Paleografia
Paleografia (grezieratik: παλαιός, palaiós, "zahar" eta γράφειν: graphein, "idazki" edo γράφεια: graphía, "idazketa") antzinako idazki, zeinu grafikoak eta idazkerak aztertzen dituen zientzia da.[1][2]
Antzinako idazkerak eta eskuizkribu zaharrak aztertuz, nongoak eta noizkoak diren zehaztea eta haien grafia edo sinboloak ezagutuz esanahia argitzea, interpretatzea eta gaurko idazkerara aldatzea da paleografiaren eginkizuna. Era guztietako alfabetoak eta idazkerak ditu aztergai, eta beste alor batzuk biltzen ditu bere barnean. Adibidez, kodikologia (kodize edo liburu zaharrak aztertzen dituena), papirologia (papiroak aztertzen dituena), epigrafia (harrian edo metaletan egindako idazkerak), diplomatika eta musikologia, besteak beste.[3]
Definizioa
aldatuPaleografia, antzinako idazkerak aztertzen dituen zientziaz gain, idatziaren erabilera eta praktiken historiaren azterketa globala planteatzen duen diziplina da. Beraz, zeinu grafikoen historia da, baina baita horien funtzio eta hedapen sozialarena ere.[4] Izan ere, gaur egun, paleografia zentzu zabalagoan ulertzen da, hala nola, idazkera orokorrean aztertzen duen zientzia historiografiko gisa; bereziki, forma grafikoek denboran izan duten bilakaera eta gauzatzeko modua, baita horiek baldintzatzen dituzten edozein motatako faktoreak ere (teknologikoak, ekonomikoak, sozialak, kulturalak, politikoak, estetikoak, etab.).[5]
Idazketan, kultura-fenomeno historiko gisa, grafia orok du bere historia eta bilakaera denboran zehar; idazkiak benetako esanahia izango du deszifratu daitekeenean, hau da, zuzen irakurri ahal denean. Batzuetan, hori ez da oso erraza izaten eta badaude ehunka urte itxaron behar izan dituzten monumentu asko haien inskripzioak irakurri ahal izateko, eta batzuk oraindik deszifratze bidean daude. Iturri idatziak aprobetxatu ahal izateko, fase ebolutibo eta alderdi guztietan irakurri behar dira. Monumentu zaharretan, idazkiek esanahi berezia dute, gertaera zehatzei buruzkoak baitira, herri baten kulturaren adierazpena bilakaera historikoaren une jakin batean; idazteko erabilitako hizkuntza gordetzen dute eta islatzen dute pentsamendu forma denbora eta leku zehatz batean. Diskoa, grabagailua edo soinu-zinemako zintak aurkitu aurretik, idazketa izan zen hitza finkatzeko bide bakarra. Oraindik ere elementu modernoak gertaera batzuetara mugatuta daude, eta gertaera horiek etorkizunean ikerketa historikoak egiteko bide izango dira. Gizakiaren bilakaera idatzien bidez ezagutzen dugu. Haiek gabe, iraganari buruzko ezagutza askoz murriztuagoa izango litzateke. Paleografiak idazketen sailkapena aztertzen du, izen zehatzarekin, muga kronologikoekin, zein espaziotan garatu ziren eta haien ezaugarriekin. Paleografoak ezin ditu ulertu historian zehar erabili diren eskritura guztiak. Ikertu bai duen idazkeraren arabera komeni zaion puntu kronologikoan eten behar du, idazkera hori nola hedatzen den ulertu eta azaltzeko, baita berezko izaeraren eta ezaugarri grafikoak ere.[6]
Helburuak
aldatuIdazkeran grafia bakoitzak forma bat baino gehiago hartzen ditu bere errealizazio materialean; trazadurak soilik islatzea ez da nahiko izaten eta funtsezkoa izaten da sistema grafikoaren ebaluazioa: bere elementuen barne-funtzionamendua zehaztu eta deskribatzen da, eta letra edo letra-multzo bakoitzari dagokion balio fonetikoa esleitu. Ondorioz, hiru dira eskuizkribu ororen azterketa-maila posibleak: paleografikoa, grafikoa eta fonetikoa.[7] Paleografiaren helburuak honako hauetan laburbil daitezke:[5]
- Testu zaharren zeinu grafikoak irakurri eta interpretatzea (letrak, hitzak, esaldiak, zeinu osagarriak, etab.), haien esanahi oinarrizkoena eta sinpleena ulertu arte.
- Testuen idazketa aztertzea, denboran eta espazioan kokatzeko, aldi bakoitzeko elementu grafikoei dagokien etapa datatzea, tokian kokatzea, idazkiak norentzat eta zertarako izan ziren ondorioztatzea, eta, azken batean, historiaren eraikuntza kritikoa egitea.
- Norberaren idazkeraren jatorria, garapena, bilakaera, aldaketak eta aldaerak ezagutzea.
Sailkapena
aldatuPaleografia beste zientzia eta diziplina askorekin lotzen da, Bere helburuaren arabera, Paleografia Diplomatikoan, Bibliografikoan, Epigrafikoan eta Numismatikan sailka daiteke:[5]
- Paleografia Diplomatikoa: diplomak aztertzen dituen zientzia da, hau da, oinarri juridikoko dokumentuak, non formalitate jakin eta berezi batzuk biltzen diren, historian froga- eta funtsezko iturri balioa izanik.[8]
- Paleografia Bibliografikoa: kodize eta eskuizkribu zaharren idazkera aztertzen du eta bibliografiaren adartzat har daiteke, inprimaturiko liburu eta eskuizkribuen zientzia.
- Paleografia Epigrafikoa: hilarrietan eta inskripzio arkeologikoetako (marmola, granitoa, brontzea, etab.) idaztea aztertzen du. Epigrafiaren adar bat da, antzinako inskripzioetan letraren izaera, materia, tresna grafikoak, estiloa, hizkuntza eta abar aztertzen dituen zientzia.
- Paleografia Numismatikoa: txanponak eta dominen idazkeraz arduratzen da, eta Numismatikaren parte da. Letren formaz gain, txanpon motak, artea, materia, formulak, balioa eta bestelako ezaugarriak aztertzen ditu.
Garapena
aldatuAntzinako idazkeren azterketa XVII. mendetik aurrera hasi zen, batez ere dokumentuen benetakotasunari buruzko eztabaidaren bueltan. Izna ere, lehena 1681ean argitaratu zen: De rex diplomatica libri sex, Jean Mabillon benedirrena, merovingiar dokumentu batzuen benetakotasunari buruzko eztabaida konpontzeko. Horretarako, idazkerei buruzko metodologia bat garatzeko beharra ikusi zen: irakurketa, transkripzioa, datazioa, sailkapena, eta abar.[9]
Antzinaroa
aldatuHistorialari greko-erromatarrek beren kontakizunetan erreferentzia gisa erabiltzen zituzten lehenagokoenak; horien artean, Tuzidides, Tito Livio, Polibio eta abar. Horretarako dokumentuak, kontratuak eta ediktuak kontuan hartzen zituzten. I. mendean Valerio Probok arazo paleografikoei buruzko obra bat idatzi zuen, laburduren bilduma egiten espezializatu zelarik. Laburdurekiko interesak Erdi Aroan ere jarraitu zuen. Hala ere, ez zuten dokumentu zaharren azterketa sistematikoa egin, baizik eta horien irakurketa-erabilera- edo praktikaren ingurukoa.
Erdi aroa
aldatuErdi aroan hasi ziren idazkeren lehen sailkapenak, inolako balio zientifikorik gabekoak, estetikoak bakarrik. Paleografia diplomatikaren tresna lagungarri gisa hartu zen, garaiko dokumentuak aztertzeko. Bere interesa eskriturak sailkatu eta izendatzera mugatzen zen, fenomeno sozio-kultural gisa aztertu nahi gabe.[9]
Aro modernoa
aldatuPetrarca izan zen paleografiaren aitzindari zientifikoetako bat kodex- eta dokumentuei buruz zituen ezagutzengatik. Inprentaren sorrerarekin aurrerapen handia lortu zen diplomatikan ezagutza-arloak zabalduz; gero, grina historizista- eta erreforma protestanteari buruzko polemika historiko-erlijiosoen ondorioz, areagotu egin ziren iturri paleografiko-diplomatikoei buruzko ikerketak eta kritika.
Paleografia digitala
aldatuPaleografiaren barruan eta definitzeko prozesuan oraindik, paleografia digitalaz hitz egiten da informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabileran erabat oinarritutako ikerketa- eta irakaskuntza-korronte gisa, eskuz idatzitako dokumentuarekin lan-metodologia berriak lortzeko bide. Halaber, digitalizatutako dokumentuen irudikapen bisualak ebatzitako eskuizkribu zaharretara sartzeko arazoak gainditzeko metodo gisa. [10]
Paperezko argitalpen tradizionalaren eta mundu digitalaren arteko elkarreragina bi noranzkoetan doa. Inprimatutako materialak digitalizatzeko ahaleginak egin dira eta inprimatutako argitalpenak digitalki hobetzeko teknikak garatu dira. Paleografiak asko irabazi du eskuizkribu digitalizatuen faksimileen eta laburpen-albumen ekoizpenekin. Irudien irakurgarritasuna hobetzeko teknikak garatu dira, adibidez, kalte txikia duten bertsoetan. Gai honen inguruan 90eko hamarkadako web guneak banakako akademiko eta gogotsuek egin zituzten. 2000. urteko web guneak, aldiz, instituzionalak dira, eta teknologia digitalak eskaintzen dituen aukerak hobeto aprobetxatzen dituzte.[11] Paleografia digitala humanitate digitalen munduan sartzen da, gizarte-zientziak ikertu, irakatsi eta zabaltzeko metodo gisa ulertuta, eta baliabide informatikoez edo informazioaren eta komunikazioaren teknologiez baliatzen da. Zeinu grafikoen analisiari eta irakaskuntzari heltzen dio, bere osotasunean, bere barneko eta kanpoko ezaugarriekin, IKTak lanerako tresna gisa erabiliz. [10]Adibideak:
- Los manuscritos del Mar Muerto. El Proyecto Digital: K.a. III. eta K.o. I. mendeen artean idatzitako bost eskuizkribu. Kalitate handian digitalizatu dira eta Interneten argitaratuak izan dira edonork aztertu eta kontsultatzeko.[12]
- DigiPal. Digital Resource and Database of Palaeography, Manuscript Studies and Diplomatic: Paleografia, kodikologia eta diplomatika digitalarekin lotutako emaitzak eta ekimenak argitaratzeko webgunea da. Baliabide informatikoen bidez digitalizatutako dokumentuak aztertzen ditu, eta eskuizkribuak eta horien karaktere guztiak aurkezteko teknologia berriak erabiltzen ditu. [13]
Euskal paleografia
aldatuEuskal Herrian, corpus dokumentalen edizioak, batez ere, Eusko Ikaskuntzaren Euskal Herriko Erdi Aroko iturri dokumentalen bildumaren lana du ardatz. Bilduma horretatik kanpo, elkarrekin loturarik ez eta irizpide editorialak erabat desberdinak dituzten beste argitalpen batzuk daude. Izan ere, Erdi Aroko testuen argitalpenen joera nagusia izaten da adostasunik eza egotea transkripzioan jarraitu beharreko irizpideen inguruan. Hala, badira eskuizkribua zintzo transkribatzen duten edizioak, erabat modernizatzen dutenak eta, azkenik, bi irizpideak batzen dituztenak. Aukera horiek baliozkoak dira, baldin eta justifikatzen badira argitalpenaren helburua, testua beraren izaera edo hartzailea, besteak beste. Euskal Herrian, egoera antzekoa da. Alde batetik, transkripzio kontserbadorearen ildo bati jarraitu dioten edizioak daude, irizpide historizistekin, hala nola, Eusko Ikaskuntzak egindakoa, baina ez kasu guztietan, historialari eta filologoen diziplina anitzeko taldeek transkribatutako liburuki batzuetan irizpide filologikoak sartu baitira. Testuen edizio bat egitean planteatzen den oztopo nagusietako bat izaten da transkripzio mota aukeratzea: edizio paleografikoa edo edizio diplomatiko interpretatiboa.[7]
Ikerketen arabera, XIII. mendearen amaiera geroztik Euskal Herriko idazkeraren tradizioa ingurukoetatik ekarria eta moldatua izan zen, besteak beste Gaztelatik eta kantzilergo- edo jauregien erabileren baitan. Moldaketetan, estandarraretik gertatu ziren desbideratzeetan, oinarri linguistikoa nabaria da; beraz, euskararen eragina agerian dago, eskribauen erabilera autoktonoak islatu ziren eta. Izan ere, erromantzea idazkeran sendo azaleratzen hasi zenean kantzilergo-, monasterio- eta katedral-zentroetan, politika guneak ziren Nafarroako eta, batez ere, Gaztelako erresumak. XV. mendetik aurrera eta XVIII. mendera arte, familia batzuetako euskal gazteak gortera joan ziren ikastera, eta, horren ondorioz, askok postu garrantzitsuak betetzen zituzten administrazioan; era berean, euskaldun asko erregeen zerbitzura jarri zirenez Amerikaren aurkikuntza eta kolonizaziorako, beren hizkuntza-aztarna utzi zuten espainiera atlantikoan ere bai.[14]
Selma Huxleyk hainbat urtez ikertu zuen baleontzi batzuen historia, bereziki, XVI. mendetik Ternuako kostalde urrunetan arrantzan zebiltzan euskal portuetatik zetozenena. 1973an Oñatira joan zen eta Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoaren egoitzan dokumentuak kontsultatzeaz gain. Tolosako, Bilboko, Burgosko, Valladolideko, Madrilgo, Sevillako edo Lisboako hainbat artxibotakoak ere arakatu zituen, – parrokialak, udalekoak edo notarialak, besteak beste –. Erregistro horietan Ternuako euskal presentzia aitortzen zuten XVI. eta XVII. mendeko mota askotako eskuizkribuak zeuden: aseguru-polizak, auziak, gutunak, kontratuak, aparailuen eta horniduren zerrendak. Analisiaren bidez, Selma Huxleyk jakin zuen arrantzaleek bakailaoa arrantzatu zutela Kanadako kostalde atlantikoan, eta, horrez gain, baleak ere harrapatu izan zituztela eskala industrialean XVI. mendean. 1977an, Labradorreko hegoaldera espedizio bat antolatu zuen, eta Europako artxiboetan aurkitutako datu guztiak berresten zituzten aztarnak aurkitu zituen.[15]
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ «Paleografia - ZT Hiztegi Berria» zthiztegia.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
- ↑ (Gaztelaniaz) «PALEOGRAFÍA, radicación» Etimologías de Chile - Diccionario que explica el origen de las palabras (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
- ↑ (Gaztelaniaz) Zozaya-Montes, Leonor. (2011). “Paleografía”, Paleografía y ciencias afines. .
- ↑ Castillo Gómez, Antonio; Sáez Sánchez, Carlos. (1994). Paleografía versus alfabetización. Reflexiones sobre historia social de la cultura escrita. ISSN 1134-1165. (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) Huidobro, José Manuel. (2011). (pdf) Paleografía. Tipos de escritura y su identificación. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Tanodi, Branka. (2021-08-09). Escritura de Los Pueblos Originarios E Hispanoamericanas: grafismos precolombinos. Amazon Digital Services LLC - KDP Print US ISBN 979-8-4528-8886-4. (Noiz kontsultatua: 2022-01-07).
- ↑ a b Andonegi, Asier Romero. (2008). «Fuentes documentales en el País Vasco: una propuesta de edición» Revista de humanidades: Tecnológico de Monterrey (25): 89–119. ISSN 1405-4167. (Noiz kontsultatua: 2022-01-07).
- ↑ (Gaztelaniaz) Tato, Isidro García. (2009-12-30). «Paleografía y diplomática: génesis, evolución y tendencias actuales» Cuadernos de Estudios Gallegos 56 (122): 411–441. doi: . ISSN 1988-8333. (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
- ↑ a b Alonso Gutiérrez del Olmo, . José Félix. (2015). (pdf) Taller 5: Principios Básicos de Paleografía. XV JORNADAS ARCHIV£STICAS DE LA RENAIES.
- ↑ a b (Gaztelaniaz) de Santos Ruiz, Víctor. (2017). Paleografía digital: reto y necesidad de los profesionales de archivo- Master amaierako lana. Universidad Carlos III.
- ↑ (Ingelesez) Lit, L. W. C. van. (2019-10-29). Among Digitized Manuscripts. Philology, Codicology, Paleography in a Digital World. Brill ISBN 978-90-04-40035-1. (Noiz kontsultatua: 2022-01-07).
- ↑ «Los manuscritos del Mar Muerto. El Proyecto Digital» dss.collections.imj.org.il (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
- ↑ «DigiPal» www.digipal.eu (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
- ↑ Borja, Pedro Sánchez-Prieto; Álvarez, María Jesús Torrens. (2008). «Las tradiciones de escritura del País Vasco comparadas con las regiones limítrofes» Oihenart: cuadernos de lengua y literatura (23): 481–502. ISSN 1137-4454. (Noiz kontsultatua: 2022-01-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) Macho-Stadler, Marta. (2019-11-06). «Selma Huxley, la historiadora que descubrió cómo los balleneros vascos llegaron hasta Canadá» ElDiario.es (Noiz kontsultatua: 2022-01-04).