Stonehenge.

Stonehenge Neolito garaian eraikitako monumenturik ospetsuenetako bat da. Britainia Handiko Wiltshire konderrian dago, Ingalaterrako hegoaldean, Londrestik 142 km-ra. Haren harri erraldoiak (megalitoak) hainbat kilometrotatik ikus daitezke.

Stonehenge duela milaka urte eraikitzen hasi ziren, K.a. 3000 inguruan, baina Hurrengo mila urteetan aldaketa asko egin zizkioten monumentuari; azken aldaketak Brontze Aroan egin zizkioten, K.a. 1500 inguruan.

Ez dakigu ziurtasun osoz zergatik edo zertarako eraiki zuten, baina seguraski jendea erritu erlijiosoak egiteko bilduko zen han.

Nola eraiki zuten? aldatu

Lehenik eta behin, harriak moztu eta forma eman zieten. Arkeologoen ustez, antzinako britainiarrek egurrezko ziriak sartu zituzten harrobietako harrien arrakaletan, puskatzeko. Egurra urez bustitzen zenean, zabaldu eta harria zatitzen zuen. Ondoren, eraikitzaileek zizelen eta mailuen bidez, forma ematen zieten.

Gero, harriak monumentuaren lekura eramaten zituzten. Ziurrenik, ibaietatik baltsetan garraiatu zituzten lehendabizi eta, ondoren, lurretik, gizon eta idien taldeei esker. Uste denez, harriak egurrezko lera erraldoietan jartzen ziren eta lurrean arrastaka eramaten zituzten, enborren gainean.

Harriak beren tokian kokatzeko, eraikitzaileek zanga edo zulo sakonak egin zituzten. Harriak haien ondora eraman eta, gero, sokak erabiliz tente jartzen zituzten. Zangak harriz betetzen zituzten harkaitz handiak beraien lekuan tinkoago mantentzeko.

Zertarako eraiki zuten? aldatu

Batzuen ustez, Stonehenge eguzkiaren eta ilargiaren mugimenduak aztertzeko erabiltzen zen, behatoki astronomiko baten antzera. Beste batzuek gaixoak sendatzeko leku bat zela pentsatzen dute.

Antzinako britainiarrek uste zuten eguzkiak eta ilargiak beraien bizitzan eragina zuen botere berezia zutela.  Litekeena da bertan zeremonia bereziak egitea udako solstizioan (urteko egunik luzeenean) eta neguko solstizioan (urteko egunik laburrenean).

Aditu batzuen aburuz, Stonehengen hiletak egiten zituzten. Hildakoak Avon ibaian zehar eramaten zituztela iradokitzen dute, eta ondoren bertara igotzen zituztela prozesio handi batean. Urteko hileta-zeremoniarik garrantzitsuena, ziur aski, neguko solstizioaren gauean ospatzen zen.

Stonehenge Britainia Handian aurkitu diren ehunka harrizko zirkuluetako bat baino ez da. Brontze Aroan, harriz edo egurrez eraikitako zirkuluak oso garrantzitsuak ziren herri britainiarraren bizitza erlijiosoan.