Cabárcenoko parkeko hartzak.

Parke zoologikoak animaliak gorde eta bisitariei erakusten zaizkien lekua da. Zooak aukera ona izaten dira bestela ikusiko ez genituzkeen animaliak ikusteko.

Zooek hainbat helburu dituzte. Alde batetik, bisitariei animalien habitat eta portaerei buruzko irakaspenak ematen dizkiete. Bestetik, galzorian dauden animaliak ―naturan hiltzeko arriskuan dauden animaliak, alegia― babesten saiatzen dira. Zoo batzuek galzorian dauden animalia horiek ugaltzen laguntzen dituzte. Batzuetan animaliak naturara bueltatzen dituzte.

Nola bizi dira animaliak? aldatu

Zoo gehienetan, animaliak aterpe batzuetan gordetzen dituzte. Batzuetan aterpeak kanpo-eremu hesitu batekin konektatuta daude. Naturan elkarrekin bakean bizi diren animaliak elkarrekin jartzen dituzte batzuetan. Kaiolak, hesiak eta langak egoten dira animaliak ihes egitea eragozteko. Hesiek, gainera, animaliengana gehiegi hurbiltzea eragozten diete bisitariei.

Zooak, normalean, saiatzen dira animalientzat euren habitat naturalen antzeko esparruak egiten. Esparru horietan, animaliek naturan ikusiko lituzketen zuhaitzak, arrokak eta bestelako gauzak daude; askotan artifizialak izaten dira, naturalak izan beharrean, eta material iraunkorrez eginak daude, animaliek eragindako kalteak gutxitzeko. Zooaren eraikinen barruko argia eta tenperaturak animalien gustura jartzen dira. Adibidez, gauez aktiboak diren animaliak egunez ilun eta egunez argi mantentzen diren eraikinetan egoten dira.

Eremu irekiko zooak edo kanpo-zooak tamaina nahiko handikoak izaten dira. Landa zabaletan egoten dira. Horrelako zooetan, animaliak baldintza naturalagoetan egoten dira. Eremu irekiko zoo ugarik esparruetan animalia mota bakarra izaten dute, lehoi-talde bat, esate baterako. Beste batzuek animalia-talde desberdinak jartzen dituzte batera. Eremu irekiko zoo batzuk hain dira handiak, non bisitariek kotxeetan bisitatu behar izaten dituzten. Honelako zoo bat badago Euskal Herritik nahiko hurbil, Cabárceno herrian (Kantabria). Euskal Herrian, esparru itxiak dituen zoo bat besterik ez dugu, Karpin Abentura izenekoa, Karrantzatik hurbil, Bizkaian.

Historia apur bat aldatu

Zooak oso aspalditik existitzen dira. Antzinako Txina, Egipto, Grezia eta Erromako agintariek animalia-bildumak izaten zituzten. Zoo horietako batzuk pribatuak ziren; beste batzuk, ordea, publikoarentzat irekita zeuden. XVIII. mendean, Europako hiri nagusietan ireki ziren zooak, hala nola, Vienan (Austria), Madrilen (Espainia) eta Parisen Frantzia. XIX. mendearen erdialdean, mundu osoan zehar hasi ziren zooak irekitzen. Gaur egin 1.000 zoo baino gehiago daude munduan.