Capri
Capri[1] Italiako uharte bat da, Tirreniar itsasoan dagoena, Napolesko golkoaren hegoaldean, Sorrento penintsularen aurreko aldean. Administratiboki, Napoliko probintziakoa da Capri uhartea, Campania eskualdekoa. Erromatarren garaitik izan da turismo-gune, edertasun naturalak emandako ospearengatik.
Capri | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Mendirik altuena | Monte Solaro (en) |
Garaiera | 589 m |
Mota | uharte |
Luzera | 6,3 km |
Zabalera | 2,7 km |
Azalera | 10,4 km² |
Geografia | |
Koordenatuak | 40°33′00″N 14°14′00″E / 40.55°N 14.233333333333°E |
Honen parte da | Campaniar uhartedia |
Kokapena | Napoliko golkoa |
Herrialdea | Italia |
Eskualdea | Campania |
Italiako hiri metropolitarra | Metropolitan City of Naples |
Ur-gorputza | Tirreniar itsasoa |
Geografia
aldatuAzaleraz 10,36 km² da, eta gutxi gorabehera 17 km-ko perimetroa dauka Capri uharteak. Uharteko mendirik altuena Solaro da, 589 metro alturakoa; beste mendi eta mendixka batzuk: Cappello (515 m), San Michele (262 m), Tiberio (334 m) eta Tuoro (265 m).
Uhartean udalerri bi daude, Capri hiriburua eta Anacapri. Capri hiriburuan bi portu daude bata bestearen ondoan: Marina Piccola (portu txikia) eta Marina Handia, azken hori da uharteko porturik nagusiena.
Turismorako erakargarriak dira, besteak beste, portu txikia, Tragarako Belvederea, Faraglioniak (itsasotik ikusten diren kareharrizko mendiguneak), Anacapri, Grotta Azzurra ('Haitzulo Urdina'), eta batez ere erromatarren villen aztarnak.
Historia
aldatuJakina da erromatarrak bizi izan zirela hirian, baina gizakiaren aztarnek Neolitora eta Brontze Arora arte garamatzate, aurkitu dituzten fosilek eta armek erakusten dutenez. Grekoak ere bizi izan ziren ujartean K.a. VII. mende inguruan.
Hainbat herrialde eta agintariren menpe egon ostean, 1806. urteko urtarrilean frantsesek hartu zuten uhartea, baina britainiarrek maiatzean kanporatu zituzten: portu estrategikoa eraiki nahi izan zuten, baina ez zuten erabat lortu. Urte hartan 3.000 biztanle inguru bizi ziren Capri uhartean.
Frantsesek 1808. urtean berreskuratu zuten irla, eta euren menpe egon zen harik eta 1815. urtean Bi Sizilietako Erresumako agintariei, Napolesko borboitarrei, utzi zieten arte.
XIX. mendearen bigarren erdian turismo-gune ospetsu bihurtu zen Europako artista, idazle eta bestelakoentzat; XX. mendean nazioarteko turismo-gune bihurtu zen.