Medevi Brunn

Suediako bainuetxe historikoa

Medevi Brunn ("Medevi Putzua") Suediako bainuetxerik zaharrena da. Oraindik martxan dago, eta multzo historiko monumentala osatzen du.

Medevi Brunn
Kokapena
Estatu burujabe Suedia
Suediaren banaketa administratiboaÖstergötlandeko konderria
Suediako udalerriaMotala udalerria
Koordenatuak58°40′N 14°57′E / 58.67°N 14.95°E / 58.67; 14.95
Map
Atalakeraikin: 69
Ondarea
Webgune ofiziala

Kokapena aldatu

Medevi izeneko landetxea Västra Ny parrokian dago, Motala udalerrian (Östergötland probintzia), Motala erdigunetik 15 kilometro iparraldera.

Medevi gård aldatu

Medevi landetxea (Medevi gård) jada 1360 inguruan aipatzen da, Midhianwidh izenarekin. Jabea Karl Ulffson zen, errege kontseiluko kidea, abokatua eta lur-jabe handien familia batekoa. 1369an Ulffsonek, lur truke batean, Bo Johnsson Grip abokatu eta Östergötlandeko aholkulariari eman zion. 1383an, beste truke batean, Vadstena monasterioaren eskura pasatu zen. XVII. mendean landetxean jauregi bat eraiki zen; mende horren amaieran, jabea Gustaf Soop baroia zen.

Putzua aldatu

 
Medevi Brunn 1798 urtean

Medevi landetxearen lurretan putzu bat zegoen, antzinatik ezaguna: XIV. mendean, itxuraz bertan udaberri festa edo errituak egiten ziren, Linköping elizbarrutiko beste iturri batzuetan bezala. Santa Katarina Suediakoa (1331-1381) eskualdean jaioa zen; putzuko festa hauek bere egunean ospa ez zitezen, Leon X aita santuaren garaian (1513-1521) ospakizunak ekainaren 25era aldatu ziren.[1]

Soop lurjabeak atzerrian ur mineromedizinal establezimenduak ezagutzen zituen. Medeviko putzuko uren bi botila bidali zizkion Urban Hjärne adituari; honek, laginak aztertuta, urak mineromedizinal izateko baldintzak betetzen zituela ikusi zuen eta 1677an gunea lehen aldiz bisitatu zuen.

Soop eta Hjärnez gain, Gustaf Oxenstierna konde eta erret-kontseilukideak ere interesa erakutsi zuen. 1678ko uztailaren 25ean uraren analisia egiteko bertaratu ziren,[2] eta Hjärne-k uraren konposizioa azidoa eta burdintsua zela ikusi zuen, beste iturri famatuenen antzekoa.[3] Beste bainuetxeen ereduari jarraituz, 1678an ustiapena abiatu zuten.

Medevi Brunn bainuetxea aldatu

Bainuetxearen estreinaldirako bezero ospetsuak lortu zituzten: 1679an Eduvigis Leonor Holstein-Gottorp Suediako erregina etorri zen lehen aldiz (gero gehiagotan etorriko zen, gutxienez 1687 eta 1688an).[3] Gero errege gehiago etorri ziren: besteak beste, Karlos XI.a, Gustavo III.a, Karlos XV.a eta Karlos XVI.a Gustaf.

XVIII. mendearen erdialdean, Suedian 300 bat iturri mineromedizinal zeuden, baina gehienak garrantzi gutxikoak [3] XIX. mendearen hasieran Jöns Jakob Berzelius beka batekin lanean aritu zen Medevi Brunneko farmazian; hango museoan 1799. urteko elektrizitate makina kontserbatzen da.

1860 arte, bainuetxearen jabetza Medevi Gård landetxearena izan zen; hain zuzen ere, bisitari ospetsuenak landetxeko jauregian hartzen zuten ostatu. Gero, jauregia bertan behera utzita hondatu zen; 1890ko hamarkadan eraitsi zuten.

Bigarren Mundu Gerran, Medevi Brunn Herrialde Baltikoetako errefuxiatuentzako kanpaleku gisa erabili zen.[4]

Gaur egun aldatu

 
Medevi Brunn 2006; atzean, eliza zuritu berria

Gaur egunean, Medevi Gård landetxean XVIII. mendeko bi pabilioi gelditzen dira; eta 6 hektareatako lorategi ingelesa (Suedian estilo horretan egin zen lehena). Lorategi hau lehengoratzeko proiektu bat dago.

Medevi Brunn bainuetxean, berriz, monumentu historiko deklaratutako eraikin asko daude, besteak beste apaindegia, eliza, bainuetxea eta ospitalea.

Udako denboraldian, Medevi Brunneko Orkestrak kontzertuak ematen ditu egunero, astelehenak kenduta. Mässingssextett formato tradizionalean (metalezko sei haize instrumentu), XIX. mendeko instrumentu originalekin brunnmusik ("putzuko musika") eta grötlunken ("ahi epela") ahaireak jotzen dituzte. Hauek Suediako bainuetxeetan merienda ostean jotzen diren doinu lasaiak dira, eta 1870eko hamarkadatik dokumentatuak daude: ahia eta okaran pasak jan eta gero, bainuzaleak paseatzen egoten ziren, musika horrekin digestioa eginez. Gaur egunean ere tradizioa mantentzen da, eta udako egun batez antzinako erako paseoa egiten da, brunnmusik eta grötlunken entzunez, eta meriendatarako garagar-irinez eginiko ahia eta okaran pasak zerbitzatuz.

Medevi Brunnen udako etxeak alokatzen dira, baina baita urte osorakoak ere. Hotelak, aterpetxeak, ostatuak, pergolak eta hainbat museo daude, Farmazia Museoa eta Ospitaleko Museoa barne. Udan Stockholmeko gazte kristauen sendotza-kanpamenduak egiten dira bertan, jainkoarenganako fedea sakontzeko. Bestalde, Medevi Brunn Vätternrundan txirrindulari lasterketako helmuga ere izaten da.

Erreferentziak aldatu

  1. Det gamla Medevi - kulturhistoriska anteckningar, Gustaf Näsström (2:a tillökade utgåvan 1929) s. 14-19
  2. Denna dag räknas sedan dess som källans födelsedag
  3. a b c Medevi brunn 300 år
  4. Estniska skolan: Historik

Kanpo estekak aldatu