Iruñeko Sanferminak
- Artikulu hau Iruñeko jaiei buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «San Fermin (argipena)».
Iruñeko Sanferminak Iruñeko jai nagusiak dira, mundu osoan ospetsuak. Uztailaren 6tik 14ra ospatzen dira gaur egun Iruñeko Sanferminak. Duela 400 urtetik gora uztailean egin izan da, 1591n, Bernardo Sandoval Iruñeko apezpikuak agindurik urriaren 10etik uztailaren 7ra aldatu zenetik, 1515ean Nafarroa Gaztelako Koroari lotu zioten eguna aldi berean ospatzeko.
Sanferminak | |
---|---|
Iruñeko Udaletxe plaza, txupinazoa bota baino segundo batzuk lehenago. | |
Tokia | Iruñea Nafarroa, Euskal Herria |
Antolatzailea | Iruñeko Udala |
Esanahia | Iruñeko jai nagusiak, San Fermin Amienskoaren omenez (egun nagusia: uztailaren 7a) |
Hasiera | uztailaren 6a, eguerdiko 12:00ak |
Amaiera | uztailaren 14a, gauerdiko 00:00ak |
Data | |
Data | Uztailaren 7 |
Ospakizunak | Egunero, Iruñeko entzierroa |
Webgunea | sanfermin.pamplona.es |
Sanferminak uztailaren 6an, eguerdiko 12etan, hasten dira urtero, Iruñeko udaletxeko balkoitik txupinazoa jaurtitzearekin batera. Ekitaldi hau oso jendetsua izaten da. Entzierroak festen muina eta ekitaldirik ezagunena dira. Goizeko 8etan abiatzen dira eta hauxe da ohiko ibilbidea: Santo Domingoko aldapa, Udaletxe plaza, Mercaderes kalea, Estafeta kalea, Telefonicako tartea eta zezen plaza. Jaiak uztailaren 14an amaitzen dira, Gaixoa ni (gaztelaniaz, Pobre de mí) tradizionala abestuz.
Ernest Hemingway idazle ezagunak, The Sun Also Rises eleberriaren bitartez, mundu osoan ezagutarazi zituen Sanferminak, herrialde anglosaxoietan batez ere.
Fermin santua
aldatuKristau tradizioaren arabera, Fermin Amienskoa, batez ere San Fermin santu izenaz ezaguna, (Iruñea, 272 - Amiens, 303ko irailaren 25a) misiolari kristaua izan zen. Amiensko lehen gotzaina.
31 urte zituela burua moztu zioten. Amiensko eta Lesakako patroia. San Fermin, San Frantzisko Xabierrekin batera Nafarroako patroia da.
Elezaharren arabera Iruñean jaio zen, eta Firmo izeneko senatari pagano baten semea zen. Dena den, ikerketa historikoen emaitzek zalantzan jartzen dute santua benetan existitu zen, askoz geroagoko asmazioa baitirudi.
Txupinazoa
aldatuJaiei hasiera emateko, uztailaren 6an, eguerdiko 12:00etan, txupina botatzen da udaletxeko balkoitik. Juan Etxeparek hasi zuen tradizio hau 1931 urtean. Milaka pertsona elkartzen dira plazan ekitaldi honetan. Urtero hitz berdinak errepikatzen dira suziria bota aurretik: Pamploneses, Pamplonesas, Iruindarrak, ¡Viva San Fermín! Gora San Fermin!
Zezenak
aldatuEntzierroa
aldatuEntzierroa goizero ospatzen den ekitaldia da. Bertan arratsaldean zezenketan parte hartuko duten zezenak euren lo-lekutik zezen plazara eramaten dira.
Goizero 8:00etan hasten da zuziri batekin. Korrikalariek Santo Domingo aldapa igo ondoren, Udaletxeko plazatik pasa eta Merkatari kalea zeharkatzen dute. Horren bukaerara heldu aurretik, Estafeta kalea hartzen dute bihurgunean. Kale hori bukatuta, Telefonica kaleko zatia egiten dute harik eta zezen plazara sartu arte.
Guztira 848 metroko ibilbidea da.
Ganadutegiak
aldatuUrtero 8 ganadutegietako zezenek egiten dute korri Iruñean uztailaren 7tik 14ra. Segidan urtero etorri diren ganadutegien zerrenda, ezkerretik eskuinera, lehen entzierrotik azkenera.
- 2007: Dolores Aguirre, Miura, Fuente Ymbro, Cebada Gago, Jandilla, Marques de Domecq, Antonio Banuelos eta Victorino Martin.
- 2008: Conde de la Corte, Cebada Gago, Fuente Ymbro, El Ventorrillo, Jandilla, Dolores Aguirre, Miura eta Núñez del Cuvillo
- 2009: Alcurrucén, Cebada Gago, El Ventorrillo, Jandilla, Dolores Aguirre, Miura, Fuente Ymbro eta Núñez del Cuvillo
- 2010: Peñajara, Cebada Gago, Fuente Ymbro, Dolores Aguirre, Miura, Victoriano del Río, El Pilar eta Jandilla.
- 2011: Torrestrella, Cebada Gago, Dolores Aguirre, Miura, Fuente Ymbro, Victoriano del Río, El Pilar eta Núñez del Cuvillo.
- 2012: Dolores Aguirre, Miura, Cebada Gago, El Pilar, Fuente Ymbro, Victoriano del Río, Juan Pedro Domecq eta Torrehandilla.
- 2013: Alcurrucén, Dolores Aguirre, Valdefresno, Victoriano del Río, Torrestrella, El Pilar, Fuente Ymbro eta Miura.
- 2014: Torrestrella, Dolores Aguirre, Victoriano del Río, Garcigrande, Jandilla, Fuente Ymbro, Adolfo Martin eta Miura.
- 2015: Jandilla, Del Tajo y La Reina, Victoriano del Río, Fuente Ymbro, Jose Escolar, Conde de la Maza, Garcigrande eta Miura.
- 2016: Fuente Ymbro, Cebada Gago, Jose Escolar, Pedraza del Yeltes, Jandilla, Victoriano del Río, Nuñez del Cuvillo eta Miura.
- 2017: Cebada Gago, Jose Escolar, Puerto de San Lorenzo, Fuente Ymbro, Jandilla, Victoriano del Río, Nuñez del Cuvillo eta Miura.
- 2018: Puerto de San Lorenzo, Jose Escolar, Cebada Gago, Fuente Ymbro, Nuñez del Cuvillo, Victoriano del Río, Jandilla eta Miura.
- 2019: Puerto de San Lorenzo, Cebada Gago, Jose Escolar, Jandilla, Victoriano del Río, Nuñez del Cuvillo, La Palmosilla eta Miura.
- 2022: Nuñez del Cuvillo, Fuente Ymbro, José Escolar, La Palmosilla, Cebada Gago, Jandilla, Victoriano del Río eta Miura.
- 2023: La Palmosilla, José Escolar, Cebada Gago, Fuente Ymbro, Núñez del Cuvillo, Jandilla, Victoriano del Río eta Miura.
- 2024: La Palmosilla, Cebada Gago, Victoriano del Río, Fuente Ymbro, Domingo Hernández, Jandilla, José Escolar eta Miura.
Zezenketak
aldatuTradizio berriak
aldatuGizakien entzierroa
aldatu2002. urteaz geroztik, uztailaren 5ean, urtero-urtero, PETA (People for the Ethical Treatment of Animals, Animalienganako Tratu Etikoaren Aldekoak) erakundeak lasterraldi ezin originalagoa antolatzen du betiko entzierroaren ibilbidean barrena, uztailaren 7tik 14a bitarte goizeko zortzietan egiten den horren ibilbide berean. Entzierroaren aurkako entzierroa da, zeina giza gozamen hutserako animalien erabilpenaren kontrako errebindikazio bilakatzen baita.
Entzierro honetan parte-hartzaileak biluzik joaten direla da deigarriena, edo ia biluzik. Larru gorritan edo kasik. Gauza dibertigarria, jai girokoa eta baketsua denez gero, ospakizunak Gobernuaren Ordezkaritzaren baimena eta guzti izaten du.
Telebista eta egunkarietako azaletan agertzea lortu dute maiz, Iruñean ez baita askotan ikusten gizon eta emakume biluziz osaturiko saldoa karriketan gora eta behera korrika. Gutxika-gutxika zaleak batu dituzte, 2002-an 20 lagun ziren eta egun ehunka dira parte-hartzaileak, izan ere.
Ekintza honek Iruñean Sanferminen inguruko tradizio bitxi bihurtzeko bidea darama.
Uztailaren 15eko entzierroa
aldatuFestak ofizialki uztailaren 14an bukatzen dira, baina 15ean ere bada festa, eta bada festa ahal den guztia, entzierro eta guzti, luza dadin ahal duen guztia egiten duena. Uztailaren 15eko entzierroak Billabesaren Entzierro gogoangarrian du jatorria, 1985ean egiten hasi zena. Iruñean hiri-autobusei deitzen zaie billabesa (Villavesa), eta uztailaren 15ean, horrezkero festa ofiziala akiturik zegoela, Santo Domingo aldapan gora zihoan autobusak ohiko zezen saldoa ordezkatzen zueneko lasterraldia zen billabesaren entzierroa.
Entzierro hau bestearen pareko zeremoniarekin egiten zen. Santuari abesten zitzaion (botila batez ordezkatuta), piztia zirikatzea debekaturik zegoen, e.a. Ezarririko ordenari egiten zitzaion txantxa zen. Eta ezarririko ordenari, jakina, ez zitzaion halakorik gustatzen eta, beraz, bere eskuan zegoen guztia egin zuen "billabesaren entzierroa" pikutara joan zedin. Denbora dezente joana da zortzietako billabesa kendu zutenetik, baina berdin zion; azokara igotzen zen banaketarako furgoneta bat erabili ohi zen, edota Santo Domingo karrikan gora egiten zuen edozein ibilgailu.
2012an bizikleta baten aurrean egin zen delako entzierroa, polizien presentziarekin. Hauek eragozteari ekin, istiluak gertatu eta are bost lagun atxilotu zituen poliziak, ibilgailuen trafikoa oztopatzen ari omen zirela-eta. Ordu gutxira libre utzi zituzten.
Nabarreriako iturria
aldatuNabarreriako iturria edota Santa Zezilia iturria,alde zaharreko iturri bat da, Nabarreria kaleko maldaren hasieran kokatua dago. Festa hauetan atzerritarrak alkohol edo drogen efektupean iturrira igotzen dira geroago beraien buruak beheko jendartera botatzeko.
Iruñeko Erraldoi eta Buruhandien konpartsa
aldatuIruñeko erraldoiek 150 urte baino gehiago dute, eta festaren ikur nagusietakoa dira. Egurrez, kartoiz eta oihalaz egindako irudiak dira eta goizez ateratzen dira egunero konpartsakide, gaita-jotzaile, txistulari, kiliki, buruhandi eta zaldikoekin batera. Gaur egungoak Tadeo Amorenak egin zituen 1860an, 4 bikote irudikatzen zituztela 4 kontinenteak eta munduko arrazak, Ozeania izan ezik: Europako errege-erregina zuriak, Asiako errege-erregina horiak, Afrikako errege-erregina beltzaranak eta Ameriketako errege-erregina beltzak. Europako erreginak 59 kilogramo eta Afrikako erregeak 66.5 kg dituzte, eta altuera 3.9 metrokoa da.
Lehenengo aipamena hala ere XVI. mendeko bigarren hamarkadakoa da, José María Corerak eginda, eta Arturo Kanpionen eleberriaren arabera ("Don García Almoravid"), 1276tik etorriko zen tradizio hau, baieztapen historikorik egon ez arren.
Konpartsa beraz 8 erraldoiek, 6 zaldikoek, 5 buruhandiek ("Alcalde", "Concejal", "Japonés", "Japonesa" eta "Abuela") eta 6 kiliki ("Verrugas", "Napoleón", "Barbas", "Coletas", "Patata" eta "Caravinagre").
1965ean bidaiatu zuten New Yorkera bertako nazioarteko erakusketarako, eta ezin izan ziren atera erraldoi beltzak zirela eta. Gertaera hau jaso du Fermin Muguruza artista irundarrak "Black is Beltza" lanean (2015).
Peñak
aldatu- Aldapa.
- Alegría de Iruña.
- Anaitasuna.
- Armonía Txantreana.
- Los de Bronce.
- El Bullicio Pamplonés.
- Donibane.
- Irrintzi.
- La Jarana.
- Muthiko Alaiak.
- Oberena.
- Rotxapea.
- Sanduzelai.
- San Fermin.
- El Txarko.
- La Única. Peñarik zaharrena da hau, 1903an sortua.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatuEuskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Nafarroa |
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Iruñea |