Sahel[1] (arabieraz ساحل) Afrikako eskualde ekoklimatiko eta biogeografikoa da, Ozeano Atlantikotik Itsaso Gorriraino hedatzen dena, Sahara basamortuaren eta Sudandar sabanaren artean.

Sahelen kokapena.
 
Dromedarioak Txaden, ur-putzu baten ondoan.

Sahel arabierazko ساحل hitzetik dator, euskaraz "ertza" esan nahi duena.

Geografia

aldatu
 
Sahelgo landaredi joria urtaro euritsuan, Maliko Bamako-Kayes errepide bazterrean. Aurrealdeko zuhaitzak akaziak dira. Atzerago baobab handi bat.

Sahel 5.400 kilometroko luzera duen lur-zerrenda da, Ozeano Atlantikotik Itsaso Gorriraino hedatzen dena eta ehunka kilometroko zabalera duena. 3.053.200 kilometro koadroko eremua hartzen du. Sahara basamortuaren hegoaldeko muga osatzen du, eta lurralde hauek hartzen ditu: Senegalgo iparraldea, Mauritaniako hegoaldea, Niger ibaiaren itzuli handia Malin, Burkina Faso, Nigerko hegoaldea, Txadeko hego-erdialdea, Sudango erdi eta hegoaldea, Hego Sudango iparraldeko muturra eta Eritrea.

Orografia

aldatu

Lurralde laua da –ergak, behe-ordokiei atxikitako dunak eta zelaiak–, 500 metroko garaiera gutxitan gainditzen dituena.

Estepako klima beroa da Sahelgoa, BSh Köppen klima sailkapenaren arabera. Oso klima beroa eta euri urrikoa da, basamortukoaren eta tropikalaren artekoa. Bi urtaro daude: bata (negukoa) luzea eta lehorra eta bestea (uztailetik irailera) motza eta euritsua. Urteko batez besteko prezipitazioa 200 mm-koa da iparraldean eta 600 mm-koa hegoaldean.

Landaredia

aldatu

Sahelgo landaredi nagusiak larreak eta sabanak dira, baso eta sastraka batzuekin. Belarrak Sahelgo zati gehiena estaltzen du eta urteroko espezieak, hala nola, Cenchrus biflorus, Schoenefeldia gracilis eta Aristida stipoides, dominanteak dira. Zuhaitzei dagokienez Akaziak (ugariena den Acacia tortilis, Acacia senegal eta Acacia laeta) nagusitzen dira. Beste zuhaitz batzuk Commiphora africana, Balanites aegyptiaca, Faidherbia albida eta Boscia senegalensis dira. Iparraldean, larre eta sabanekin tartekaturik, basamortutar zuhaiskak agertzen dira, esate baterako, Panicum turgidum eta Aristida sieberana. Urtaro lehorrean zuhaitz gehienek hostoak galtzen dituzte eta urteroko belarrak ihartzen dira.

Historia

aldatu

Afrikako historiako erresuma handienetako batzuk eskualde honetan sortu ziren, hala nola, Ghanako Inperioa eta Maliko Inperioa. Inperio hauek Saharako basamortuan zeharko merkataritza kontrolatu zuten.

XX. mendeko idorteak

aldatu

Sahel-go oreka ahula askotan hautsia gertatzen da aldian behin izaten diren lehorteen ondorioz; hala, XX. mendean lehorte gogorrak izan dira 1910-1916, 1930-1931, 1940-1942, 1947-1949 eta batez ere 1968-1988 aldietan. Azken urteotako lehortea mendeko luzeena eta gogorrena izan zen, eta haren ondorio sozio-ekonomikoak izugarriak izan dira: 1970eko hamarkadako lehen urteetan ia erabat galdu ziren uztak eta behi aziendaren %50-70 desagertu zen. Aldi osoa (1968-1988) kontuan hartzera, zazpi urtetan besterik ez zuten nahiko uzta bildu, denbora bitarte horretan bikoiztu den biztanleriarentzat inola ere aski ez dena.

Aldi berean, nazioen arteko mugek larre aldaketa galarazi dute eta, ondorioz, zenbait aldetako alalekuek gehiegizko esplotazioa jasaten dute. Guzti horien ondorio nabarmenetariko bat hirietaranzko emigrazioa da, eta horien hazkuntza gaitza: Dakarko biztanleria, esaterako, 1965eko 375.000 biztanleetatik 1985eko 1.5000.000etara pasa zen.

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu