Telegrafia optiko

Telegrafo optiko» orritik birbideratua)

Telegrafia optikoa komunikazio sistema izan zen, ikus-seinaleak erabiltzen zuena. Claude Chappe frantziarrak 1792an asmatutakoa izan zen era horretako sistemarik arrakastatsuena. Dorre edo goraguneetan kokatutako estazioak erabiltzen zituen, bakoitzetik hurrengoa ikusteko moduan lerrokaturik zeudenak. Horietako batean zegoen pertsonak egindako seinaleak ondorengo estazioan zegoenak ikusten zituen, eta, horrela, mezua transmititzen zen. Chapperen sistemak ez zuen iraupen luzerik izan, XIX. mendearen erdialdean transmisio elektrikoa etorri zelako.[1]

Louvreko telegrafia optikoko estazioa

Historia aldatu

Aspaldi hasi zen gizakia mezuak, euskarri fisikoan eraman gabe, urrutira bidaltzen. Sistema batzuek entzumena erabiltzen zuten horretarako. Persiako errege Dario I.a Handiak (K.a 522-486), Indiatik Danubiora iristen zen inperio zabalean mezuak bidaltzeko, ahots eta birika oneko menpekoak erabiltzen zituen mezuak batetik bestera oihukatzeko. Jende asko eskatzen zuen horrek, gehienez ere 200 metroko distantzian egon behar baitzuten oihulariek. Eta haizeak kontra gogor jotzen zuenean ez zen eraginkorra, ezta mezu sekretuak bidaltzeko ere. Gerora, kanpaiak eta antzeko tresnak erabili ziren hotsak urrunago irits zitezen.[2]

 
Telegrafia optikoan erabiltzen zen Chappe kodea.

Laster ikusmena erabiltzen zuten sistemak gailendu ziren. Greziarrak eta kartagotarrak sua erabiltzen hasi ziren. Gero, erromatarrek eta inkek kea baliatu zuten mezu zehatzagoak bidaltzeko. Eta kezko mezuen sistema nagusitu zen Erdi Aroko eta Aro Modernoko Europan ere. 1588an, Espainiako Itsas Armada Garaiezina Ingalaterrako kostaldera hurbildu zenean, ingelesek Plymouthetik ikusi zituzten ontziak eta handik ordu erdira iritsi zen Londresera berria, keari esker.[2]

Baina sistema horiek ezin ditugu telegrafia optikotzat jo, kode arautu eta bateraturik ez zutelako erabiltzen. Baldintza horiek betetzen zituen lehen sistema Frantzian ezarri zuen Claude Chappék 1792an. Goragune edo dorreetan erloju modukoak jartzean zetzan. Orratzak, ordua adierazi beharrean, zeinuak seinalatzen zituen banan-banan, pixkanaka mezua osatzen joateko. Berehala, nahi beste angelutan okertzen zen hagak ordezkatu zuen “erlojua”, eta angeluak interpretatuz irakurtzen ziren mezuak. “Telégraph” hitza ere orduan erabili zen lehenengoz. Sistema mende erdi inguru egon zen martxan, telegrafia lineen sarea ia 5.000 kilometrora iritsi zen, 534 estazio zituen eta 30 hiri lotzen zituen Paris hiriburuarekin.[2] Paris-Lille lineak 193 kilometro zeharkatzen zituen 15 estazioren bitartez, eta 32 minutu behar zituen, batez beste, mezu oso bat (36 sinbolo) hiri batetik bestera helarazteko.[3]

 
Gaztelako linearen dorrea, Quintanilla de la Ribera, Araba

Beste herrialde batzuetan ere antzeko sistemak abiarazi zituzten; esaterako, José María Mathé donostiar ingeniariak Espainian ezarritako Gaztelako linea. 1846an inauguratutako linea horrek Madril eta Irun lotzen zituen 52 estazioren bitartez, Valladolid, Burgos, Gasteiz eta Donostian barrena. Baina, XIX. mendearen erdialdean, elektrizitateak eta Morse kodeak ekarritako iraultzarekin, telegrafia optikoa bazterrera utzi zen.[2]

Erreferentziak aldatu

  1. Telegrafistak. Antzinako lanbideak, Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa (CC BY-SA 4.0), gipuzkoa.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-20).
  2. a b c d Irazustabarena, Nagore. Lehen eta azken telegramak. Argia aldizkaria, 2018ko maiatzaren 27a, Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Moldatu gabea (CC BY-SA 3.0), argia.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-20).
  3. Dubacq, J.C.; Butelle, F.. TD n⁰1: Sémaphores et transmissions. lipn.univ-paris13.fr (Noiz kontsultatua: 2018-11-21).

Kanpo estekak aldatu