Noruz[1] edo Naw-Rúz (persieraz: نوروز‎ /nouˈɾuːz/, euskaraz: «egun berria») urte berri tradizionala da Iran, Azerbaijan, Uzbekistan, Tajikistan, Turkmenistan, Pakistan, Indiako toki batzuetan eta kurduen artean. Turkian eta Asia Erdialdeko herrialde batzuetan ere ospatzen da. Mundu osoko bahá'íek ere egun horretan ospatzen dute urtearen hasiera.

Haft Sīn mahaia, Noruzeko tradizio nagusia.

Noruza udaberriko lehen eguneko jaialdia eta irandar urtearen hasiera da. Elkarte batzuek martxoaren 21ean ospatzen dute, eta, beste batzuek, udaberriko ekinokzioan, martxoaren 20an, 21ean edo 22an, alegia.

Noruz hitza nava = berria eta rəzaŋh = eguna/eguneko argia avesteratik dator; "egun berria" esangurarekin, eta esangura berbera mantentzen du egungo persieran (nou = berria eta ruz = eguna).

Ohiko aldaerak

aldatu

Noruza gutxienez 3.000 urteko ospakizuna da, eta sendo errotuta dago zoroastrismoko erritu eta tradizioetan. Gaur egun, jaialdia Persiar Inperioaren barnean egon ziren edo haren eragina izan zuten herrialde askotan ospatzen da: Iran, Kurdistan, Irak, Afganistan, Ekialde Ertaineko zati batzuk eta Tajikistan, Uzbekistan, Azerbaijan, Turkmenistan, Kazakhstan eta Kirgizistanen. Zoroastroar parsiek eta Indian bizi diren irandarrek ere ospatzen dute, eta jai eguna da Turkian: han, turkieraz Nevruz edo Bayram esaten zaio eta Newroz kurdueraz.

Herrialde askotan erabiltzen den agurra Ayd-e Noruz Mubarak da (Mubarak = zorionak), persieraz. Turkian, agurrak Bayraminiz Mubarek/ktulu olsun (turkieraz) eta Cejna wa pîroz be (kurdueraz) dira.

Zoroastroar egutegiko Fasli aldaeraren jarraitzaileentzat, Noruz euren urteko lehen eguna da. Zoroastroar egutegiko beste aldaera batzuek bi aldiz ospatzen dute, bata Jamshedi Noruz izenaz, martxoaren 21ean (udaberriaren hasiera), eta bigarrena, uztail edo abuztuan.

Bahá'í Fedearen jarraitzaileek, Iranen sortutako erlijio bat, Bahá'í egutegiari jarraituta, naw-rúz egunean ospatzen dute urte berria, Hemeretzi Egunen Baraualdiaren ostean. Persiar bahaiek berarekin lotutako ohitura asko dituzte; baina beste toki batzuetako bahá'íek tokiko ohituren arabera ospatzen dute jai eguna. Amerikar bahá'í elkarteek, adibidez, laudoriorik gabeko bazkari bat izaten dute, beren testuen irakurketa eta otoitzekin batera. Euskal Herriko bahá'íek bilera handiak egiten dituzte naw rúz ondoko igandean, otoitzak, arte saioak, haurrentzako jolasak eta janaria partekatuta. Naw Ruz, bahá'í testuen arabera, udaberriko ekinokzioan hasten da, eta hala ospatzen dute mundu osoko bahá'íek 2015etik aurrera; ordu arte beti martxoaren 21ean ospatzen zuten. Egun horretan, ahal izanez gero, ez dute lan egiten, eta haurrak ez dira eskolara joaten.

Erreferentziak

aldatu
  1. Beste aldaera batzuk: Nouruz, Norouz, Norooz, Narooz, Nawru, Nauruz, Nawroz, Noruz, Nohrooz, Novruz, Nauroz, Navroz, Naw-Rúz, Nowroj, Navroj, Nevruz, Наврӯз, Newroz, Navruz, Navrez, Nooruz, Nauryz, Nevruz, Nowrouz, ნავრუზი, नवरेह, નવરોઝ

Kanpo estekak

aldatu