SCUM manifestua

Valerie Solanasen idazkia

SCUM (Society for Cutting Up Men; «Gizonak Sarraskitzeko Elkartea») Valerie Solanas ((Ventnor City, New Jersey, 1936ko apirilaren 9a - San Frantzisko (Kalifornia), Kalifornia, 1988ko apirilaren 25a)) idazle feminista erradikalak[1] 1967an Amerikar Estatu Batuetan plazaratutako manifestu soziala da, funtsezkoa feminismo erradikalarentzat, eta asmo literario eta satirikoarekin idatzia; hots, eztabaida pizteko helburua duena.

SCUM manifestua
Jatorria
Egilea(k)Valerie Solanas
Argitaratze-data1967
IzenburuaSCUM Manifesto (Society for Cutting Up Men Manifesto)
Jatorrizko herrialdeaAmeriketako Estatu Batuak
Ezaugarriak
Genero artistikoanarrazioa
Hizkuntzaingelesa
Argumentu nagusiafeminismo erradikala

Testuingurua aldatu

Ameriketako Estatu Batuetako 60ko hamarkadako feminismoaren bigarren olatuan kokatzen da, zeinetan artearen inguruan posmodernitatearen etorrerarekin Artearen Historian emakume artisten presentzia finkatu zen, baita hauen inguruko publikazioak (arte arloan Feminist Art Journal (1972-77), Woman’s Art Journal (1980), adibidez) agertzen hasi ere. Rosalind Krauss, Anna Isaak, Griselda Pollock edo Linda Nochlin bezalako historialariek Historia edo Artearen Historia feminista bat eraikitzeko pausuetan aurrerapenak egin zituzten gizarte patriarkalizatuan, Simone de Beauvoir eta beste aurrekarien testigua hartuz. Paradigma aldaketa bat eskatzen zuten disziplina ezberdinetan eman den ikerketa litzateke.

Kasu honetan, sexismo kultural hori aldatu beharra zegoen idazle horien hitzetan, instituzio guztiek legitimatu dutena gaur arte; beraz, kolokan jarri ziren instituzio horiek, beti gizonaren alde egon zirelako eta horren arabera idatzi zutelako historia. Horrekin batera, helburua berreraiketa oso bat zen, ez bakarrik emakumeak historian sartzeko, estruktura guztia gizon heterosexual zuriaren irudiaren inguruan sortu zelako; hitza emakumeari eman behar zitzaion. Emakume batek idatzitako testua dugu, bere ikuspegi propiotik garatua, hots, betidanik gizonek jarri zioten ahotsa emakumeei eta Solanas horrekin apurtu zuen lehenengotarikoa izan zen.

Manifestuaren funtzioa aldatu

 
Valerie Solanasen sinadura

Aipaturiko testuinguruko feminismo erradikalaren edukin teorikoa ezagutzeko funtsezko lehen mailako iturria dugu. Izan ere, 1968an emaniko Andy Warholen erailketa saiakerak itzalean utzi zuen aurreko urtean publikaturiko SCUM, baina gaur egungo kolektibo feminista ezberdinek erreferente aurrekaritzat kontsideratzen dute. Aldi berean, publikazioaren eta tiroketaren arteko erlazio estua proposatu dute zenbait historialarik: bere indibiduoaren gainbeheraren adierazle izan zela SCUM, ostera gertatuko zenaren seinale, edo, are gehiago, krimena manifestuaren teoria praxian jartzeko akzio fisikoa izan zela[2].

Idazlearen figurara gerturatzeko ere irakurri beharreko idatzia da, izan ere, berak esan bezala: “Irakurri nire manifestua eta zer naizen esango dizu”[3]. Hala, manifestuan eman daitezkeen kontraesanek Solanasen desoreka psikologikoaren gaineko mesfidantza sortu badezakete ere, ideia korpus autoritario eta konkretuen aldarrikapena garbia da.

Beraz, orokorrean, manifestuaren iturri balioa historikoa, filosofikoa, eta artistikoa ere bada, artean izaniko eragina medio. SCUM Manifestuak politikoki zuzena dena gainditzen duen proposamen bat eskaintzen du, feminismo erradikalaren kulminazio batean edo naturalismo nietzscheanoaren absurduaren azpimarraketan. Finean, SCUM Manifestuak ekuazio misoginoaren terminoak goitik behera moldatzen ditu, azken mendeetako ideologia patriarkalaren oinarrizko egitura kontzeptuala ukitu gabe.

Analisia aldatu

SCUM (Society for Cutting Up Men; Gizonak Sarraskitzeko Elkartea) Valerie Solanas idazle feminista erradikalaren testu polemikoa da, 1967an argitaratua. Sigmund Freud-en “emakumeen faloaren inbidiaren” teoriari homologo bat eskaini nahi izan zion. Manifestua ez zen oso ezaguna Solanas 1968an Andy Warhol hiltzen saiatu zenera arte, jendaurreko arreta esanguratsua ekarri zuen fenomenoa izanik, bai manifestura zein Solanasen figurara.

Batzuen ustez, 30 orriko manifestu hau satira harilkatzailea da, umorearen zentzu handia duena (“Gizonek Midasen don negatiboa gordetzen dute: ukitzen duten oro kaka bihurtzen da”[4]); esate baterako, Warholek berak Popism liburuan Valerie Solanas pertsona interesgarri eta dibertigarri gisa deskribatzen du. Beste batzuentzat aldiz, muturreko feminismoaren adibide bat da eta hori dela eta kondenatu beharra dago, hots, askotan erabili izan da feminismoa mugimendu bezala desakreditatzeko. Argi dago, ordea, orain arte planteatu ez diren ideiak mahai gainean jartzen dituela: XX. mende amaierako gizarte-oinarrien kontra jotzen du eta gizonek emakumeen aurka egiten dituzten gehiegikeriak salatu.

Azpimarratzekoa da, beste elementu batzuen artean, Aristotelesek proposatutako ikuspegiari buelta ematen diola:

« “Beste hitz batzuetan esanda, arra bukatu gabeko emakumea da, abortu ibiltaria, gene faseko abortua. Arra izatea adimen urrikoa da; sentsibilitate limitatuko adimen urrikoa. Birilitatea galera organikoa da, gaixotasuna, arra elbarri emozionala da”[5]. »


Aristotelesek eta Galenok emakumeen gorputza perfektua ez zela aldarrikatzen zuten maskulinoaren aldean, gizonei lotzen zitzaizkien propietate sortzaileak eta intelektualak jaiotzetik. Aristotelesen aburuz, emakumearen sexu-organoak ezkutatuta zeuden, sekretuagoak eta susmagarriagoak, ia atrofiatuta baleude bezala, eta gizonenak erabat garatuta. Kasu honetan, Valerie Solanasek buelta eman zion ideia honi; hau da, tresna patriarkalak hartu zituen patriarkatua bera eraisteko. Solanasek gizona “gene osatugabea” zela baieztatzen zuenean, boteretik emakume gisa irakurritako gorputzak erbesteratzeko erabilitako oinarri esentzialista erabili zuen gizonak deslegitimatzeko, eta horrela, hitzez hitz, oinarri patriarkalei buelta eman zien. SCUMek errotik hautsi zuen emakume biktimen estereotipoarekin eta emakumeak subjektu bortitz eta autonomo gisa aurkeztu zituen. Horrela, botere zein mehatxu adierazle lez kontzibitu dezakegun dokumentua da.

Feminismoaren eta biktimismoaren arteko harreman tradizionala hautsita, garaiko feminismoaren laguntza -eta adiskidetze- joerarekin hautsi zuen. Iturri honetan kontuan hartu beharrekoa da oinarri biologikoak ez direla justifikatzen metodo zientifikoaren bidez, beraz, objektiboa eta subjektiboa dena sailkatu beharra du irakurleak, satiraren hipotesia ahaztu gabe. Are gehiago, Marinettik bere Manifestu Futuristan planteatutako eta oihartzun handia izandako misoginia horren aurkako jarrera argia aurkeztu zuen, izan ere, emakumeari ezaugarri fisiko eta intelektual konkretuak ezarri zizkion, gizonarenak bereganatu ezinean -hura gertatu ezkero salbuespen bezala interpretatzen zen-.

« “Gerra glorifikatu nahi dugu—munduko higiene bakarra—militarismoa, abertzaletasuna, anarkisten keinu suntsitzailea, hilgariak diren ideia ederrak eta emakumearekiko mespretxua” [6]. »


Manifestu honen hasieran gizonak jaiotzatiko izan beharreko izaera jaso zuen gure artista futuristak: ausarta, iraultzailea, eta abar.  eta emakumea horren antonimotzat jo dezakegu -otzana, ahula-. Halaber, Valerie Solanasek hamarkadetan zehar normalizatu zen ikuspegi hori kolokan jarri zuen:

« “Osatu gabeko emakumea, arra osatzen saiatzen pasatzen du bizitza, emakumea bihurtu nahian. Horregaitik betioro zelatan dabil, anaitzen da, emakumearekin bizitzen eta fusionatzen saiatzen da. Ezaugarri femeninoak berarentzat hartzen ditu: indar emozionala eta independentzia, sendotasuna, dinamismoa, erabakitasuna, hotztasuna, izaeraren sakontasuna, niaren aformazioafirmazioa, etab. Emakumearenan proiektatzen ditu ezaugarri maskulinoak: banitatea, arinkeria, tribialitatea, ahultasuna, etab.”[7]. »


Bere hitz bortitzak ezin ditugu santu eta patroi moduan hartu; nolanahi ere, baliagarria litzateke bigarren irakurketa bat egitea emakumearen irudiaren eraikuntza kulturala ulertzeko. Hala nola, Simon de Beauvoir-en Bigarren Sexua liburuan "emakumea" edo emakumetzat hartzen duguna -zakarra edo maitagarria beste ezaugarri batzuen artean- sozialki eraiki den produktu kulturala dela irakurri daiteke. Historian zehar, emakumea zerbaiten inguruan definitu izan da beti -ama, emaztea, alaba edo arreba gisa- eta hori dela eta, zeregin nagusitzat nortasun espezifikoa eta bere gaineko irizpideak birkonkistatzea dauzka. Gauzak horrela, makumeen ezaugarri ugari ez datoz beren genetikatik, nola hezi eta sozializatu diren ildotik baizik. Ondorioz, ikusgarria da iritzi pertsonalaz gain, SCUMek hito literarioen influentzia jaso zuela.

1912an Valentine de Saint-Point-ek idatzitako Emakumearen Manifestu Futurista argitaratu zen, Marinettiri dedikatutako erantzuna. Bertan, nahiz eta feminitatearen eta maskulinitatearen topikoetan mantendu -emakumearen sentsualitatea, ahulezia, obedientzia azpimarratuz gizonaren intelektualitatea, indarra eta abarren alboan-, emakumeak historian zehar izaniko bazterketa eta ezkutatu zitzaion esentzia aldarrikatu zituen: biolentzia instintuak eta krudelkeria. Emakume futuristen lana, ondorioz, hauek berreskuratzea izango zen. Feminismoaren teoria goiztiarrei aurre egin zieten, surfemme[8] baten etorrera somatuz, eta hori burutzeko, eredu etikoa tragedia grekoaren irudi femenino handietan oinarritu zen. Manifestua irakurri ostean, nabaria da emakumearen kulturaren eta psikologiaren azterketa aldarrikapen sozialen aurretik jartzen duela manifestuak.

« “Ez dute bertute femeninoak soilik izan behar, baita birilak ere, hauek gabe emeak besterik ez baitira”[9] »


Solanasen influentzia zuzena bezala identifikatu ezinean bagaude ere, jada XX. mendeko lehen hamarkadetan emakumearen atributuei buruzko defentsa goiztiarraren froga da, azkenean Solanasek muturrera eraman zuena.

Sarreran esan dugun bezala, Freud-en kontra-teoria gauzatu zuen, hau da, ez litzateke emakumea zakilari inbidia diona eta osatu gabe sentiaraziko lukeena, alderantziz baizik:

« “Beste hitz batzuetan esanda, emakumeek ez dute zakila inbidiatzen, baina gizonezkoek bagina inbidiatzen dute” [10] »


Valerie Solanasen ideala gizonik gabeko gizartea izango litzateke, ingeniaritza genetikoak etorkizunean posible egingo lukeena; eta planteamendu utopikoa baino, errealitate lorgarria plazaratu zuen, aktibismoa beharrezko premisa izango lukeena. Queer teoriaren planteamenduak aurreratuz, Manifestuak generoaren ulermen performatiborantz jotzen du, behin eta berriz esaten duenean ar autoburutuaren paradigma trabestia dela, emakumeari berez dagokion posizioa erabat usurpatu duena[11].

Testu honen ekarpen nagusia ikuspegi patriarkal hegemonikoa bertan behera uztea izan zen, edo behintzat, kolokan jartzea. Disziplina zientifikoek gizonen ikuspuntutik eta gizonarentzat idatzi egin dira betidanik; horregatik ez da harritzekoa Freud eta beste zenbaiten teoriak, gaur egungo berrirakurketan kolokan jarri direnak, normalizatu eta kuestionatu barik egotea. Emakumeek planteaturiko Freuden teoria analogoen gaineko erreakzio negatiboaren aurrean, Solanasek bere satiraren bidez ondorengo hausnarketa burutu zuen: Zergatik ematen da baliagarritzat emakumei buruzko gizonezko baten sasiteoria, misoginia eta genero femeninoaren gutxiespena agerian uzten duena, kasu berean emakumea zorotzat jotzen den bitartean?

Orokorrean, genero irakurketaren gaineko lan oparoa geratzen dela agerian uzten duen idatzietako bat da. Bestalde, feminismoa bertan behera uzteko erabili izan den manifestua ere bada. Dena den, testu intelektual moduan irakurri beharrean, intentzio probokatzailea besterik ez da azpimarratu kasu askotan. Ernesto Castroren arabera, Valerie Solanasek Überfrau -esamoldea ez da berea- baten ekoizpen artifizialaren aldeko apustua egiten du: emakume hotz, berekoi eta zerebral moduko bat, teknikoki hobetua, heriotzatik eta sexualitatetik askatua, ondorengoen existentziaz axolagabea eta, nolabait ere, Lurraren aurpegiari buruzko azken giza belaunaldia izatera kondenatua dagoena, Solanasek uste baitu sexua ez dela esperientzia handi bat[12].

Artearekin erlazioa aldatu

Manifestuaren ideia garrantzitsuenetako bat gizartearen boterearen kudeaketa izanik, gizonen manipulazioa eta kudeaketa horren ondorioak azalaratzen dira, horien artean artearen kontzeptua oso adierazgarria izanik. Artea, gizonak sortutako ordezkari bezala definitzen du Solanasek:

« “Mundutik elkarrizketa, laguntasuna, eta maitasuna ezabatu ostean, ondorengo ordezkatze zekenak eskaintzen ditu”[13]. »


"Arte Handia"[14] bezala izendatutako ordezkari honek, gizonaren nahi guztiak asetuko ditu eta heroi bihurtuko du fikziozko mundu batean. Ildo honetan, engainuzko mundua izango dugu artea, betiere gizonak kudeatu eta maneiatuko duena. Hori dela eta, patriarkaltasunaren beste ezaugarri bat mahaigaineratzen du idazleak: emakume artistak ezkutuan eta baztertuak geldituko dira, eta gizonentzako lekua egongo da soilik  “Arte Handi” horretan, dakarren influentzia kulturala kontrolatuko duten horiek izango direnak.

Solanasen manifestua arte iturri gisa ulertu daiteke gizartean zer nolako arte mota kontsumitzen den eta arte mota hori nork jorratzen duen heinean. Modu satiriko batean bada ere, egiazko datuak ematen ditu; artearen munduan betidanik gertatu izan diren injustiziak salatuz.

Artearen mundu honetan, gizon artistek emakumearen rola jokatzen dutela helarazi zuen  idazleak; beraz, emakumea ikuslea edo artista baztertua izan daiteke soilik. Gizon artista honek ezer esateko ez duenez, sinbolismo eta iluntasunez betetako artea garatuko du -“Gizona izate hutsa denez gero, ez du ezer esaterik, bere basakeria ezkutatzea baino; sinbolismora eta iluntasunera jotzen du”[15]-. Hori dela eta, "Arte Handia" gizarteko intelektual eta aditu maskulinoentzat soilik denez, artea sakona eta jeniotasuna bezala definitua izango da.

Hala ere, gizonek sortzen duten arteak beraien barneko pertsonalitate bakartua eta hutsa erakutsiko du soilik; oro har, emakumea izatearen nahia lortzen ez duenez, emakumea baztertzen duen heinean arteaz eta kulturaz apropiatzen da, bere existentzialismoa ulertu nahian. Hortaz, artea eta kultura gutxiegitasun horri aurre egiteko erabiliko duen tresnak izango dira:

« “Artearen eta Kulturaren benerazioak artistari goreneko sentimenduekin dotaturiko bakarra bezala aurkeztea ahalbideratzen dio, hala euren sentimentu, bisio eta juizio propioen gain segurtasunik ez duten emakumeen konfiantza minduz”[16]. »


Hala, Solanas “artista” beraren izaeraz mintzatu zen, emakumea soilik artista izan zezakeela mahaigaineratuz. Gizonari esplizituki izaki endekatu eta osasungaitza zela leporatzen zion bitartean, horrek burututako artea ere berdin definitua izango zela ondorioztatu zuen. Emakumeak gauzaturiko artea, ordea, benetako artea kontsideratu beharko litzateke; betiere emakume hori harroa balitz eta bere baitan konfidantza balu, hots, SCUM emakumea balitz.

Solanasen figura median: I shot Andy Warhol (1996)[17][18] aldatu

I shot Andy Warhol (1996) Mary Harronek gidoitu eta zuzendutako filmea da, Valerie Solanasen benetazko bizitzako pasarte bat jasotzen duena, pentsamoldetik, ekintza eta harreman ezberdinetara, azkenean Andy Warhol tirokatu zuenera arte. Luzemetraiaren sarreran tiroketa ageri da, atzera begirako “flashback”-ean planteatuz, eta Solanasen deskribapen motz bat eginez polizia ikerketaren baitan ingresatu berri duen psikiatrikoko langilearen elkarrizketaren bitartez. Hala, intelekto nabariko ikasle errekonozitua izan zela erakusten da, gomendio kartak izan zituena, psikologiako ikasgaietan nabarmendurik.

Aurkezpenarekin amaituta, filmea 60. hamarkadako New Yorken kokatzen da, eskale den Valerieren historia aurkezteko. Bere zirkulu gertukoena eta okupatzen duen eguneroko lekuak LGBT kolektibokoak dira. Hauen artean Stevie (lesbiana) eta Candy Darling (emakume trans-a), azpimarratu behar ditugu, bigarrenak daramalako Warhol ezagutzera garatu zuen film gidoi bat, Up your ass, produzitzea eskaintzeko aukerarekin. Momentuan punta-puntako modan dagoen produktore independientetzat agertzen da Andy Warhol eta The Factory kolektiboa. Hasieran produzituko zuela badirudi ere, tirabiran interesa galtzen joaten da Warhol, eta Solanasengan amorrua piztuko da. Proiektua aztertzen duenean, ikuspuntu feministan sakontzen du, SCUM manifestua osatzera daramana. Honen gaineko erreferentziak filmean leku duten solasaldi ugaritan plazaratzen dira, baita egileak berak kontatuz zenbait segmenturen artean.

Girodias, Olympia Press argitaletxearen zuzendaria, ustekoan SCUM edo antzeko edukiko nobela bat publikatzeko aukera izango duela ezagutzen duenean, arreta handirik gabe etekin oso eskaseko kontratua sinatzen du nahi gabe, are gehiago, ematen dion aurrekontuaren txekeak ez du bankuko funtsik. Hortaz, Valerie ziklo konpultsibo batean murgiltzen da, non espiatua eta erasotua sentitzen den, bere obra lapurtzeko mehatxupean. Lagun batek telebistan agertzeko aukera eskaintzen dionean ere, elkarrizketatzaileak diskurtso anti-homosexualerako adibidetzat besterik ez du erabiltzen. Azkenean, Warholekiko obsesioak hura tirokatzera eramango du, segituan poliziara entregatzeko.

SCUM manifestuaren eraiketa eta oinarri teorikoak azaltzeaz gain, filmeak garaiko beste zenbait problematika sozial plazaratzen ditu: sexu lesbikoaren eta trans pertsonen fetitxizazioa gizonaren espektakulo hutserako, gay kolektiboko barne-misoginia, TERF mugimendua eta lan sexualaren polemika alde batetik sexu eta genero aniztasunari dagokionez, eta, bestalde, produkzio artistikoaren despertsonalizazioa ere, non Warholen langileek bere artea gauzatzen duten artista beraren presentzia beharrezkoa izan gabe, errekonozimendu hutsalaren truke edo “celebritismoaren” baitako izarren sisteman sartze aldera.

Erreferentziak aldatu

  1. The Guardian: "Valerie Jean Solanas (1936-88)", 2005. Iturria: https://www.theguardian.com/books/2005/mar/08/news4 (2021.03.17an kontsultatua).
  2. FAHS, B.: “The radical possibilities of Valerie Solanas”, Feminist Studies, 34 bol., 3 zbk., 2008, 591-617 orr, 592 orr.
  3. “Read my manifesto and it will tell you what I am”. Ibid., 591 orr.
  4. “Los hombres poseen el don de Midas negativo: todo cuanto tocan se convierte en mierda”. SOLANAS, V.: “SCUM manifesto”,  7. orr.
  5. “Para decirlo con otras palabras, el macho es una mujer inacabada, un aborto ambulante, un aborto en fase gene. Ser macho es ser deficiente; un deficiente con la sensibilidad limitada. La virilidad es una deficiencia orgánica, una enfermedad; los machos son lisiados emocionales”. Ibid., 1. orr.
  6. “Queremos glorificar la guerra—única higiene del mundo—el militarismo, el patriotismo, el gesto destructor de los anarquistas, las bellas ideas que matan y el desprecio a la mujer”. MARINETTI, F. “Le Futurisme”, Le Figaro, París, 1999ko otsailaren 20ean, IX. puntua, https://arteydisegno.files.wordpress.com/2010/02/manifiesto-futurista-1909.pdf (2020.02.10ean kontsultatua).
  7. “Mujer incompleta, el macho se pasa la vida intentando completarse, convertirse en mujer. Por tal razón acecha constantemente, fraterniza, trata de vivir y de fusionarse con la mujer. Se arroga todas las características femeninas: fuerza emocional e independencia, fortaleza, dinamismo, decisión, frialdad, profundidad de carácter, aformaciafirmación del yo, etc. Proyecta en la mujer los rasgos masculinos: vanidad, frivolidad, trivialidad, debilidad, etc.”. SOLANAS, V.: op. cit. 3. orr.
  8. Nietzsche-ren filosofian erabilitako surhomme terminologia alderantzikatu eta surfemme terminoa proposatu dugu, pertsona arruntarena baino heldutasun izpiritual eta moral handiagoa lortu duen emakumeari erreferentzia eginda, Valerie Solanasen testuan ere agertzen den ideia izanik.
  9. “Deben poseer no solamente virtudes femeninas, sino cualidades viriles, sin las cuales no son más que hembras”. SAINT-POINT, V.: “Manifiesto de la mujer futurista”, Milán, 1912, 2. orr. Iturria: https://entropiaestetica.files.wordpress.com/2011/03/manifiesto-de-la-mujer-futurista.pdf (2021.04.20an kontsultatua). Diego L. Sanromán-en gaztelerazko itzulpena ingelesetik.
  10. “En otras palabras, las mujeres no envidian el pene, pero los hombres envidian la vagina”. SOLANAS, V.: Ibid., 3. orr.
  11. CASTRO, E.: “Überfrau”, Despalabro: Ensayos de humanidades, 6. zbk., 2012, 252 orr.
  12. Ibid., 252 orr.
  13. “Después de haber eliminado del mundo la conversación, la amistad, y el amor, el hombre ofrece los siguientes sustitutos mezquinos”. SOLANAS, V.: Ibid., 16. orr.
  14. Itzulpen euskaratua. Valerie Solanasek “Great Art” deitzen dio.
  15. “Puesto que el hombre es un ser vacío, nada tiene que decir, sino disfrazar su bestialidad; recurre al simbolismo y a la oscuridad”. Ibid., 16. orr.
  16. “La veneración del Arte y la Cultura le permite al artista mostrarse como el único dotado de sentimientos superiores, minando así la confianza de las mujeres inseguras en la validez de sus propios sentimientos, visiones y juicios”. Ibid., 17 orr.
  17. Filma ikusgai: https://www.youtube.com/watch?v=gopzoGwNhw8&ab_channel=Alaksandush (2021.02.17an kontsultatua).
  18. Filmaren fitxa teknikoa: https://www.filmaffinity.com/es/film824721.html (2021.02.17an kontsultatua).

Kanpo estekak aldatu