Patty Hearst
Patricia Campbell Hearst —Patricia Hearst Shaw izen-deiturez ere ezaguna— (San Frantzisko (Kalifornia), Ameriketako Estatu Batuak, 1954ko otsailaren 20a) aktorea da.
Patty Hearst | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Patricia Campbell Hearst |
Jaiotza | San Frantzisko, 1954ko otsailaren 20a (70 urte) |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Lehen hizkuntza | ingelesa |
Familia | |
Aita | Randolph Apperson Hearst |
Ama | Catherine Wood Campbell |
Seme-alabak | ikusi
|
Haurrideak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Crystal Springs Uplands School (en) Menlo College (en) Kaliforniako Unibertsitatea Berkeleyn Santa Catalina School (en) Sacred Heart Preparatory (en) |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | aktorea, Socialitea, banku lapurra, telebista-aktorea, zinema aktorea eta gidoilaria |
Izengoitia(k) | Tania |
William Randolph Hearst politikari eta enpresaburuaren biloba[1] eta George Hearst aberatsaren birbiloba da. 1974an ezaguna egin zen, Sinbioneko Askapen Armadak (SLA) bahitu zuen eta Pattyk bahitzaileen kausarekin bat egin zuelako. SLAko beste kide batzuekin banku bat lapurtu ondoren atxilotu zuten. Bi urtez egon zen espetxean Ameriketako Estatu Batuetako Jimmy Carter presidenteak zigorra ordetsi zionean. Azkenik Bill Clintonek barkamen presidentziala eman zion.[2]
Biografia
aldatuHearst San Frantziskon (Kalifornia) jaio zen, Randolph Apperson Hearst eta Catherine Wood Campbellen bost seme-alabetatik hirugarrena. Hillsborough auzo aberatsean hazi zen.[3] Crystal Springs Uplands eta emakumeentzako Santa Catalina eskoletara joan zen. Bere lagun-minen artean Patricia Tobin zegoen, Hibernia Bankua sortu zuen bere familiak, geroago Pattyk Hiberniako banketxe batean lapurreta egingo zuen.[4]
Bahiketa eta SLAko militantzia
aldatu1974ko otsailaren 4an, Sinbioneko Askapen Armada (SLA) izeneko hiri-gerrilla ultra-ezkertiarrak Patty bahitu zuen, honek 19 urte baino ez zituenean. SLAko kide presoak Patty Hearsten truke emateko negoziazioek huts egin zutenean, SLAk Pattyren familiari 70$ balioko janaria Kaliforniako behartsu bakoitzari ematea eskatu zion, estimazioen arabera guztira 400.000.000$. Eskaerari erantzunez, Hearsten aitak, guztira 6.000.000 $ gastatu zituen San Frantziskoko badia inguruko behartsuei jaten emateko. Janaria banatu ondoren, SLAk Patty askatzea errefusatu zuen kalitate gutxiko janaria eman zuela adieraziz.[5]
1974ko apirilaren 3an, Pattyk SLArekin bat egin zuela eta "Tania" (Che Guevararen Tamara Bunke kamaradaren gerra-izenean oinarrituz) izena hartuko zuela aldarrikatu zuen audiokasete baten bidez.
1974ko apirilaren 15ean, M1 karabina bat maneiatuz argazki bat atera zioten San Frantziskoko Noriega kaleko 1450 zenbakiko Hibernia Bankuan lapurreta egiten zuen bitartean. Argazkiak Tania ezizenarekin argitara atera ziren eta honek SLAko helburuekin bat egiten zuela aldarrikatu zuen. Poliziak atxilotze-agindu bat eman zuen eta 1975eko irailean atxilotu zuten San Frantziskoko apartamendu batean SLAko beste kide batzuekin. Kartzelan zegoela, bere abokatuari zera esan zion:
« | Esan guztiei irribarretsu nagoela, libre eta indartsu sentitzen naizela eta goraintziak eta maitasuna hortik dabiltzan anai-arreba guztiei nire partez. Tell everybody that I'm smiling, that I feel free and strong and I send my greetings and love to all the sisters and brothers out there. |
» |
Bere epaiketa 1976ko urtarrilaren 15ean hasi zen. Bere abokatuak F. Lee Bailey SLAkoek Pattyri begiak estali ziotela, armairu batean gatibu eduki zutela eta abusu sexual eta fisikoak egin zizkiotela salatu zuen. Horrez gain, bahiketaren ondorengo Pattyren ekintzak honek jasandako buru garbiketaren ondorio zirela esan zuen (Hearsten ekintzak Estokolmo sindromearen ondorio izan zirela esan da),[6] eta hori zela eta bere bahitzaileekin kidetu zela defendatu zuen. Halaber, Baileyk esan zuen Patty lapurreta egitera derrigortu zutela.
Lege-analistek eta Hearstek esan zuten Baileyk defentsa kaxkarra egin zuela, argudio oso motzak eta alegatu makalak eman zituelako hauen ustez. 1976ko martxoaren 20an epaileak erruduntzat jo zuen banku lapurretagatik. Zazpi urteko zigorraldia Ameriketako Estatu Batuetako Jimmy Carter presidenteak zigorra ordetsi zion, eta 1979ko otsailaren 1ean aske geratu zen. 2001eko urtarrilaren 20an Bill Clinton presidenteak barkamen presidentziala eman zion.
Familia
aldatuEspetxetik atera ondoren, Bernard Shaw bere bizkartzainarekin ezkondu zen. Gaur egun Wiltonen (Connecticut) bizi da bere senar eta beren bi alabekin.
Hearsten alabak Lydia Hearst-Shaw modeloa eta Gillian Hearst-Shaw dira. Bere iloba Amanda Hearst modeloa da.
Antzezlanak
aldatuPattyk hainbat antzezlan egin ditu.
- John Waters, hainbat paper txiki eman dio Cry-Baby, Serial Mom, Pecker, Cecil B. DeMented, eta A Dirty Shame filmetan.
- Bio-Dome eta Second Best filmetan agertu da.
- Hearstek Haffa Dozen (stripper-ohia) pertsonaiari ahotsa eman zion, 2005eko urriaren 19an atalean, Sci-Fi telebista kateko Tripping the Rift telesail animatuan.
- The Adventures of Pete & Pete telesaileko atal batean Mrs. Krechmar bezala.
- Son of the Beach telesaileko atal batean, prostituta crackzale baten paperean.
- Hearstek teleoperadore bati ahotsa eman zion Frasier telesaileko Frasier Crane's Day Off (1994) atalean.
- Boston Common telesailean Anthony Clarken amaren paperean..
- Veronica Mars telesaileko atal batean agertu zen Selma Hearsten paperean, Hearst eskolaren sortzailearen biloba bezala.
Erreferntziak
aldatu- ↑ (Gaztelaniaz) «Patty Hearst, la ‘nietísima’ que se convirtió en terrorista» La Vanguardia 2020-09-16 (Noiz kontsultatua: 2023-08-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) «EE.UU: la increíble historia de Patty Hearst, la rica heredera que se hizo guerrillera» BBC News Mundo 2015-09-18 (Noiz kontsultatua: 2023-08-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Patty Hearst, la heredera de una dinastía millonaria que se volcó a la guerrilla luego de sufrir un secuestro» LA NACION 2020-10-05 (Noiz kontsultatua: 2023-08-29).
- ↑ Austral, La Prensa. (2023-08-24). «Patty Hearst, la hija del magnate estadounidense que se convirtió en terrorista» La Prensa Austral (Noiz kontsultatua: 2023-08-29).
- ↑ Txantiloi:Es-EC «La insólita historia de Patty Hearst: Heredera, víctima, guerrillera y actriz» www.vistazo.com (Noiz kontsultatua: 2023-08-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) «La rehén que se hizo amiga de su captor: 50 años de síndrome de Estocolmo» La Voz de Galicia 2023-08-22 (Noiz kontsultatua: 2023-08-29).
Kanpo estekak
aldatu- (Ingelesez) Patty Hearst (IMDb)