.