Repovesi Parke Nazionala

61°11′12″N 26°54′14″E / 61.18667°N 26.90389°E / 61.18667; 26.90389

Repovesi Parke Nazionala (finlandieraz, Repoveden kansallispuisto; suedieraz, Repovesi nationalpark) Finlandiako Kymenlaakso eta Hego Savonia eskualdeen artean dagoen parke nazional txiki bat da. Zehazki, Kouvola eta Mäntyharju udalerrien artean dago eta finlandiar ibiltarien leku gogokoenaren ospea dauka. Nahiz eta 15 km² baino ez dauzkan eta azalera guztiaren %35a baino ez dagoen bisitariei irekia, herrialde osoko parke nazional bisitatuenetako bat da; bertako basoak eta aintzirak inguratzen dituzten granitozko amildegiak ospetsuak dira.

Repovesi Parke Nazionala

Gauerdiko eguzkia parke nazionaleko oihanean.
KokalekuaKouvola eta Mäntyharju,
Kymenlaakso eta Hego Savonia
 Finlandia
Azalera15
Sorrera2003
Bisitari-kopurua70.000 (2007)
ArduradunaMetsähallitus

2003. urtean sortu zuen Metsähallitus erakundeak, hain zuzen, bertako oihan ikusgarri eta granitozko amildegiak babesteko asmoz. Guztira, 25 aintzira eta urmael baino gehiago dauzka [1].

Historia aldatu

Gaur egun parke nazionala den eremua, Harri Aroan ehiza eta arrantza gune ezaguna zen. Garai honetako gizakiek, labar-pinturak, ehiza tresnak eta leku-izenak utzi zituzten; hauen artean, aipatzekoak dira Terrilammet (finlandieraz, terri > teeri = lira-oilar) edo Peuranen (peura = elur-orein). Hala ere, XIII. eta XIV. mendeen artean biztanle kareliarrak iritsi ziren bertara eta gune oparo honi gaur egun mantentzen duen izena eman zioten, Repovesi (repo = azeri gorri).

XVIII. mendean oihanak botatzen eta nekazaritzarako erabiliko zituzten luberriak sortzen hasi ziren herritarrak. XIX. mende bukaera arte iraun zuen teknika honek eta eremu honetako zuhaitz gehienak lurrera bota zituzten. Hala ere, amildegien ertzean zeuden pinuek mantentzea lortu zuten eta, gaur egun, parke nazionaleko zuhaitz zaharrenak bihurtu dira. XIX. mendean basogintza iritsi ziren bertara. Zuhaitzak landatzen eta mozten zituzten eta natura eremu hau industria-gune bilakatu zen. XX. mende erdiko azpiegituren hobetzeak gainera, jarduera honi bultzada garrantzitsua eman zion [2].

 
Olhavanvuori amildegi ikusgarria.

Azkenean, 2001. urtean parke nazionala sortzeko prozesuan hasi ziren eta basoak berriztatu eta zaindu ostean, Repovesi Parke Nazionala sortu zuten 2003an.

Natura aldatu

Parke nazionalaren berezitasun nagusietako bat oihana da. Baso zahar eta birjinak, deforestazioaren ondoren landatutako zuhaizti berriak, Finlandian oso arraroak diren ezki hostotxikiak, haltz beltzak edo pinudi eremu zabalak aurki daitezke. Pinu zaharrenek berrehun urte baino gehiago dauzkate eta bere baitan mantendu dira, gizakien eraginetik kanpo, arrokazko amildegien ertzean daudelako.

Bestalde, aipatzekoak dira parke nazionaleko granitozko amildegiak. Izotz Aroan moldatutako amildegi hauen itxura, bakarra da mundu guztian eta Olhavanvuori amildegian esaterako, aspaldiko glaziar baten markak ere ikus daitezke. Zehazki, 1.900 milioi urte dauzkate granito gorrizko horma hauek eta bertatik jausi diren arroka handiek Kuutinlahti badiaren lurra osatzen dute. Granito gorri honek Rapakivi izena dauka, finlandieraz arroka xehagarria esan nahi duena, eta leku gutxitan baino ezin daiteke aurkitu; haien artean, Finlandiako Repovesi Parke Nazionalean eta Åland uharteetan [3].

Azkenik, 25 aintzira eta urmael baino gehiago babestuak daudela esan beharra dago; hala nola, Matalajärvi, Saarijärvi, Tervajärvi, Valkijärvi eta Ylä-Tervajärvi aintzirak, eta Haukilampi, Mustalampi, Lojulampi eta Olhavanlampi urmaelak.

Fauna eta Landaredia aldatu

 
Pinu kaskabeltza.

Parke nazionalean ehunka hegazti-espezie daude; zalantzarik gabe, Finlandian ospetsuena den aliota txikiak aipatu behar dira. Babestuak dauden hegazti basati hauek, apirila eta maiatza bitartean iristen dira Repovesira eta, batik bat, Olhavanlampi urmaelaren ondoan gelditzen dira habiak eraikitzera. Bertan habiaratzen dute eta aintzira eta urmaeletako errutiloak eta perkak arrantzatzen dituzte. Nahiz eta, Finlandian eta mundu osoan hegazti honen kopurua urritu egin den azken urteotan, zaintzaileek parke nazionaleri bisita egiten dioten aliota txikien kopurua mantentzea lortu dute [4].

Bertako aintzira, baso eta amildegietan ikus daitezkeen hegazti espezieen artean, aliota arktikoak, arrano arrantzaleak, aztoreak, euli-txori papargorriak, hontz handiak, mozoloak, okil beltz, gris, handi eta hiruatzak, pinu kaskabeltzak eta txio berdatsak daude [5].

Ugaztunek ere bere lekua duten Repovesi Parke Nazionalean; esaterako, altzeak, igaraba jostariak, ipar-katamotz ehiztariak, ur-eremuetan dabiltzan kastoreak, lepahoriak, oihanetako katagorri hegalari siberiar babestuak eta parke nazionalaren ikur diren azeri gorriak [6].

Leku aipagarriak aldatu

Parke nazional honek, herrialde osoan ospetsu bihurtu duten berezitasunak dauzka:

  • Olhavanvuori amildegia: Olhavanlampi urmaelaren ertz batean dago Olhavanvuori arroka. 50 metroko amildegi bertikala da eta bertatik, parke nazionaleko paisaia basotsu guztia ikus daiteke. Izotz Aroan sortu zen eta rapakivi granitozko horma honetan, garai hartako glaziar baten markak antzeman daitezke. Gainera, bertan aurkitu ziren Harri Aroko gizakiek Finlandian egindako labar-pintura garrantzitsuenak 2000. urtean; ordutik, ibilaldiak eskaintzen dira Repovesi Natura Informazio Bordan [7].
 
Lapinsalmi zubi esekia.
  • Mustalamminvuori muinoa: Mustalamminvuori muinoaren gailurretik ere, parke nazional guztia ikus daiteke. Hasierako argazkia esaterako, bertatik aterata dago. Nahiz eta oso zaila den muino arrokatsu hau igotzea, eskalatzaile asko iristen da uda partean.
  • Lapinsalmi zubi esekia: 10 metroko altuera duen zubi eseki hau, Repovesiko ikur nagusietako bat bihurtu da 1987. urtean eraikia izan zenetik; izan ere, Lapinsalmi zubiak, 50 metroko luzera dauka eta aldiko pertsona batek baino ezin du igaro. Bertatik ere, parke nazionaleko paisaia ikusgarria ikus daiteke [8].

Ibilbideak eta Irisgarritasuna aldatu

Nahiz eta Finlandiako parke nazional txikienetako bat den, markatutako 62 km-ko bide-sarea dago. Bide hauek oinezkoentzat, zaldizkoentzat, txirrindularientzat eta eskiatzaileentzat dira, baina neguan txakurrek tiratutako lera txangoak ere eskaintzen dira. Guztiz debekatua dago kotxea, motorra edo edozein motordun gailuetan ibiltzea parke nazional barruan. Honez gain, aintzira, ibai eta urmaelak ezin hobeak dira piraguismoa, igeriketa eta arraunketa praktikatzeko; bertako amildegiek ere eskalatzaile asko erakartzen dituzte uda garaian. Parke nazionalari buruzko informazio guztia, Kouvola hiriko Hillosensalmi herrian dagoen Repovesi Natura Informazio Bordan aurki daiteke [9].

Valtatie 5, 13 eta 15 autobideak, eta Kantatie 46 errepidea parkearen ingurutik pasatzen dira eta bertatik, Reposeviren sarreretara irits daiteke; Saarijärvi sarrerara Mäntyharjutik, Lapinsalmi sarrerara Kouvola hiritik eta Tervajärvi atera Valtatie 15 autobidetik. Garraio publikoa erabili nahi izanez gero, Kouvolatik parke nazionalera doazen autobusak irtetzen dira eta udaran gainera, inguruko portu txikietan gelditzen diren itsasontziak daude [10].

Erreferentziak aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu