Habsburgotarren mendeko lurrak XVI. mendearen erdian.

Habsburgo XII. mende bukaeratik 1918ra arte Austria gobernatu zuen errege-familia izan zen. Denbora-tarte laburragoetan Europako beste hainbat herrialdetan ere izan zuten aginpidea. Herrialde horien artean Bohemia (gaur egun Txekiar Errepublikaren zati bat), Hungaria eta Espainia daude.

Habsburgotarren lehen agintaria Rodolfo I.a izan zen. 1273an, Alemaniako errege koroatu zuten. Urte batzuk geroago, Rodolfo I.ak Austriaren kontrola hartu zuen, eta ordutik, Austria izan zen familia honen boterearen gune nagusia.

Frederiko V.a Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadore izendatu zuten 1452an. Orduan, Frederiko III.a izena hartu zuen. Germaniako Erromatar Inperio Santuaren parte zen mendebaldeko eta erdialdeko Europako zati handi bat. 1452 eta 1806 bitartean, hau da, inperioaren amaiera arte, Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadore guztiak, bat izan ezik, Habsburgotarrak izan ziren.

Habsburgotarrak eta Espainia

aldatu

Familia honen boterea XVI. mendean nagusitu zen, Karlos V.a enperadorearekin. Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadore eta Espainiako errege izan zen, eta haren agindupean zeuden Europako lur guztiak, Ingalaterra, Frantzia eta Errusia izan ezik. Ozeano Atlantikoaren beste aldean ere, Mexiko eta Peruko inperio garrantzitsuak konkistatu zituen Karlos V.aren armadak.

Hil aurretik, Karlos V.ak lurrak bere anaiaren eta semearen artean banatu zituen. Horrek bi adarretan banatu zuen familia. Adar batek Espainian agindu zuen 1700era arte, eta beste adarrak gainerako inperio guztia gobernatu zuen. 1804az geroztik, haien agindupean zegoen lurraldea Austriar Inperioa deitu zen.

Inperioaren amaiera

aldatu

XIX. mendean zehar, Austriar Inperioko herri batzuek burujabeak izan nahi zuten; hungariarrak ziren talde horietako bat. Hungariarren matxinada baten ondoren, Habsburgotar enperadoreak Hungariako Erresumaren autonomia onartu zuen 1867an. Era honetan, estatu berri bat jaio zen, Austria-Hungariako Inperioa.

XX. mendeak inperioaren amaiera ekarri zuen, ordea; Lehen Mundu Gerran Austria-Hungaria galtzaileen taldean egon zen. Horrela, 1918an gerra bukatu zenean, inperioa hautsi eta Habsburgotarren nagusitasuna bukatu egin zen.