María Cambrils

Valentziako idazle sozialista eta feminista
Maria Cambrils» orritik birbideratua)

María Cambrils Sendra (El Cabañal, Valentzia, 1878Pego, 1939ko abenduaren 22a ) Valentziako idazle sozialista eta feminista bat izan zen. Autodidakta izanik, zutabegile eta irakasle gisa langile klaseko elite intelektualaren partaide izatera heldu zen. Langileen mugimenduaren hedabideetan artikulu ugari argitaratu zituen, batez ere El Socialista-n, PSOE - Espainiako Langile Alderdi Sozialistaren komunikabide ofiziala. Feminismo sozialista (1925) liburuaren egilea da, emakumeen eskubideen eta ekintza feminista eta sozialistaren erreferentzia.

María Cambrils

Bizitza
JaiotzaValentzia, 1878
Herrialdea Espainia
HeriotzaPego1939ko abenduaren 22a (60/61 urte)
Heriotza modua: eritasuna
Familia
Bikotekidea(k)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
katalana
Jarduerak
Jarduerakidazlea
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Espainiako Langile Alderdi Sozialista

Biografia aldatu

Gurasoek Pegotik (Alacant) Valentziara migratu zuten. Aita langilea zen, eta ama analfabetoa. Maria Cambrils Valentzian bizi izan bere bizitzaren zatirik handiena. José Martínez Dolsekin ezkondu zen, seguru aski oso gazte. José hiltzean, Maríaren bizitzari buruzko ikerketak adierazten du identifikatu gabeko komentu batean bizi izan zela eta, agian, denboraldi batez moja izan zela. Bere idatzietan "komentuko bizitza" gogoratzen du eta agerian uzten du erlijio-testuak ezagutzen dituela, baina ez da datu zehatzik aurkitu.[1] Hamarreko hamarkadan bere bizitzak izango zuen aldaketaren xehetasunak ere ez dira ezagutzen. Bere bikotekidea izango zena ezagutu zuen, José Alarcón Herrero jumillatarra, garai batean lider anarkista izandakoa eta aurrerago Espainiako Langile Alderdi Sozialistako (PSOE) kidea, Maria bezala.[2][3]

Bere idatzietan azaltzen duenez, Valentzian auzoko batekin egindako irakurketa eta solasaldiei esker ezagutu zuen 'erredentzio proletarioaren' doktrina eta emakumeek zeregin horretan jokatu beharko zuten rola.[1]

1924tik 1933ra bitartean, ehundaka artikulu idatzi zituen langileriaren prentsan, batez ere El Sozialistan. Esan daiteke hedabide horretan maiztasunez idazten zuen ia emakume bakarra izan zela eta bere artikuluak Espainiako sozialismoaren izen handienek —Pablo Iglesias, alderdiaren fundatzailea, Julián Besteiro, Andrés Saborit, Indalecio Prieto edo Largo Caballero—idatzitakoen artean argitaratu zirela.

Beste argitalpen batzuetan ere agertu ziren bere kolaborazioak: El Pueblo, El obrero de Elche, Revista Popular, El Obrero Balear, El Popular, Mundo Obrero eta La Voz del Trabajo-n, adibidez.

Askotan, Maria Cambrilsen testuen gaia emakumeen egoera izaten zen, eta baita ekintza feministaren beharra, bere ustez alderdiaren barruan ere gauzatu behar zena. Gizonezko alderdikideei sarritan aurpegiratzen zien ez zutela behar bezain gogotsu jokatzen haien kide emakumezkoen askapenaren alde.

1925ean, Feminismo Sozialista liburua argitaratu zuen Valentzian, Clara Campoamorren hitzaurrearekin. Liburuak oihartzun handia izan zuen, eta gaur eguneko historialariek funtsezkotzat jotzen dute ezkerreko feminismoaren bilakaeran. Halaber, bi kontzeptuek, ezkerrak eta feminismoak, duten harreman estuari buruz gaztelaniaz argitaratutako lehen lanetako bat izan zen, bertan azaltzen den feminismoa XX. mendearen lehen hereneko Espainiaren egoerarekin konprometitutako klase-feminismoa baita.[4] Liburua Pablo Iglesiasi — maisu ohoragarria, Mariaren hitzetan—eskaini zion. Cambrilsek berak ordaindu zuen liburuaren edizio xumea eta haren salmentaz lorturiko dirua El Socialista aldizkariaren inprentarentzat izan zen.[3] Honela zioen Maria Cambrilsek bere liburuaren sarreran:

"Liburu hau erosten eta irakurtzen duen gizon orok bere familiaren eta lagunen emakumeei aukera eman beharko die irakurtzeko, horrela lagunduko baitu emakumeek ere ezagutu behar dituzten herritarren askatasunen aldeko printzipioak zabaltzen".[1]

Bilboko Clara Campoamor Elkarteak liburua berrargitaratu zuen 1992an.[4]

1933an, osasun-arrazoiengatik, José Alarcónekin Pegora bizitzera joan zen. Alarcón bertako zinegotzia eta Elkarte Sozialistaren idazkari nagusia izan zen, eta baita UGTko zuzendaritza taldeko kidea eta Herriko Etxeko Administrazio Batzordekidea ere 1933tik 1939ra.[5] Gerra zibila amaitzean, eta odol-deliturik ez zuela onartu zen arren, Alarcón Alacanten fusilatu zuten, Aquilino Barrachina eta Pegoko beste sozialista batzuekin batera, 1940ko apirilaren 11n. Alarcón kartzelan zegoela, María Cambrils bere ilobek zaindu behar izan zuten, gaixorik zegoen eta. 1939ko abenduaren 22an hil zen. Hobi batean lurperatu zuten, izenik eta hilarririk gabe.[1]

Hainbat urtetan ezagutu ez den historia aldatu

María Cambrilsen biografiaren hainbat xehetasun berriki ezagutu dira. Gaur egun ezagutzen dugun Mariaren argazki bakarra Elvira Cambrils-ek 2004an argitaratu zuen lehen aldiz. Are gehiago, Rosa Solbes kazetariak dioenez, zenbait ingurutan pentsatu izan da María Cambrils gizon baten izengoitia zela,[1] harik eta oraindik ere bizirik zeuden garaikideen testigantzei esker datu zehatzak lortu ziren arte, esate baterako, Leonardo Herández zenetista beteranoarenak edo Juan Bautista Pons Bigarren Errepublikako erasoko guardiarenak.[6]

2015eko apirilean, Valentziako Unibertsitateak María Cambrils, el despertar del feminismo socialista izeneko monografia argitaratu zuen. Bertan, haren biografia, Feminismo Sozialista liburua eta 1924tik 1933ra El Sozialista, El Obrero Balear, El Pueblo, Revista Popular eta beste aldizkari batzuetan argitaratutako ehun artikulu baino gehiago biltzen dira. Lana Rosa Solbes kazetariak, Ana Aguado historialariak eta Joan Miguel Almela artxibozainak egin zuten, eta Carmen Alborchen hitzaurrea du.[6]

Feminismo sozialista aldatu

2015ean goian aipatutako Valentziako Unibertsitateko ikertzaileek plazatutako liburuak —María Cambrils, el despertar del feminismo socialista— agerian utzi zuen María Cambrilsek funtsezko inflexio-puntua eragin zuela Espainiako garaiko sozialismoaren baitan ideia berdinzale eta feministen formulazioan.

August Bebel sozialista alemaniarrak eraginda, Cambrilsek bultzatuta honako hau idatzi zuen:

"Emakume langileok ezin dugu ahaztu sozialismoa dela feminismoa benetan defendatzen duen sinesgarritasun moralez beteriko indar politiko bakarra."

Eta bere lana honela definitu zuen:

"Injustiziaren, zapalkuntzaren, ezkontza banaezinaren eta bihotzak jasandako biolentziaren aurkako aldarria." [4]

Cambrilsek, bere testuetan, sozialismoaren eta feminismoaren arteko ezinbesteko lotura defendatzen du, eta zalantzan jartzen du elizaren eginkizuna, bere ustez, ahulenen defendatzailearen espiritu errukitsua galdu duelako.[1] Horiez gain, beste hainbat gai jorratzen dira sarritan bere idatzietan: emakumeen botoa, hezkuntza, amatasuna eta aitatasuna, nekazaritza-feudalismoa, antifeminismo mozorrotua, dibortzioa, munduko beste leku batzuetako aurrerapenak eta emakumeen arazoak, emakumeen antolakuntza... Langileen misoginiari ere aurre egiten dio. Bere lankide askok beren bikotekideen eta alaben prestakuntzaz eta berdintasunaz ez dutela inongo ardurarik hartzen kritikatzen du, eta gainera, sufragioaren alde borrokatzen ez dutela salatzen du. «Gaurko emakumeen helburua dio— eskubideak partekatzea da, ez beren burua inposatzea, feminismoaren etsaiek axolagabeki dioten bezala. Ez dugu errukirik nahi justizia baizik».[1][6]

Esker onak aldatu

  • Espainiako trantsizioaren hasieran, 1976an, Valentziako ekonomista sozialisten talde batek María Cambrils izena hartu zuen; taldearen kideak ziren, besteak beste, Ernest Lluch eta Dolors Bramon. Dos y Dos astekarian hainbat artikulu idatzi zituzten emakumeari buruz, garaiko testuinguru ekonomikoan aztertuta, eta baita feminismoaren eta sozialismoaren halabeharrezko osagarritasunari buruz ere.[6]
  • Bilbon, Euskadiko Haur, Gazte eta Emakumeentzako Informazio Zentroak bere izena darama.[7]
  • Espainiako Emakumearen Institutuak antolatutako "100 mujeres españolas que abrieron el camino a la igualdad" (Berdintasunerako bidea ireki zuten 100 emakume espainiar) erakusketak erreferentzia egin zion Cambrilsi, baina bertan emandako informazioa bere liburuaren azala baino ez zen izan.[1]
  • 2016ko urtarrilean, Valentziako Udalaren Emakumearen eta Berdintasunaren aldeko Kontseiluak, emakumearen historia berreskuratzeko helburuarekin, hiriko kaleak berrizendatzeko emakumeen izenen zerrendan María Cambrils ere sartu zuen.[8]
  • Valentziako Pego herriak (bertatik dator bere familia) plaza bat eskaini dio. Pincanyan ere, Valentziatik gertu, pasabide batek du bere izena.
  • 2019an bere izena jarri zaio Partit Socialista del País Valencià (PSPV-PSOE) alderdiak sortutako Fundazioari eta Valentziako UGTk martxoaren 8an ematen dituen berdintasun-sariei.

Obra aldatu

  • Feminismo Sozialista (1925) Valentzia, Tipografia Las Artes
  • El Socialista: Kolaborazioak eta artikuluak (1925-26)

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f g h (Gaztelaniaz) Solbes, Rosa. (2015-07-17). «'Rescatada' una pionera del feminismo socialista -» pikara magazine (Noiz kontsultatua: 2021-12-03).
  2. (Gaztelaniaz) «Cambrils Sendra, María» Fundación Pablo Iglesias (Noiz kontsultatua: 2021-12-05).
  3. a b (Katalanez) «Maria Cambrils» dbd.vives.org (Diccionari Biogràfic de Dones) (Noiz kontsultatua: 2021-12-05).
  4. a b c (Gaztelaniaz) Solbes, Rosa. (2003-02-08). «María Cambrils, la famosa desconocida» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-12-05).
  5. (Gaztelaniaz) «Alarcón Herrero, José» Fundación Pablo Iglesias (Noiz kontsultatua: 2021-12-05).
  6. a b c d Rosa Solbes, Ana Aguado, Joan Miquel Almela. (2015). María Cambrils : el despertar del feminismo socialista : biografía, textos y contextos (1877-1939). Universitat de València ISBN 978-84-370-9777-0. PMC 992099230. (Noiz kontsultatua: 2021-12-05).
  7. «Centro de Información María Cambrils» www.mariacambrils.com (Noiz kontsultatua: 2021-12-05).
  8. (Gaztelaniaz) a. s.. (2016-01-16). «Las valencianas ilustres recuperan terreno en el callejero de la ciudad» Levante-EMV (Noiz kontsultatua: 2021-12-05).

Bibliografia aldatu

  • Solbes, Rosa; Aguado, Ana; Almela, Joan Miquel; (2015) María Cambrils, el despertar del feminismo socialista. Biografía, textos y contextos (1877-1939) Valentziako Unibertsitatea. Historia bilduma ISBN ά370-9723-7
  • Aguado, Ana (2003). “Feminismo socialista y/o socialismo feminista: María Cambrils”, Arenal. Revista de historia de las mujeres aldizkaria. 10. liburukia, 2. zk. (2003ko uztaila-abendua 2003), 243-254. or.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu