Joan den asteotan, lanean aritu naiz Irène Némirovsky idazlearen artikulua hobetzen (bide batez, eskertu behar dizkiot @Theklan lankideari emandako laguntza teknikoa eta artikulua argitaratu nuenean bidalitako eskerrak).
Frantsesezko bertsioa jarraitu dut —bera baita guztietan osatuena eta onena, nire ustez—, funtsean, baina osagarri batzuk erantsi dizkiot, nahitaezkoak nire ustez, Némirovskyk Euskal Herriarekin izan zituen harremanei buruz.
Artikuluak oin ohar ugari (129) eta erreferentzia oraindik ugariagoak (243) ditu. Hori ere ez nekien egiten, artikulu honekin ikasi dut, hau da, erreferentziak multzokatu egin daitezkeela, bereizteko, adibidez —nik egin dudan bezala— azalpenezko oin oharrak, alde batetik, eta bibliografiaren erreferentzia hutsak, bestetik.
Bereizkuntza horrek testuaren argibide osagarriak argiago uzten dituen arren, guztira hainbeste direnez, zalantza bat gelditu zait oin ohar eta erreferentzien dei zenbakien (hau da, parentesi karratuen barruan eta letra goi-indize gisa agertzen diren loturen) kokapenaz.
Dei zenbakia esaldi baten barruan ezarri behar da batzuetan, nahitaez, izen, termino edo hitz jakin bati bakarrik dagokiolako; horrelakoetan, ez dago zalantzarik, adibidez:
(a) , Paul Morand[oh 46] eta haren
Aldiz, esaldi baten amaieran ezarri behar baldin bada, esaldi osoari dagokiolako erreferentzia, orduan hasten zaizkit zalantzak: dei zenbakia puntuazio mark(ar)en ostean ipini, ala esaldiaren barruan, puntuazioaren aurretik? Adibidez:
(a) ama batek baztertuta.[4]
(b) ama batek baztertuta[4].
Aitortuko dizuet artikuluaren zati handi bat idatzi bitartean (b) eredua erabiltzen joan nintzela, ziurrenik frantsesezko artikuluak eredu hori erabiltzen duelako, mimesi hutsa eginda. Idazketan aurreratu ahala, ordea, zalantzak sortzen hasi zitzaizkidan, kasu korapilatsuagoak bidera ateratzen zitzaizkidan neurrian; adibidez:
(a) (Irma soilik sinagogan)[1]
(b) (Irma soilik sinagogan[1])
(a) yiddishari eta erlijioari estekatuak...[16]
(b) yiddishari eta erlijioari estekatuak[16]...
(a) betiere, «ahizpa nagusia».[21]
(b) betiere, «ahizpa nagusia»[21].
(b') betiere, «ahizpa nagusia[21]».
(a) negozio bidaietan,[27][oh 7] eta Annak
(b) negozio bidaietan[27][oh 7], eta Annak
(a) Moika[35] edo Neva[36] ibaira.[oh 9]
(b) Moika[35] edo Neva[36] ibaira[oh 9].
Begiratu bat eman nion beste hizkuntzetan zein irizpide erabiltzen duten, baina argitasun gutxi aurkitu nuen; egia esateko, denetarik dago, baina ingelesez gehienetan (a) eredua erabiltzen dutela ohartu nintzenez, erabaki nuen, azkenean, (a) eredua erabiltzea beti: esaldia den bezala idatzi, barruan ahal den traba gutxiena jarrita, puntuazio markak eta guzti idatzita, eta gero ipini dei zenbakia(k).
Uste dut horrela, alde batetik, esaldiak garbiago gelditzen direla, dei zenbaki asko dituzten artikuluetan; eta, bestetik, argiago gelditzen da dei zenbakien asmoa edo esanahia: esaldi barruan badoa, lotuta duen hitz zehatz horri dagokio; esaldi amaieran badoa, berriz, esaldi osoari dagokio.
Tira, badakit ez dela hila ala biziko auzi bat, baina zuen iritzia jakin nahi nuke.
Mila esker aurrez.