Murumendiko herri harresitua

Burdin Aroko herrixka gotortua Gipuzkoan

Murumendiko herri harresitua Murumendiko tontorrean egon zen herri harresitu baten aztarna da. Beasain eta Itsasondoko mugatik gertu dago, eta tontorra bera, metro gutxi batzuei esker, Beasaingo lurraldean geratzen da. Orain 2000 urte inguru ditu, hau da, Bigarren Burdin Arokoa da.

Murumendiko herri harresitua
Datuak
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaBeasain
Koordenatuak43°05′30″N 2°12′08″W / 43.091669°N 2.202219°W / 43.091669; -2.202219
Map
Azalera[convert: invalid number] km²
GaraiaBurdin Aroa
ZuzendariakAnder Arrese Vitoria
Altitudea867 m

1,9 ha ditu, txikia beraz, Gipuzkoako herri gotortuen artean[1]. Herriak bi harresi zituen tontorretik gertu, hura inguratzen[2], bat gorago eta kanpoaldekoa beherago. Garaiko beste gotorleku askoren antzera, topografiak markatzen du profila eta defentsa sistema. kasu honetan amildegi nabarmena bat du ekialdeko aldean, eta horrek kokaleku estrategiko bikaina bihurtzen du[3]. Iparraldean malda harritsua eta malkartsuagoa da eta horregatik alde horretan harresiaren ez zen beharrezkoa[4].

Indusketaren historia

aldatu

Carlos Olaetxea y Jose Antonio Mujikak kata[oh 1] batzuk egin zituzten eta 2009tik aurrera, Suhar Arkeologia enpresak induskatu zuen urte horretatik aurrera[5][6].

Testuingurua

aldatu

Oria ibaiaren ibarrean Burdin Aroko lau herrixka topatu dira: Buruntza Andoainen, Basagain Anoetan, Intxur Tolosa-Albizturren eta Murumendi Beasainen. Lau herriak, begi kolpe batean, bata bestearekin lotuta daude[7].

Ezaugarriak

aldatu

Aro aldaketa fase batean bizi ziren Murumendiko biztanleak. Karbono 14rekin eginiko datazioen arabera, K. o. 10. urteko piezak aurkitu dituzte, 30 urteko gorabeherako tarteak egon litezke.

Murumendiko aztarnategia nahiko berezia da, Ander Arrese indusketen zuzendariaren arabera: Burdin Arorako nahiko berriak diren materialekin aurkitu zituzten eta horrez gain, Gipuzkoan ez dute bi harresi lerrodun beste herrixkarik oraindik topatu.

Herrixkan galdaketa gune bat bazegoela ziurtatu ahal izan dute, zepa edo galdaketaren soberakinak oso kontzentratuta aurkitu baitituzte. «Logikoa da, gune oso haizetsua baita, eta hauspo natural gisa aprobetxa zitekeen». Brontzea eta burdina lantzen zuten, beraz, herrixkan.

Mendian malda oso bizia denez, etxebizitzak eraikitzeko lurzorua beheratu behar izan zuten. Zumezko adar-bilbeak erabiltzen zituzten hormak egiteko, eta haren gainean lasto buztina jartzen zuten. Egun lurzoruan sakonuneak besterik ez dira agertzen aztarnategian. Hamahiru metro inguruko zabalera eta hiru eta sei metro bitarteko luzera zuten. Txabola bakoitzeko dozena erdi bat pertsona biziko zirela pentsatzen dute ikertzaileek. Guztira, 50-60 lagun inguru biziko ziren herrixkan[3].

Herrixkaren sarrera nagusian dorre bat egon zen, sarrera nagusia izan zitekeenaren tokian. Bi harresien arteko eremua abeltzaintzarako eremua izan zitekeen ustea dute, eremu horretan ez baitute inongo aztarnarik aurkitu.

Orain arte aurkitutako aztarnekin ezin dute ziurtatu Gipuzkoako beste herri harresituen garai berean bizi izan zirenik.

Aurkitutako materialak

aldatu

Esku errota zirkularra eta zeramikako tornu azkarrak Burdin Aro aurreratu horren erakusgarri dira .

Gipuzkoako aztarnategietan ohikoa da eskuz egindako errotak topatzea, eta bat edo bi errota zirkular. Murumendin, berriz, zazpi bat. Aurkitutako esku errota guztiak zirkularrak izateak bigarren Burdin Aro aurreratu bat dela pentsatzera eraman ditu arkeologoak.

Herrixkaren berrerabilpena

aldatu

Burdin Aroaren amaieran ez ezik, gizakiak behin baino gehiagotan jo du Murumendira babes bila. Teoria baten arabera, baliteke III. eta V. mendeen artean beste erabilera berantiarrago bat ematea, baina, teoria hori eztabaidagarria da eta ez nahiko ikertu.

Halere, ziurtasun osoz jakin daiteke Murumendiko gotorlekua ANVko Euzko Indarra batailoikoek 1936ko gerran erabili zutela; Mauser pistolako 9 mm-ko bala zorro eta balen aztarnak aurkitu dituzte. Horrez gain, I. Karlistaldia garaikoak izan daitezkeen suharrizko fusil harri bat eta beste hainbat aztarna ere jaso dira indusketetan eta miaketetan. Berrerabilpen horiek, dena den, unean unekoak dira eta bizitoki gisa soilik Burdin Aroan erabili zela iduri du. Denboran atzerago joanez gero, Erdi Aroko hainbat aztarna ere azaldu dira[3].

Erakusketa

aldatu

Suhar arkeologia taldeak herri harresituaren aztarnak eta Beasaingo Igartza jauregian jarri zituen ikusgai 2013an, Murumendi Burdinarotik Antzinarora erakusketan. Gizarteratze lan horren barruan, garrantzia eman diote egindako indusketa lanak era argi batean azaltzeari. Bide horretan, indusketa lanak nola egin dituzten eta hiru dimentsioko herrixkaren berreraikuntzak ikus daitezke bideo baten bitartez[3].

Ikus, gainera

aldatu

Oharrak

aldatu
  1. Itxura karratua duen zuloa izaten da eta prospekzio arkeologikoetan egin ohi da aztarnak aurkitzeko. Arroka edo materialik emango ez duen bestelako lur-maila bateraino zulatzen dute arkeologoek. Bertikalki beherantz egiten direnez, hainbat garaiteko aztarnak aurki daitezke katetan.

Erreferentziak

aldatu
  1. «Bertan 20 - Burdin aroko herri harresituak Gipuzkoan. Kapitulo 4: Aztarnategiak» bertan.gipuzkoakultura.net (Noiz kontsultatua: 2023-12-09).
  2. Arrese, Ander. (2017ko azaroa). «C.27.2.2. Murumendiko herrigunea. (Beasain, Itsasondo). IX. kanpaina» Arkeoikuska (Gasteiz) 16: 406-407..
  3. a b c d «Murumendiko herrixka» Berria 2013-02-12 (Noiz kontsultatua: 2023-12-09).
  4. Arrese, Ander. (2011). «C.37.2.6. Murumendi herrixka (Beasain, Itsasondo)» Arkeoikuska 11: 435-436. ISSN 0213-8921..
  5. «jrshistoria: CASTRO DE MURUMENDI: UN POBLADO DE HACE DOS MIL AÑOS» jrshistoria (Noiz kontsultatua: 2023-12-09).
  6. «C.36.6. Murumendi herrixka (Beasain, Itsasondo)» Arkeoikuska (Gaseiz) 9: 429-430. ISSN 0213-8921..
  7. «Burdin Aroa ikergai Anoetan - Anoeta» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2023-12-14).

Kanpo estekak

aldatu