Habitat bat animalia edo landare baten bizilekua da. Lurreko ia leku guztietan (basamortu beroenetan eta leku izoztuenetan ere) dago habitat bat animalia eta landare batzuentzako. Habitat gehienetan, animalia eta landareen komunitateak daude, baita ura, oxigenoa, lurra edo harea eta arrokak.
Habitat motak
aldatuBi habitat mota nagusi daude: lehorreko habitatak eta uretako habitatak. Lehorreko habitaten artean, oihan tropikalak, basamortuak edo mendiak daude. Oihan tropikaletako klima oso hezea denez, beste edozein habitatek baino animalia eta landare espezie gehiago hartzen ditu.
Basamortuetan berriz, ia urik gabe bizi daitezkeen animaliak eta landareak bizi dira. Mendiko habitateko lurra mehea izan ohi da eta tenperatura, hotza. Hori dela eta, animalia eta landare indartsuak bizi dira hor. Beste lurreko habitat batzuk basoak, larreak eta tundrak dira.
Ureko habitatak ur gazikoak edo ur gezakoak izan daitezke. Ur gezako habitatak ibaiak, errekak, zingirak, padurak, urmaelak eta laku edo aintzirak dira. Ur gaziko habitatak, berriz, ozeanoak, itsasoak, aintzira gaziak eta ur gaziko zingira eta padurak dira. Animalia eta landare batzuk, arrainak eta algak adibidez, beti bizi dira uretan. Beste batzuk, igarabak eta alga batzuk esaterako, uretan eta uretatik kanpo bizi dira.
Egokitzapena
aldatuDenbora luzean zehar, animaliak habitatera moldatzen dira. Horrek esan nahi du animaliek hainbat ezaugarri garatzen dituztela bizirauteko. Animaliak egokitu egiten dira, habitatean babesturik egoteko, janaria aurkitzeko eta mugitu ahal izateko.
Adibidez, habitat hotzetan bizi diren animalia askok ile lodi ugaria izaten dute berotasuna mantentzeko. Zenbaitek ilaje zuria dute, etsaiek ez ikusteko inguruetan elurra dagoenean. Basamortuko dortokaren oskol gogorrak hezetasuna mantentzen du eta etsaiengandik babesteko balio du. Izurdeek gorputz hidrodinamikoak dituzte ozeanoan azkar igeri egiteko. Jirafek lepo luzea dute zuhaitzen gainaldean dauden hosto xamurrak hartu ahal izateko. Horiek guztiak habitatera egokitu diren animalien adibideak dira.