Spiros Markezinis
Spiridon "Spiros" Markezinis (grezieraz: Σπυρίδων Μαρκεζίνης; Atenas 1909ko apirilaren 22a – ibidem, 2000ko urtarrilaren 4a) greziar politikaria izan zen. Greziako lehen ministroa izan zen 1973ko urritik azarora.
Zuzenbidea eta Zientzia Politikoa ikasi zituen eta abokatu gisa lan egin zuen. 1936tik 1946ra Jurgi II.a erregearen kontseilari izan zen. Bigarren Mundu Gerran eta alemaniarren okupazioan greziar erresistentziako milizietan borrokatu zen. 1946an Legebiltzarreko kide hautatu zuten Alderdi Nazionalista Batua ordezkatuz, eta handik gutxira Alderdi Berria sortu zuen.
1949an ministro izendatu zuten eta drakma debaluatuz ekonomia berrantolatzeaz arduratu zen.
1973an, Georgios Papadopulos diktadoreak lehen ministro izendatu zuen, erregimen parlamentariorako trantsizioa eta itzulera hasteko, baina ez zuen ezkerreko alderdien babesa lortu. 1973ko azaroko Atenasko Politeknikaren matxinadaren errepresioaren ondoren, kargutik kendu zuten.
1974an demokraziara itzultzeko negoziazioetan parte hartu zuen. Bere azken urteetan bere oroitzapenak eta Grezia garaikidearen historia politikoa idatzi zituen.