San Martin eliza (Ardatz)
San Martin eliza Erdi Aroko tenplu kristaua da, Itzagaondoko Ardatzen dagoena, Nafarroa Garaian. erromaniko berantiar estiloa eraikia, barnealdean XIV. mendeko margolan gotikoak dauzka.[1]
San Martin eliza | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Nafarroa Garaia |
Udalerria | Itzagaondoa |
Koordenatuak | 42°44′13″N 1°25′19″W / 42.73689982°N 1.42192087°W |
Eraikina
aldatuErromaniko berantiarreko eraikina da, XIII. mendeko zenbait ezaugarri protogotiko ere dauzkana. Bost ataldun nabe bakarra dauka, kanoi zorrotzeko gangaz estalitakoa, eta zirkuluerdi-formako absidea. Hurrengo mendeetan zenbait berrikuntza egin ziren: XVI.ean hiru albo-kapera erantsi zitzaizkion, eta XVII.ean Migel Altuna eta Manuel Elduaien harginek ezkildorrea birmoldatu eta sakristia eraiki zuten. Portalea neoklasikoa da, XVIII. mendekoa.[2]
Erretaulak
aldatuHiru erretaula daude:[3]
- Erretaula nagusia, barrokoa, San Martin Tourskoari eskainia.
- Ebanjelioaren aldeko kaperakoa, barrokoa, Santa Katalina Sienakoari eskainia.
- Epistolaren aldekoa, 1560 inguruan egindakoa, traza platereskoarekin, Ama Birjinari eskainia.
Horma irudiak
aldatuXIV. mendeko margolanak 2002an aurkitu ziren, eliza berritzeko lanak egiten ari zirelarik. Sabaian baino ez daude ikusgai, gainerakoak suntsitu baitziren. Lau ataletan banaturik daude: gangaren hegoaldeko eta iparraldeko horma zatiak, parpain-arkuak eta mentsulak.[1]
Eneko Tuduri arte historialariaren arabera, gangaren hegoaldeko eta iparraldeko horma atalek aurkakoak diren bi testuinguru irudikatzen dituzte: zerua eta infernua dira; urdina eta gorria. Hegoaldeko gangak arimen epaiketa irudikatzen du, eta bekatariak infernuko garretan erretzen direla erakusten da. Iparraldean, berriz, irudi ugari ageri dira otoitz egiten; tartean, aingeruak.[1]
Argi koroa duten emakumezkoak ere daude gangaren iparraldean, emakume santuak dirudite. Hala ere, horien artean, aureolarik gabeko lau emakume daude, dotore jantzirik; garaiko andre noble batzuk dira. Eszena horren azpian Grez familiaren armarria dago eta, haren alboan, Luis Evreuxkoaren, Nafarroako erregearen anaiaren, armarri pertsonala. Dokumentu historikoen arabera, Grez familiako Petra deituriko emakume bat Luisen semearen inudea izan zen, garrantzi handiko kargua garai hartan. Beraz, horma irudiko emakume horietako bat Grezko Petra izan liteke.[1]
Parpain arkuetan, berriz, egutegi bat ageri da. Latinez idatzirik daude hilabeteen izenak eta, horietako bakoitzaren alboan, hamabi eszena daude, nekazariek sasoi hartan egiten zituzten lanak erakusten dituztenak. Urtarrilean Jano erromatar jainkoa agertzen da, buru bakarrarekin baina hiru aurpegirekin. Bi giltza ditu esku artean: bat joan den urtea ixteko erabiliko du, eta bigarrena, aldiz, urte berria irekitzeko.[1]
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d e Madariaga, Ainize, Enzunza Mallona, Olatz. Espero gabeko kointzidentzia bat. Berria, 2023ko azaroak 19, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
- ↑ AAA. Ardanaz: Iglesia de San Martín. romanicodigital.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
- ↑ Rius Saleta, Carmina. San Martin parrokia. Ardanaz de Izagaondoa. Auñamendi Entziklopedia [on line], 2023, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).