Eiffel dorrea, Paris hiriaren ikurretako bat.

Paris Mendebaldeko Europako hiri bat da, bai eta Frantziako hiriburua eta hiririk handiena ere. Herrialdearen iparraldean dago, Sena ibaiaren ertzean.

2018ko datuen arabera, hiriak 2,2 milioi biztanle inguru ditu, baina metropoli-eremuan (hiria bera eta inguratzen duten beste udalerriak kontatuz), 12,4 milioi biztanle bizi dira. Europar Batasuneko metropoli-eremurik handienetan bigarrena da, Londreskoaren ondoren.

Historia apur bat

aldatu

Julio Zesarrek K.a. I. mendean konkistatu zituen Parisii izeneko tribu zeltaren lurrak. Erromatarrek Lutetia Parisiorum izena eman zioten haien herriskari, eta III. menderako, Paris izena gelditu zitzaion.

Mendebaldeko Erromatar inperioa desagertu zenean, frankoen tribu germaniarrak okupatu zuen lurralde hura, eta 506. urtean Klovis I.a erregeak haren erresumako hiriburu bihurtu zuen. Baina Karlomagnok Germaniako Akisgran hirira aldatu zuen hiriburua. Frantziako Erresuma sortu zenean, X. mendean, Paris haren hiriburua bihurtu zen.

XVIII. mendearen bukaeran, 1789an, Frantziako Iraultza Parisen hasi zen. Geroago, Napoleon Bonaparteren inperioko hiriburua izan zen 1804tik 1815era arte. Geroztik, hiria hainbat aldiz konkistatu zuten kanpoko armadek: 1871n, Prusiako armadak hartu zuen, eta Alemaniako naziek 1940an. Zorionez, hiriak ez zuen gerra horietan kalte handirik izan.

Leku ikusgarriak

aldatu

Paris da mundu osoko hiririk garrantzitsuenetako bat turismoarentzat. Urtero, 40 milioi bisitaritik gora jasotzen ditu, turismo-arduradunen arabera. Izan ere, hiriak eta haren inguruak leku ikusgarri asko ditu; adibidez, Eiffel dorrea, Notre-Dame katedrala, Garaipen-Arkua, Sacré-Cœur basilika, eta abar. Gainera, Louvre eta Orsay museoak munduko garrantzitsuenetakoak dira. Disneyland Paris parkea ere nahiko hurbil dago.