Lehoi eme bat

Lehoia animalia ugaztun bat da, Afrikan eta Asiako hegoaldean bizi dena.

Arra eta emea desberdinak dira. Arrak ile handia dauka buruan eta emeak ez.

Haragijalea da eta ñuak, gazelak, zebrak eta abar jaten ditu. Emeek taldean ehizatzen dute eta arrek beren lurraldea zaintzen dute.

Ar batek 250 kilogramoko pisua izan dezake. Emeak txikiagoak dira, 180 kilogramo ingurukoak. Lehoiak normalean taldetan bizi ohi dira; emeek taldea sortzen dute, eta haiekin familia harremanik ez duen ar batekin eta kume guztiekin bizi dira. Emeek ehizatzen dute, eta arrek lurraldea zaintzen dute. Kume arrak, heltzean, familiagunetik kanporatuak dira.

Emeak 18 eta 26 hilabete artean izaten ditu kumeak. Zoologikoetan daudenean, urtean behin dute kumaldia. Lehoi emearen ernaldiak (umeak edukitzeko denbora) 110 egun irauten du: kume bat eta lau artean izaten ditu aldi bakoitzean. Zoologikoetan 30 urte arte bizi izaten dira, baina basatiak direnean arrak 12 urte eta emeak 16 urte inguru bizi ohi dira.

Hedapena aldatu

Gaur egun, lehoi gehienak Afrikako hego eta mendebaldean bizi dira, baina haien bizilekuak oso arin gutxitzen ari dira. Gaur egun Afrikan 16.500 eta 47.000 lehoi artean besterik ez dagoela kalkulatu da. Ez dago argi espezie honen urritzea zergatik gertatzen ari den, baina biologo askoren ustez gizakiarena litzateke erru nagusia.

Lehoiek askatasunean bizirik iraungo badute, beharrezkoa da natura parkeak zaintzea.

Mutur ahaltsu batzuekin, baraila sendoarekin eta zortzi zentimetroko letagin batzuekin, lehoia bigarren felino bizidun handiena da, tigrearen ondoren. Harrapakin handiak hil ditzake eta bere koloreak beise argitik marroi horixkara doaz, gorrixka edo okre ilunetatik pasatuz. Behealdeak argiagoak izan ohi ditu eta isatsaren muturrean ileak beltzak ditu. Lehoi umeek heldutu ahala galtzen duten ilaje pinttoa dute, nahiz eta batzuetan hanketan eta sabelean mantentzen den, lehoi emeetan batez ere.

Lehoi helduetan, arren pisua 150-250 kg-en artean izan ohi da eta emeena 120-182 kg inguruan. Buruaren eta gorputzaren luzerari dagokionez, 1,70 - 2,50 metrokoa da arretan eta 1,40 - 1,75 metrokoa emeetan. Isatsak metro bat inguru neurtzen du. Bai arrak bai emeak, isatsaren amaieran ile-mulu bat dute brotxa formarekin.

Adatsa aldatu

Lehoi arraren adats edo melena da ezaugarri nabarmena da espezie honetan. Lehoi arrari handiago eta harroago itxura emateko dela pentsatzen da. Lehoi arrek beste arrekin lehian eta beste harrapariak kikiltzeko baliatzen dute. Adatsaren tamaina eta koloreari dagokienez, baldintza genetikoekin, heldutasun sexualarekin, klimarekin eta testosterona-ekoizpenarekin lotuak dira. Orokorrean, zenbat eta ilunago eta trinkoagoa den adatsa, orduan eta osasuntsuagoa da lehoia.

Lehoi taldeak aldatu

Bi lehoi talde mota daude:

  • Saldoak: 5-6 lehoi emez, haien kumeez eta ar batez edo koalizio deiturikoan elkartutako bi arrez osatutako taldeak.
  • Nomadak: lurralde handietatik zehar ibiltzen dira, batzuetan bakarrik eta bestetan bikoteka.

Dieta aldatu

Lehoiak animalia haragijaleak dira, hau da, beste animalia batzuk jaten dituzte. Harrapakinari hozka egin eta itoarazita hil ohi dute. Gehien ehizatzen dituzten animaliak, ñuak, bestelako zerbido handiak, zebrak, basurdeak eta afrikar bufaloak dira. Noizbehinka, eta lehoi talde handia baldin bada, jirafak, hipopotamoak (soilik lehorrean), errinozero gazteak eta elefante kume edo gazte galduak ere ehizatzen dituzte.

Tamaina oso handiko animaliak haien harrapakin ohikoenak ez izan arren, jirafak, hipopotamoak, errinozero gazteak eta elefante kume zein gazteak ehizatzen trebatu diren lehoi talde handiak badaude.

Beste harrapariak ehizatzeko aukera badu haiek ere ehizatuko ditu (gehienetan konpetentziagatik jan barik hil egiten dituzten arren), lehorrean galdutako krokodiloak, gepardoak, lehoinabarrak eta afrikar txakur basatiak. Hienak salbuespena dira, hienak hil egiten dituzte harrapakinen lehiakide nagusiak direlako (harrapakin berdinak ehizatzen dituzte, gepardo eta lehoinabar bakartiek harrapakin txikiagoak ehizatzen duten bitartean), baina ez dute inoiz haien gorpurik jaten.

Beraz, orokorrean (eta hienak ez ezik), harrapari gehienak lehiakidetzat hartu eta jan barik hiltzen dituzte, besteak beste, hain animalia txikiekin asetuko ez liratekeelako (ñuen pisuaren goratik dagoen haragi kopurua behar dute).

Ehizatzeko joera baduten arren, esan beharra da lehoiak oportunistak eta sarraskijaleak ere badirela. Izan ere, elikaduraren gehiengoa hilda topatzen dituzten animaliak janez edo beste harrapariek ehizatutakoa lapurtuz lortzen dute.