Pottokinaren printzipio

Pottokinaren printzipioa[1] fikziozko kultura unibertso batzuetan gertatzen den fenomeno bat da (adibidez, telesailetan, bideo jokoetan, komikietan edo literaturan), bereziki haurren esparruan gertatzen dena. Agertzen diren pertsonaien artean, maskulinoek ―gizonezko baten identifikazioa dutenak, oro har― ezaugarri bereizgarriren bat izaten dute. Adibidez, Pottokiak seriean, pertsonaia maskulinoa edo filosofoa da, edo gaizki kantatzen du, edo beti txantxetan ari da, edo beti zorte txarra du, edo lorezaina da. Aldiz, emakumezko kide bakarraren berezitasuna da, hain zuzen ere, emakume edo neska izatea; hau da, ez du beste ezaugarri berezirik, pottokien artean Pottokinari gertatzen zaion bezala.

Pottokina, pottoki eme bakarra.

Hizkuntza batzuetan, pertsonaia eme horren izena txikigarri batez osatuta dago (ingelesez Smurfette, gaztelaniaz Pitufina eta frantsesez Schtroumpfette, adibidez), gizonezko kideetan ez bezala. Fenomeno honetan, ohikoa da emakumezkoa neska gazte bat izatea; gizonezkoak, berriz, adin guztietakoak izan daitezke. Batzuetan, ez du izenik izaten, neska da, besterik gabe (ikus Bechdel testa).[2]

Historia aldatu

Kontzeptua Katha Pollitt idazleak The New York Times Magazine aldizkariarentzat idatzitako saiakera garrantzitsu batetik dator, «The Smurfette Principle» (1991),[1] zeina tropo bat bihurtu baitzen, sare sozialetan maiz aipatua. Printzipioak Pottokiak serieko Pottokina pertsonaiaren izena hartzen du; honela azaltzen du Pollittek bere saiakeran:

« Gaur egungo ikuskizunen protagonistak, funtsean, gizonak dira, Garfield, edo Pottokinaren printzipioa esaten dudan honen arabera antolatzen dira: gizonezko lagun talde bat nabarmenduko du emakume bakarti batek, modu estereotipatuan definitua. »

Anita Sarkeesian kanadar kritikariak ere landu zuen Pottokinaren printzipioa.[3] Sarkeesianek argudiatu zuen halako tropo bat kaltegarria dela, emakumeak izan behar duenaren ikuspegi mugatu bat besterik ez duelako eskaintzen, maskulinoa arau gisa eta femeninoa salbuespen gisa ezarrita.[3]

Emakumea, beti gizonaren neurriz aldatu

Emakumerik agertzen ez den mundu bateko gizonezkoen unibertsalismoaren aurrean, teoria feminista eta postfeministen arabera, tropo horrek mundu androzentristaren ikuspegi bat ematen du, non araua gizonezkoa baita eta emakumea, salbuespen. Estereotipo eta genero rol oso markatuak eta mugatzaileak ezartzen zaizkio emakumeari. Emakumeenganako ikuskera murriztaile hori loturik egon ohi da kristalezko sabaiarekin eta nesken itxaropenekin. Gainera, emakumea gauzatzat ikusia izatea sustatzen du: apaingarri gisa tratatzen da, haren rol eta funtzio bakarra beste kide gizonezko baten ahizpa txikia edo neska lagun izatea baita. Bereziki, protagonistaren edo beste gizon baten begietara eder eta erakargarri izaten saiatu behar duenez, nesken artean larritasuna eragin dezake, gorputzaren itxura fisikoari dagokionez. Orobat, neska ikusezina da edo mutilen baten bitartez justifikatzen da haren izatea; mutilak dira istorioaren muina, eta neskak, gehienez ere, periferikoak. Mutilak gizabanako askeak eta definituak dira; neskak, berriz, guztiak batera pertsona mota bat bera dira. Beraz, mutilek definitzen dituzte istorioa, kode etikoak eta taldea bera.[2][4]

Printzipio hedatua aldatu

Pottokiak haurrentzako seriean ez ezik, beste fikzio askotan gertatzen da Pottokinaren printzipio bera. Adibidez, The Big Bang Theory telesailaren lehen denboraldietan, Star Wars lehen filmetan ―eszena batzuetan, emakume bakar bat ikus zitezkeen, milaka gizonen artean―, eta beste fikzio ugaritan, hala nola The Avengers (2012) edo Inception (2010) filmetan, Transformers komikietan edo The Muppets haurrentzako txotxongiloetan ―The Muppet Show telesailetik sortua. Haurrentzat egindako produktuetan maiz gertatzen da, hala nola Doraemon edo Shin-Chan, Toy Story edo Disneyren printzesen filmak. Kataluniako TV3 telebista kate publikoak sortutako Polseres vermelles (Eskumutur gorriak) ekoizpenak ere printzipio bera erreproduzitzen du.[5]

Trinityren sindromea aldatu

Berrikiago, emakume pertsonaia bakar hori arriskuan dagoen dama edo gizon protagonistaren maitasun xedea izatetik, pertsonaia indartsu bat izatera igaro da, aparteko ahalegin bati esker garatu dituena bere trebetasunak ―gizonek ez bezala, haiek berezkoak baitituzte dohainak. Halakoa da, adibidez, The Matrix filmeko Trinity emakume pertsonaia. Aditu batzuek susmoa adierazi zuten, Trinityren sindromea sortzen ari ote zen, nahiz beste ikerlari askok azaldu zuten Pottokinaren printzipioa eguneratzea zela, besterik gabe.[6]

Pottokinak aldatu

 
The Avengers filmeko aktoreak (2012).

Pottokinaren printzipioa agerrarazten duten fikzio batzuk:

Erreferentziak aldatu

  1. a b (Ingelesez) Katha Pollitt. (1991-04-07). «Hers; The Smurfette Principle» The New York Times (Noiz kontsultatua: 2023-06-24).
  2. a b (Ingelesez) Lori Day, Charlotte Kugler. (2014). Her next chapter. Chicago: Chicago Review Pres ISBN 978-1613748572. (Noiz kontsultatua: 2023-06-24).
  3. a b Anita Sarkeesian. (2013-2017). Tropes vs. Women in Video Games. Feminist Frequency (Noiz kontsultatua: 2023-06-24).
  4. (Frantsesez) Antoine Bueno. (2011-05-26). Le petit livre bleu - analyse critique et politique de la societé des Schtroumpfs. edi8 ISBN 978-2258090804. (Noiz kontsultatua: 2023-06-24).
  5. (Katalanez) Alba Carreres. (2021-08-31). «"Barrufetes" als mitjans» NacióDigital (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-06-24).
  6. (Gaztelaniaz) @RCADE. (2022-01-08). Trinity Syndrome. web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-06-24).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu