Ostadarra, halaber Erromako zubia edo uztargia, gertaera optiko eta meteorologiko bat da, zeruan, jarraikako argi zerrenda bat eragiten duena, eguzkiaren izpiek Lurreko atmosferan dauden hezetasun tanta txikiak zeharkatzen dituztenean. Forma arku koloreaniztun batena da, gorria kanpoalderantz duena eta morea barnealderantz. Ez da hain ohikoa ostadar bikoitza, bigarren arku bat duena, ilunagoa, koloreen ordena alderantziz duena, hau da, gorria barnealderantz eta morea kanpoalderantz.

Ostadarra Galdio herriaren gainean, Nafarroa.
Ostadarra urjauzi baten gainean.
Ostadarraren antzerako haloa.

Ostadarrak jarraikako kolore zerrenda bat erakusten duen arren, ohi, osatzen duten koloreak sei direla onartzen da: gorria, laranja, hori, berdea, urdina eta morea, argiaren maiztasunen deskonposaketen ondorio, eta hiru oinarrizko koloreek, eta horiek, euren arteko nahasketetan emandako beste hirurek emandakoek osatua, tradizionalki zazpi kolore aipatzen diren arren, urdina eta morearen artean anila jarriz.

Izenak

aldatu

Sarreran emandako izenez gain, hauek dira Euskaltzaindiaren Hiztegian aurkitzen ditugun beste aldaera batzuk: ortzadar (Ipar. eta GNaf.) eta ostarku (Bizk.), batzuetan ostilika.

Ostadarren zientziaren historia

aldatu

Duela hiru mende baino gehiago, Isaac Newtonek, prisma baten bidez, Eguzkiaren argi zuriak, gorritik abiatutako koloreak zituela frogatu ahal izan zuen. Gorritik abiatu eta laranja, horia, berdea, urdina eta aniletik pasatuz, morera iritsi arte. Argiaren banaketa horrek eratzen dituen koloreetan argi zuriaren deskonposaketa izena jasotzen du.

Newtonen esperimentua egitea nahiko erraza da, ez baita tresna zientifiko berezirik behar. Egun ere, Lehen, Bigarren eta Goi Hezkuntzako optika ikasleentzako esperimenturik eder eta hezitzaileenetako bat da.

Baina Newton jaio baino mende mordo bat lehenago, naturak jada deskonposatu zuen eguzkiaren argia behin eta berriz gure arbasoen begien aurrean. Batzuetan, zirimiri baten ondoren, beste batzuetan, ekaitz baten ondoren. Egia esan, ostadarra denbora luzean gertaera harrigarri zein beldurgarria izan zen. Batzuetan, iragarpenen ekarletzat hartua, beste batzuetan elezaharren inspiratzaile gisa, eta arte lan bat gisa halaber, beti izan da miragarria gizakiarentzat.

Ostadarraren oinarrizko teoria, baina, Newtonen aurrekoa izan zen. Lehenik Antonius de Deminik garatua 1611n; ondoren, René Descartesek berriz hartu eta findua izan zen. Ondoren, Ostadarraren Teoria Osoa, hasiera bezala, Thomas Youngek proposatu zuen, eta geroago, xehetasunez Potter eta Airyk landua.

Bibliako istorioa

aldatu

Itun Zaharraren arabera, ostadarra Jainkoak sortu zuen Uholde Handiaren ondoren. Istorioan, Jainkoaren borondatearen adierazgarri moduan agertzen zen, gizakiei Jainkoak berak Noeri eginiko promesa gogoratzeko: hor, Lurra eurite batekin sekula ez zuela suntsituko zioen.

"Nire arkua jarriko dut lainoetan, lurra eta nire arteko adostasunaren seinaleagatik izango dena. Eta lainoak lurrerantz etorraraziko ditudanean, orduan ikusi ahal izango da nire arkua lainoen artean. Eta gogoratu nire adostasunaz, ni, zuek eta bizidun ororen artekoa, eta ez dut berriz euriterik bidaliko bizitza suntsitzeko" (Hasiera 9:13,15 RVA).

Azalpen zientifikoa

aldatu

Eguzki argiak euri tantak zeharkatzen dituenean, hauek, norabide guztietan zabaltzeaz arduratzen dira, baina batzuetan, besteetan baino gehiago. Ostadarren eraketarekin zerikusia duten eguzki izpiak, euri tantetatik, bertan sartu aurretik zeramaten norabidearekiko 138 graduko angelu batekin irteten dira. Hau da "ostadarraren angelua", René Descartesek 1637an aurkitua. Argia 180 graduko angeluarekin irtengo balitz, orduan, etorri den tokitik itzuliko litzateke. Irteera angelua 138 gradukoa bakarrik denez, argia, ez da zehatz-mehatz bere jatorrirantz islatzen. Horrek ostadarra guretzat ikusteko modukoa izatea eragiten du, ez baikaude zehazki Eguzkia eta euriaren artean. Horrela, beti, ostadarrari begira jartzen bagara, eguzkia gure atzean egongo da.

Zehatzago esateko, argi horia da bere jatorrizko ibilbidearekiko 138 gradura zabaltzen dena. Gainontzeko koloreen argia angelu pixka bat ezberdinetan zabaltzen da. Ostadarreko kolore gorria 138 gradu baino zertxobait gutxiagoko norabide batean zabaltzen da, era argi morea tantetatik angelu handixeago batean irteten da.

Ostadarra "egiten" duten moduko eguzki izpi batek bere norabidea hiru aldiz aldatzen du euri tanta batean zehar mugitzen ari den bitartean: lehenik, tantan sartzen da, pixka bat errefraktatzea eragiten duena. Orduan, tantaren kontrako muturrerantz mugitzen da, eta horren barne aurpegian islatzen da. Azkenik, berriz errefraktatzen da, euri tantatik banandutako argi bezala irteten denean. Koloreetan deskonposatzea posible da, ur tantaren errefrakzio indizea uhin luzera bakoitzerako, ostadarraren kolore bakoitzerako, pixka bat ezberdina baita.

Eguzkiaren argia euri tanta askotatik irteten da aldi berean. Eragin konbinatua euri tanta askok zabaldutako argi distira txikien mosaiko bat da, zeruan arku bat bezala zabaldua. Tanten forma eta tamaina ezberdinek, ostadarren koloreen intentsitateagan eragina dute. Tanta txikiek ostadar zurbil bat eta pastel tonalitateko kolorekoak egiten dituzte; tanta handiek kolore oso biziak eragiten dituzte. Gainera, tanta handiak airearen erresistentziak zanpatzen ditu erortzen diren bitartean. Distortsio horrek ostadarraren "isatsak" tontorrak baino kolore biziagoak izatea eragiten duena. Beharbada, horixe da ostadarraren amaieran urrezko txanpon distiratsuz betetako pertz bat dagoela dioen elezaharraren jatorria.

 
Ostadar bikoitza.

Batzuetan, bigarren ostadarra deritzona ikus daiteke: ahulagoa da eta koloreak kontrako ordenan ditu. Lehen ostadarra, soilik "ostadar" deitzen dena, beti barne arku bat da, eta ikusleagandik bigarrena baino hurbilago dago. Bigarren arku hori errefraktaturiko argia, eta ikus daitekeen espektroko koloreetan banatua, atzeko ur gortina batean berriz errefraktatzen denean gertatzen da, horrela, uhin luzeraren arabera, koloreak alderantzizko ordenan agertzen dira, uhin luzera handiagoa gorrian eta txikiagoa urdin eta morean.

Interesgarria da, lehen eta bigarren ostadarren artean dagoen tartetik argirik ez dela agertzen aipatzea. Hori zenbait behaketarekin bat dator: horiek bi arkuen arteko tokia oso iluna dela diote, baina bigarren arkuaren kanpoaldeko zatian eta lehenaren barnekoan, argi kopuru handi bat ikus daiteke, ostadarra eratzeko errefraktatu aurretik kontzentraturiko argi zuriaren islaga dela kausa. Bi arkuen arteko toki ilun hori ur gortinaren intentsitateagatik da, bere barnerantz, ahal duen argi guztia xurgatzen duena, eta, beraz, bigarren arkua, lehenaren isla da ikuslearen norabidean eta "Alexandroren Zerrenda" izenaz ezagutzen da.

Teorikoki, eguzki izpiak hiru, lau edo bost aldiz euri tanten barnean islatu ondoren, beste hainbeste ostadar sor daitezke. Hirugarren eta laugarren arkuak, ikuslea eta eguzkiaren artean daude, baina, eguzki argi zuzena, ostadar ahulekin alderatuz oso distiratsua denez, beharbada, gertaera hau ez da sekula ikusiko. Baina, bosgarren ostadarra, lehena eta bigarrena gertatzen diren zeru toki berean gertatzen da, eta ikusi beharko litzateke, bere argi ahulagatik ez balitz. Posible da, laborategiko esperimentu batean, hamahiru ostadar ikusgarri lor daitezkeela frogatzea, baina, logikoki, bere intentsitatea nabarmen jaisten da.

Batzuetan, lehen eta bigarren arkuak oso distiratsuak direnean, lehenaren barnean hirugarren bat eta bigarrenaren kanpoaldean laugarren bat ikus daitezke. Arku hauei, arku supernumerario deritze eta argi interferentziazko efektu bereziengatik gertatzen dira.

Ostadar bat ikusten duen norbaitek, egia esan, ez dabil toki finko batean dagoen zer edo zer ikusten. Ostadarra, mamu bat, irudi bat baino ez da. Esaten denez, hegazkin txiki bateko bidaiari batek, behin, pilotuari, ostadarraren erdialdea zeharkatzeko eskatu zion. Ostadarra sekula ez zen hazten hegazkina harengana zihoan heinean. Handik denbora batera, ostadarra desagertu egin zen, hegazkinak, euriak ostadarra eragiten zuen tokitik kanpo hegan egin baitzuen. Honela, bidaiari inuzente hau, ostadarraren artetik hegan egiteko gogoarekin geratu zen.

Norbairek ostadar bat ikusten duenean, benetan ikusten du euri tanta batzuek zabaldutako argia. Lehen ikuslearen ondoan dagoen beste pertsona batek beste tanta batzuek zabaldutako argia dakusa. Horrela, eta xelebrea dirudien arren, bakoitzak bere ostadar propioa ikusten duela esan daiteke, beste batzuek ikusten dituztenekin parekatuta, ezberdina (hitzez hitz, ezberdina).

Baldintza atmosferikoak eta behaketa tokia bikainak badira, orduan, euriak eta Eguzkiak elkarrekin lan egiten dute argi eraztun oso bat eratzeko, ostadar biribila deitua, 2007ko abuztuaren 6an Malasiako Langkawi uhartean ikusi zena bezala. Ohiko ostadarretan, gorria da kanpoaldeko kolorea, eta morea barnekoa, baina biribiletan, kontrako ordenan daude.

 
Argiaren deskonposaketa ur tanta batean

Ostadar bat ikusteko baldintzei dagokionez, ikuslea, euria eta tanta esferikozko euri baten artean (euri uniformea) egotera mugatzen da. Posible da ikusleak, euria, bera dagoen tokian uniformea ez dela uste izatea, baina bai izan behar du ostadarra egongo litzatekeen tokian. Eta noiz dira tantak esferikoak? Tantak esferikoak dira, abiada konstante edo uniforme batean erortzen direnean. Hori posible da grabitate azelerazio baldintzetan, airearen oposizio indar likatsuak kontutan hartuz. Tanten abiadura uniformea dela betetzen denean, tantak, orduan, gutxiengo azaleran gehiengo bolumen bat hartzen du (esfera). Bakarrik baldintza horietan da posible tanta barneko argi zabaltzea, eta, beraz, ostadarra, baina, esferaren aldaketa arinek, ostadar batean aldaketa ezberdinak eman ditzakete. Beraz, euria ez da bizia izan behar, ezta aireak eragindakoa ere. Horregatik ez da ikusten ostadarra euria eta eguzkia dagoen oro.

Garrantzitsua da Eguzkiaren altuera ikustea, batek ostadar bat ikusten duenean, batek, ostadar horretaz zenbat ikus dezakeen jakiten laguntzen baitu: eguzkia zenbat eta beherago egon, altuagoa izango da ostadarraren tontorra, eta alderantziz. Lurrazaletik pixka batt altxa daitekeen batek, ostadar batzuk ostertzetik behera jarraitzen dutela ikusiko luke. Mendi altuak eskalatzen dituztenek, batzuetan, ostadar biribil osoen zati handi bat ikusi ahal izan dute. Baina mendiak eurak ere ez dira ostadar biribil oso bat oso-osorik ikusteko haina altuak.

Hegazkin pilotuek, batzuetan, ostadar biribil osoak ikusi izana aipatu dute, baina bitxia baldin bada ere, gainerako bidaiarientzat oharkabean pasatu izan dira. Hori hegazkineko leihoak oso estuak direlako izan liteke; beraz, ikuspen eremu txikia eskaintzen dute, pilotuak duen ikuspen eremu handia ez bezala.

Galeria

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu