Ireki menu nagusia

Schreibers saguzarra edo koba-saguzarra (Miniopterus schreibersii) Euskal Herrian topatu daitekeen saguzar bat da. Schreiber saguzarra, koba-saguzar izenez ere ezagutzen dena, leize-zulotan gorde ohi den espeziea da. Miniopterus generoko Europako espezie bakarra da, eta Euskal Herriko lurralde guztian aurki daiteke. Talde handiak osatu ohi ditu kobazuloen barruan, gehienetan beste hainbat espezietako saguzarrekin batera, eta migrazio nahiko luzeak egiteko gai da. Bere kontserbazio-egoera ez da txarra, baina azken urteotan populazioek beherako joera hartu dutela ikusi da.

Schreibers saguzar
Miniopterus schreibersii dasythrix.jpg
Iraute egoera

Ia galzorian (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaChiroptera
FamiliaVespertilionidae
GeneroaMiniopterus Miniopterus
Espeziea Miniopterus schreibersii
Kuhl, 1817
Banaketa mapa
Distribution of Miniopterus schreibersii.png

Eduki-taula

ItxuraAldatu

  • Pisua: 9-16 gramo
  • Luzera: 50-62 mm
  • Hegal-luzera: 305-342 mm

Koba-saguzarra tamaina ertaineko (besagain-luzera: 43-50 mm) kiropteroa da eta 10 eta 20 gramo bitarteko pisua izan ohi du. Mutur oso motza du, eta kopeta nabarmenki handia eta irtena. Ilaje motza eta dentsoa du, marroi-gris kolorekoa. Saguzar gehienetan bezala, sabelaldea bizkarraldea baino argiagoa da. Koba-saguzarraren kasuan, gainera, sabelaldearen erdialdeko ileak ertzetakoak baino ilunagoak dira. Araldian daudenean, arren ilajea harroagoa izan ohi da, eta testikulu handiagoak izan ohi dituzte. Belarriak txikiak eta triangelu-formakoak dira, eta tragoa, berriz, txikia, aurrerantz irtena. Ezaugarri horiek direla eta, nahiko erraza da espeziea eskuan izan gabe identifikatzea, kobazulo batean eskegita dagoenean, esate baterako. Aspektu-ratio handiko hegoak ditu; hau da, luzeak eta estuak, eta ezaugarri horrek distantzia luzeko eta gune irekietako hegalari ona bihurtzen du espeziea. Hirugarren behatzeko bigarren falangea oso luzea da, lehenengoa baino hiru aldiz handiagoa, gutxi gorabehera. Plagiopatadioa orkatilan txertatzen da, eta uropatagioak ez du lobulu postkalkaneorik.   hortz-formula du.

EkokokapenaAldatu

Energia maximo frekuentzia 49-53 kHz-tan duten ultrasoinu-deiak igortzen ditu[1], eta saguzar mediterraneoaren (Pipistrellus pygmaeus) ekokokapen-deiekin nahas daiteke. Azken horren deiak, dena den, irregularragoak izan ohi dira.

BanaketaAldatu

Banaketa oso zabala duen espeziea da. Jatorri azpitropikala duen arren, Europan, Afrikan, Asian eta Australian ere aurki daiteke. Asiako eta Australiako animaliak espezie berekoak diren, ordea, eztabaidan dago. Europari dagokionez, hegoalde guztian arrunta da, Iberiar penintsulatik Kaukasoraino. Iberiar penintsula osoan aurki daiteke[2], hegoaldean eta mediterraneo inguruan arruntagoa den arren, eta mediterraneoko irla gehienetan ere badago[1].

Euskal Herrian eremu guztian aurki daiteke, baina kolonia gehienak Araban daude[3].

HabitataAldatu

Leizeetan gordetzen den espeziea da, eta gutxitan erabiltzen dituzte gizakiak sortutako eraikinak bertako arrakaletan gordetzeko. Era horretako gordelekuak, normalean, ale bakanek erabiltzen dituzte neguan edo udaberrian, edo ehiza eremua handitzeko pausaleku gisa ere erabili ditzakete. Habitat mota ugaritan bizi daiteke, ingurune menditsu zein lauetan; izan ere, espeziearen banaketaren baldintzatzailea ez da habitata, gordelekuak baizik. Itsas mailatik 1.400 metro bitartean aurkitu dira espezie honen koloniak[1].

ElikaduraAldatu

Bere hortzeria intsektu txikiak jatera moldaturik dago, eta lepidoptero gautarrak, neuropteroak eta dipteroak dira dietaren osagai nagusiak[4].

Ugalketa eta ontogeniaAldatu

Schreiber saguzarra enbrioiaren ezarpen atzeratua duen Europako espezie bakarra da. Hau da, zigotoa udazkenean sortzen da, kopularen ostean, baina ez da uteroan ezartzen harik eta hibernazioa igaro arte. Saguzarrak hibernazio-egoeratik irtetean hasten da garatzen enbrioia. 9 hilabete inguruko ernaldiaren ostean, emeak ekainean eta uztailean erditzen dira. Kumeek 2 hilabete inguru behar izaten dituzte garapena amaitzeko, nahiz eta animalia asko gai diren 40 egunen buruan hegan egiteko. Emeek bi urteren buruan lortzen dute heldutasun sexuala[1].

BizimoduaAldatu

Oso espezie taldekoia da, eta milaka alez osatutako koloniak eratzen dituzte urte guztian zehar kobazuloetan. Kumatze-garaian arratoi-belarri handiarekin (Myotis myotis), arratoi-belarri ertainarekin (Myotis blythii), ferra-saguzar ertainarekin (Rhinolophus euryale) eta ferra-saguzar mediterraneoarekin (Rhinolophus mehelyi) batera bil daitezke, baina neguan, normalean, ez dira beste espezieko animaliekin elkartzen, ferra-saguzar handiarekin (Rhinolophus ferrumequinum) salbu.

Hego-morfologiak oso azkar hegan egitea ahalbidetzen die animalia hauei, eta migrazio-bidaia luzeak egiteko gai dira.

Espezieen arteko elkarrekintzakAldatu

Ez dira asko espezie honetaz elikatzen diren animaliak, baina horien artean bat nabarmentzekotan hontz zuria (Tyto alba) azpimarratu beharko litzateke. Animalia horrez gain, soro-muxarraren (Eliomys quercinus) eta katajinetaren (Genetta genetta) predazioak erregistratu dira Iberiar penintsulan.

Bizkarroiei dagokienez, parasito-karga handia duen espeziea da. spinturnix psi akaroak, esate baterako, urte guztian zehar parasitatzen du eta Ixodes simplex kaparra ere aipatu behar da. Barne-bizkarroiei dagokienez, berriz, bi trematodo nabarmendu behar dira: Molinostrongylus panousei eta Litomosa ottavianii.

KontserbazioaAldatu

IUCN-ren arabera, ia zaurgarri (NT) dagoen espeziea da. Espainian, aldiz, zaurgarri (Vu A2ac) kategoria eman zaio. Kategoria hori, ale kopuruan oinarrituta baino, horien beherakadak behartuta eman zaio. Kobetako espezie gehienekin gertatu bezala, Schreiber saguzarraren kontserbazio-egoeraren baldintzatzaile nagusia kumatze- edo hibernazio-kolonietan gizakiak duen eragina da. Espeziea oso zaurgarria da leize-zuloen sarrerak ixteko ezartzen diren metalezko egituren aurrean, maniobrabilitate txikia duelako.

ErreferentziakAldatu

  1. a b c d   Dietz C, von Helversen O, Nill D (2009) Bats of Britain, Europe & Northwest Africa Londres: A&C Black .
  2.   Palomo JL, Gisbert J, Blanco C (2007) Atlas y Libro Rojo de los Mamíferos Terrestres de España Madril: MMA .
  3.   Aiharza JR (2001) Quirópteros de Araba, Bizkaia y Gipuzkoa: distribución, ecología y conservación Bilbo: EHU .
  4.   Presetnik P (2002) Diet and biology of Schreiber's bat (Minipterus schreibersii) at castle Grad na Gorickem (NE Slovenia). Ljubljana: Unibersität Ljubljana .
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Schreibers saguzar  
Wikispezieetan bada informazioa gehiago, gai hau dela eta: Miniopterus_schreibersii