Euskal Herria oso lurralde menditsua da. Mendilerro gehienak mendebalde-ekialde norabidean kokaturik daude. Arrokarik ohikoena kareharria da, baina badira beste material batzuez osatutako mendiak ere (Aiako Harria izeneko mendia, adibidez, granitozkoa da). Mendirik garaienak ipar-ekialdean daude, eta Hiru Erregeen Mahaia izenekoa da denetan altuena bere 2.428 metroekin.
Bi multzotan bereiz ditzakegu:
- Pirinioetako mendiak
- Euskal mendiak
Pirinioetako mendiak
aldatuMendi hauek Pirinioetako mendilerroaren mendebaldeko ertzean daudenak dira, Euskal Herriaren ipar-ekialdean. Bertan daude Euskal Herriko mendirik altuenak. Euskal Pirinioak ez daude mendilerro honetako mendirik altuenen artean eta, oro har, ez dira oso mendi garaiak; izan ere, Pirinioetako mendirik garaienak 3.000 m baino gehiagokoak izaten dira, eta euskal Pirinioetako mendirik altuena Hiru Erregeen Mahaia da, 2.438 metrorekin. Euskal Herriaren barruan, tontorrik garaienak Nafarroan eta Zuberoan daude: Ezkaurre (2.050 m) eta Arlas (2.044 m) Nafarroan, eta Orhi (2.017 m) Zuberoa eta Nafarroa artean.
Euskal Pirinioetako mendi hauek, esan bezala, ez dira oso garaiak, baina bai oso aldapatsuak; haitzarte sakonak egon ohi dira haien artean, ibaien jarduera biziaren eraginez. Dena dela, iparraldeko isurialdean, erliebea askoz leunagoa da hegoaldekoan baino, haran zabal eta sakonune txikiekin.
Mendien osaera-materialei begiratuta, granito, arbel, kuartzita eta eskistoz osatutako mendiak dira, baina hareharriak, kareharriak eta konglomeratuak ere badaude.
Kanpoko mendikateak ere sartzen dira erliebe-unitate honetan; hau da, Pirinioen hego isurialdetik Ebroko sakonunera bidean daudenak: Erreniega, Alaitz, Izko eta Leireko mendikateak. Dena dela, mendikate hauek ez dira jarraituak, ez dute loturarik euren artean.
Euskal Pirinioetako mendietan hiru multzo bereiz daitezke:
Iparraldeko isurialdeko mendiak
aldatuEuskal Pirinioetako iparraldeko isurialdean, lurraren erliebea jaisten joaten da ekialdetik mendebaldera eta zenbat eta iparralderago, leunago bihurtzen da.
Pirinioetako ardatzeko mendiak
aldatuGutxi gorabehera bi isurialdeen artean dauden mendiak dira, Erronkariko ekialdetik hasita Bortzirietako mendiguneraino. Ez dira oso garaiak, baina bai aldapa handikoak. Mendigune hauek loturarik ez dute elkarren artean; hau da, ez dute mendilerrorik osatzen, eta ibaiek sortutako sakan eta haitzarte sakonek bereizten dituzte. Bidasoa ibaiaren haitzartea aipa daiteke haien artean.
Hegoaldeko isurialdeko mendiak
aldatuEuskal Pirinioetako hegoaldeko isurialdean, bi mendikate-multzo bereizten dira:
- Barrualdeko mendikateak: euskal Pirinioetako mendirik altuenak daude hemen. Aipagarriena Orhi mendia da, 2.021 metrorekin. Auñamendi altuagoa da (2.507 m), baina euskal lurraldetik kanpo dago. Horma bertikal samarreko eta aldapa malkartsuko mendiak dira, ibaiek irekitako arroil artean kokatuak.
- Kanpoaldeko mendikateak: Pirinioen hego isurialdetik Ebroko sakonunera bidean dauden mendikateak dira. Aipagarrienak Erreniega, Alaitz, Izko eta Leireko mendikateak dira. Dena dela, mendikate hauek ez dira jarraituak, ez dute loturarik euren artean.
Euskal mendiak
aldatuEuskal mendiak Kantauriar mendikatearen eta Pirinioen artean dauden mendiak dira, bai Euskal Autonomia Erkidegoan eta baita Nafarroako Foru Erkidegoan ere kokatuak. Ez dira oso mendi altuak (tontorrik altuenak 1.500 m inguru ditu). Mendi hauetako arrokarik ohikoena kareharria da, baina badira beste material batzuez osatutako mendiak ere; adibidez, Aiako Harria, granitoz osatua. Bide batez, Aiako Harria (Gipuzkoa, Nafarroako mugatik hurbil), askoren iritziz, euskal Pirinioetako lehen mendia da mendebaldetik hasita, baina, nolanahi ere, Nafarroako Pirinioetako tontorrekin konparatuta, askoz txikiagoa da bere 837 metroekin.
Eremu honetan, hainbat mendilerro daude, gehienak mendebalde-ekialde ardatzean kokatuak, itsasoarekin paraleloki. Honako hauek bereiz daitezke:
Uren banalerrotik iparraldera
aldatuEskualde menditsua da, eta itsasotik zenbat eta hurbilago, eta altuera txikiagoko mendiak daude. Eskualde honetako mendiak honela sailka ditzakegu:
- Kostaldeko mendiak: itsasotik hurbilen daudenak dira, Gipuzkoaren erditik hasi eta Bizkaiko mendebaldeko muturreraino; ez daude mendilerro batean elkarturik. Ez dute garaiera handirik, gehienak 1.000 metrotik beherakoak dira. Hori bai, zenbat eta ekialderago, orduan eta altuagoak dira. Aipagarrienak Ernio (1.075 m), Erlo (1.026 m), Oiz (1.029 m) eta Ordunteko mendilerroa dira.
- Erdiko ibaibideetako mendiak: Uren banalerrotik hurbilago daudenak dira, iparraldeko isurbideko ibai nagusien erdiko ibaibideen aldean. Ez dira 1.000 m-tara iristen. Izazpi (972 m), Murumendi (867 m) eta Urko (793 m) mendiak dira Gipuzkoan, eta Ganekogorta (998 m), Eretza (887 m) eta Sollube (684 m) mendiak Bizkaian.
Uren banalerroko mendiak
aldatuIsurialde kantauriarraren eta mediterranearraren arteko muga markatzen duten mendi eta mendilerroak dira. Euskal Herria bi zati ezberdin samarretan erdibitzen dute, 100 km inguruko lerro batean, mendebalde-ekialde ardatzean.
Salbada mendilerroan hasten dira mendebaldean, eta Gorbeia eta Anboto mendiak (Araba eta Bizkaia artean), Aratz eta Aizkorriko mendilerroa eta Urkilla eta Elgeako mendilerroak (Araba eta Gipuzkoa artean) eta Aralar mendilerroak (Gipuzkoa eta Nafarroa artean) dira.
Mendirik aipagarrienak Aitxuri (1.551 m), Gorbeia (1.475 m) eta Irumugarrieta (1.400 m) dira.
Uren banalerrotik hegoaldera
aldatuHemengo lurraldea lauagoa da, eta mendilerroak eta lautadak topatzen dira tartekaturik. Altuera gutxiagoko mendiak dira gehienak. Euskal mendietako uren banalerrotik hegoaldera, sakonune bat dago: Arabako lautada. Honek 675 km2 ditu guztira, eta bi ibai aipagarri daude, Zadorra eta Araia ibaiak. Honako mendi eta mendilerroak daude hemen:
- Arabako mendebaldeko mendilerroak: Badaia, Arkamu, Gibijo, Salbada eta Arrato mendilerroak. Arabako lautada mendebaldetik ixten dute.
- Erdialdeko mendilerroak: Entziako eta Iturrietako mendilerroak eta Gasteizko mendiak (Araban), Urbasako eta Andiako mendiguneak (Nafarroako mendebaldean). Arabatik Nafarroaraino doaz, mendebalde-ekialde ardatzean.
- Hegoaldeko mendilerroak: Toloño mendilerroa (Arabako hegoaldean) eta Kodesko mendilerroa (Araba eta Nafarroa artean). Altuerarik aipagarriena Palomares mendia da (1.446 m).