Ozaze jaurgainian

Zuberoako abesti zaharra

Atharratzeko gazteluko kantua[1], Atharratze jauregiko anderea[2], Atharratz(eko) jauregian edo Ozaze Jaurgainian[3] Zuberoako Atharratze edo Ozaze eskualdean jatorria duen euskal abesti herrikoi zaharra da. Lehenbiziko aldiz Chants Populaires du Pays Basque argitalpenean agertu zen 1870ean, J. D. J. Salaberriren eskutik. Geroago, beste bertsio batzuk jaso zituzten Francisque Michelek, Charles Bordesek eta Aita Donostiak.[4]

Ozaze jaurgainian
Benito Lertxundiren, Mikel Urdangarinen eta Jean Mixel Bedaxagarren musika-lana
Egilea(k)Benito Lertxundi, Mikel Urdangarin eta Jean Mixel Bedaxagar
Ezaugarriak
Genero artistikoaherri-musika
Hizkuntzaeuskara
Deskribapena
Honen parte daHunkidura Kuttunak I
Zaharregia, txikiegia agian (albuma)
HitzakJean Louis Armand de Quatrefages de Bréau, Francisque Michel, Charles Dickens eta Elise Charlotte Otté (en) Itzuli
Bestelako lanak
MusikagileaJean Dominique Julien Salaberri
Francisque Michel
Charles Bordes
Jose Gontzalo Zulaika

Bertsiorik ezagunena Benito Lertxundik grabatu eta abesten duena da[1], halere geroago, Jean Mixel Bedaxagar[5][6], Erramun Martikorena[6], Mikel Urdangarin[7] eta Niko Etxartek ere euren bertsioak abestu izan dituzte.

Atharratze Jauregian edo Ozaze Jaurgainian[4] Jean Louis Armand de Quatrefagues de Breau (1810-1892) sendagile eta naturalistak idatzitako euskal balada zaharrenetarikoa da (1850ean jasoa, ustez XVI. mendeko istorio zahar baten oihartzuna). Balada hau frantsesera itzulita argitaratu zuen. Balada honek aldaera anitz eduki ditu; Ampère, Francisque-Michel, eta E.C. Otté eta Charles Dickens nobelagile ingelesaren eskutik

Jean Jaurgain (1842-1920) kazetari, historialari eta folklorista zuberotarrak Atharratzeko jauregiko anderia honen bertsioarekin batera beste bost baladen berri eman zuen: Ürrütiako anderia, Bereterretxen khantoria, Egün bereko alargüntsa, Musde Sarri eta Arbotiko prima eijerra.[3]

Mende batean zehar ahozko tradiziotik jasotako hainbat bertsiotan (1847-1947) ezagutzen da «Atharratze jauregian» («La fiancé de Tardets», «La palaciana de Tardets») deitutako balada narratiboa.

Exogamiaren eta dialektikaren arteko gatazka errealari buruz hitz egiten duen gogoeta baten aurrean gaude, balio orokorrez hornitua. Euskal errepertorioaren beste balada batzuetan agertzen dira gai horiek, non gatazka heriotzarekin konponbide tragikoarekin bukatzen den.

Baladaren corpusak 19 testuk osatzen dute, Antonio Zavalaren edizioaren arabera. Antonio Zavalaren edizioari testuak eskuratzeko errazak dira.

Atharratze Jauregian generoan bermatuta dauden oinarrizko alderdiei buruz intseguritatea sortzen digu:  pertsonaiak, kontakizunaren ordena, erreakzioak eragiten dituzten ekintzak eta amaiera erabakigarria. Arrazoi beragatik, balada “osatu gabe”, “aldatuta” dagoela esaten da, pasarte batzuetan nahasia delako eta ziur aski “ahapaldi galduak” dituelako.

Doinua

aldatu

 

Hitzak

aldatu
Jatorrizko Hitzak Euskara batuaz egokitua edo

Atharratze jauregian bi zitroin doratü;

Hongriako erregek batto dü galtatü;

Arrapostü üken dü ez direla hontü,

Hontürik direnean batto ükenen dü.


Atharratzeko hiria hiri ordoki,

Hur handi bat badizü alde bateti;

Errege bidea erdi-erditi,

Maria-Maidalena beste aldeti.


-Aita, saldü naüzü idi bat bezala;

Ama bizi üken banü, aita, zü bezala,

Ez nündüzün ez joanen Hongrian behera,

Bena bai ezkontüren Atharratze Salala.


Ahizpa, joan zite portaleala,

Ingoiti horra düzu Hongriako erregea,

Hari erran izozü ni eri nizala,

Zazpi urte hontan ohean nizala.


-Ahizpa, ez nükezü ez sinetsia,

Zazpi urte hontan ohean zirela;

Zazpi urte hontan ohean zirela,

Bere nahi dükezü jin zü ziren leküala.


Ahizpa jaunts ezazü arrauba berdea,

Nik ere jauntsiren dit ene xuria;

Ingoiti horra düzü Hongriako erregea;

Botzik kita ezazü zure sor etxea.


Aita, zü izan zira ene saltzale,

Anaie gehiena diharien harzale,

Anaie artekoa zamariz igaraile,

Anaie txipiena ene lagüntzale.


-Aita, joanen gira oro alkarreki;

Etxerat jinen zira xangri handireki,

Bihotza kargatürik, begiak bustirik,

Eta zure alaba tonban ehortzirik.


Ahizpa, zoaza orai Salako leihora,

Iparra ala hegoa denez jakitera;

Iparra balinbada goraintzi Salari

Ene korpitzaren xerka jin dadila sarri.


Atharratzeko zeinüak berak arrapikatzen;

Hanko jente gazteriak beltzez beztitzen.

Andere Santa Klara hantik partitzen;

Haren peko zamaria ürrez da zelatzen.

Atharratze jauregian urrezko bi limoi;

Hungariako erregeak bat eskatu du;

Erantzuna ukan du ez direla heldu,

Heltzen direnean bat edukiko du.


Atharratzeko hiria, hiri laua;

Ur handi bat duzu alde batetik,

Errege bidea erdi-erditik,

Maria Madalena beste aldetik.


Aita, saldu nauzu idi bat bezala,

Amak bizi(rik) ukan banu, aita, zu bezala,

Ez nintzen, ez, joanen Hungarian behera,

Baina bai ezkonduko Atharratze Salara.


Ahizpa, joan zaitez atarira,

Engoitik hor duzu Hungariako erregea,

Hari esaiozu ni eri naizela,

Zazpi urte honetan ohean naizela.


Ahizpa, ez ninduke ez sinetsiko,

Zazpi urte honetan ohean zarela;

Zazpi urte honetan ohean zarela,

Berak nahiko luke joan zu zaren lekura.


Ahizpa, jantzi ezazu arropa berdea,

Nik ere jantziko dut nire zuria;

Engoitik horra duzu Hungariako erregea;

Pozik utz ezazu zure sortetxea.


Aita, zu izan zara ene saltzaile,

Anaia zaharrena diruaren hartzaile,

Anaia artekoa zaldi gainera (igotzen) laguntzaile,

Anaia txikiena nire laguntzaile.


-Aira, joanen gara oro elkarrekin;

Etxera etorriko zara pena handiarekin,

Bihotza kargaturik, begiak bustirik,

Eta zure alaba hilobian ehortzirik.


Ahizpa, zoaz orain Salako leihora,

Iparra ala hegoa den jakitera;

Iparra baldin bada goraintzi Salari

Ene gorputzaren bila etorri dadila berehala.


Atharratzeko ezkilak berak errepikatzen;

Hango jende gazteriak beltzez beztitzen.

Andere Santa Klara handik partitzen;

Haren peko zamaria urrez da zelatzen.

ITURRIA: Jean-Dominique-Julien Sallaberri: Chants populaires du Pays Basque. 1870.

Metrika

aldatu

Kantu honetan, denboraren eraginez ezaugarri linguistikoak izan dituzten aldaketak dira (Atarratz > Atarratze). Horretaz gain, metrikari dagokionez, metrikaren irregulartasuna edo akatsak azpimarratzekoak dira. Silaben neurriak ez dira erregularrak, ez lerro bakoitzeko ez estrofa bakoitzeko. Ikusi daiteken modura, estrofa bereko lerro guztiek errima berdina dute, baina gainerako estrofetatik desberdinak.

Baladaren formatuari dagokionez, ahapaldien autonomia metrikoak, ahapaldien arteko errima aldaketak eta ahapaldi bakoitzak “eduki” bakarra edukitzeak, narrazioak dituen elipsiekin edo istorioaren ulertezintasunarekin batera, kontakizunaren ordena ez dago zehatz-mehatz finkatuta ez egotea eta ahapaldiak trukagarriak izatea eragiten dute.

Azalpen bat

aldatu

Kantaren esanahiari dagokionez, zaila da zehatz-mehatz istorioa hitzez hitz ulertzea, izan ere, paragrafo batzuek ez dute erlaziorik haien artean eta laburpena egiteko zailtasunak egon daitezke. Hala ere, argi dagoena da, istorioan zehar familia bat eta errege bat azaltzen direla. Hori horrela, istorioa Atharratz herrian edo Ozaze herrian eta bertoko jauregian kokatzen da. Balada honen bertsio zahar bat XIX. mendean jasotakoa da eta geroago bertsio ezberdinak jaso dira, guztira 19 bat ahapaldi. Ahoz aho transmititutako literaturan ohikoak izaten dira koherentzia eta kohesio hutsuneak antzematen dira, izan ere memoriak huts egiten du eta ahaztutako pasarteekin batera, honelako balada zaharretan baladen arteko interferentziak topatu izan dira inoiz.

Idatzi izan da balada honen jatorrizko istorioa XVI. mendeko benetako gertakizun batean dagoela oinarrituta: Gertakari historiko batean oinarritutako balada omen da, agure alargun eta neska gazte behartu baten arteko ezkontzan oinarritua. Ezkontideak Karlos Luxeykoa – Luxey eta Atharratzeko baroia, nonbait – eta Maria Jaurgain Ozazekoa. Ezkontza hori 1584an gertatu omen zen. Abesti honetan Maria Jaurgainen tragedia intimoa islatzen da, gazte-gazte zelarik, aitak Baroi zahar eta alargunarekin ezkontzera behartu omen zuena, eta alabatxoa, jakina, ez zen tratuarekin pozik geratu, 'Aita, saldü naizü idi bat bezala'.

« Gaztetan Ozaze Jaurgainean kantua ez dut entzun eta ikasi bestetan; ezagutua zen, baina «tristeegia» zelakoan ez zen kantatua. Aldiz, Benito Lertxundiren diskoarekin ikasi dut. Alta hertsiek ebasle bezala tratatzen zuten. Benitok eskualdeetako kantuen zabaltzearekin ekarpen ederra egin zuen. Ber gisan ikusten dut zuberotar maskarada eta pastorala antzerkien hedapena, hertsikeriak gainditurik, euskaldun ororen adierazpen tresna. »

Allande Etxart[8]


Erreferentziak

aldatu
  1. a b «Benito Lertxundi - Hunkidura Kuttunak I» www.euskalnet.net (Noiz kontsultatua: 2023-04-17).
  2. Jean Louis DAVANT: 'Ozaze Jaurgainean'. (Noiz kontsultatua: 2023-06-10).
  3. a b Jean Louis DAVANT IRATÇABAL, Xenpelar Dokumentazio Zentroa-Bertsozale. «Ozaze Jaurgainean : Jean de Jaurgainen Züberoa Herriko kontaira poetiko zonbait - Library - BDB. Bertsolaritza Database» bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2023-06-10).
  4. a b Bertsozale Elkartea, Xenpelar Dokumentazio Zentroa. «Ozaze Jaurgainian - Doinutegia - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2023-04-17).
  5. Bedaxagar, Jean Mixel. Atharratzeko jauregian. (Noiz kontsultatua: 2023-06-10).
  6. a b Bedaxagar eta Martikorena 'Atarratzeko jauregian' (1994-04-21) (5'42). (Noiz kontsultatua: 2023-06-10).
  7. Atharratz jauregian. (Noiz kontsultatua: 2023-06-10).
  8. Etxart, Allande. (2023-08-05). «Agur, Xiberoa» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-08-04).

Kanpo estekak

aldatu