San Ignazioren Kongregazioa

San Ignazioren Kongregazioa (izen osoz, Hiru Euskal Probintzietan Jaiotakoen eta Ondorengoen Errege Kongregazioa; berez gaztelaniaz: Real Congregación de Naturales y Originarios de las Tres Provincias Vascongadas) Madrilen finkatutako elkarte historiko bat da, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako euskal herritarren interesak eta beharrak asetzeko. Elkartearen jatorrizko izena hauxe izan zen: Real Congregación Nacional de Hijos, y Originarios de las tres muy nobles, y muy leales provincias de Cantabria.[1] Egun, ideologikoki oso kontserbadoretzat jotzen dira. Madrilgo San Ignazio eliza gestionatzen du.

Madrilgo San Ignazio eliza.
Atarian San Inazioaren biografiaren pasartea erliebean azalduta.

1715ean sortu zenetik, elkarteak gorabehera eta aldaketa handiak izan ditu. Jatorriz, erakunde honen helburua Gaztelako Gortean eta erregearen aurrean nazio presio talde gisa funtzionatzea zen, arabar, bizkaitar eta gipuzkoar jatorriko euskal eliteek osatua. Gaztelako Koroako gorteko lobby garrantzitsuenekotzat jotzen zen garai hartan, eta haren hasierako lan handiena izan zen 1717ko Errege Aginduaz hasitako aztoramenduan, euskal aduanak kostaldera eramateko ahaleginean, errege gortearekin negoziatzea, 1722tik aurrera bereziki. Negoziazio horien emaitza 1727an lotu zen Koroarekin, euskal lurralde horientzat 1839 arte iraun zuen estatus instituzionala ezarriz.

Historia aldatu

1715eko apirilaren 20an bildu ziren ehun eta hogeita lau euskal herritar, Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak, elkarri laguntzeko. Aurretik, antzeko beste elkarte asko sortuak ziren, besteak beste, Sevillan (1540), Cádiz (1626), Lima (1635), Mexiko (1681)... Sortzaileen artean nobleak, elizako karguak, militarrak, itsas gizonak, merkatariak zeuden.[2]

Euskal Herritik joandako erakunde publikoen ordezkariek edo Madrilen bizi ziren euskal herritarrek osatzen zuten. Lehendabizi, elkartuko zituen motibo bat ezarri zuten, guztiek onartua: San Ignazio hiru lurraldeotako patroi zaindari izendatzea. Gainera, jesuiten eliza hartu zuten elkargune eta beren ospearen sinbolotzat: San Ignazio Loiolakoaren eliza. Gaztelako Errege Gortearen aurrean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundien ordezkariak zeinek bere aldetik negoziatu ohi zuen, baina elkarren interesak defendatzeko eta, hartara, indar gehiago egiteko, bilgune honetan elkartu ziren.

1729an errege xedapen batek Madrilgo Kongregazioa Mexikoko Arantzazuko Ama Birjinaren Anaidiarekin lotu zuen. Hasierako urteak arrakastatsuak izan ziren, baina XIX. mendean, 1807 eta 1836ko desamortizazioak zirela eta, elkarteak jabegoak galdu zituen, erabat desagertzera heldu gabe. Dena den, 1864an gogoz sortu zen berriz. 1936ko martxoan, bestetik, Madrilgo eliza erre egin zen. 1940tik 1943ra, Alberto Atxa Urioste arkitektoaren agindupean eliza berreraikia izen zen.[2]

Egungo egoera aldatu

Elizak martxan jarraitzen du eta meza elebidunak egiten dira, batzuetan Madrilgo Euskal Etxearekin elkarlanean. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako aldundiek azken urtetan egin diren konponketetarako diru-laguntzan eman zieten.[3] Erakundearen egungo presidentea José Manuel Cajigas García-Inés da.[4]

300 urte aldatu

2015eko apirilaren 20an, erakundearen 300 urtemuga ospatu zen. Helburu horrekin Maite Agirrebeñak logo bat prestatu zuen. Urtemugarekin bat ekintza desberdinak antolatu ziren: antzerki saioak, hitzaldiak, meza berezia... Meza nagusian Iñigo Urkulluk, EAEko Lehendakariak, parte hartu zuen. Ignacio Amestoy idazleak elizan bertan antzerki-lana estreinatu zuen: La confesion de Loyola. Monserrat, 1522 (Loiolaren aitortza. Montserrat, 1522).[5]

Partaide ospetsu batzuk aldatu

Soziologikoki partaide gehienak komertzianteak eta Madrilen bizi ziren politikariak. Haiekin batera noblezaren partaide asko. Hona hemen izen batzuk:[6]

  • Enrique Aguilera Gamboa (1845-1922), Cerralboko markes. Haren ondare artisktikoa Madrilgo Cerralbo museoan erakusten da.
  • Joaquín Arteaga Echagüe (1870-1947), Santillanako markesa, politikaria.
  • Ricardo Becerro de Bengoa (1845-1902), idazlea, katedraduna, politikaria.
  • Fermín Calbetón Blanchón (1853-1919), politikaria, abokatua.
  • Isabel Falguera Moreno, (1876an jaio), Santiagoko markesa.
  • Jose Hurtado de Amezaga Zavala (1867-1955), Riscaleko markesa.
  • Andres Avelino Salabert (1864-1925), Torrecillako markesa, Errege Jauregiko Nagusia.
  • Fermin Lasala Collado (1832-1917), politikaria.
  • Joaquín Sánchez de Toca (1852-1942), politikaria.
  • Julio Saracibar, arkitektoa (1841ean jaioa).
  • Trueba Aguinagalde, Antonio (1855-1944), musikagile eta organista.

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

Bibliografia aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu