Maixa ta Ixiar
Maixa ta Ixiar euskal musika taldea da, Maixa Lizarribar Saizarrek (ahotsa eta trikitia) eta Ixiar Oreja Unanuek (ahotsa eta panderoa) osatua. Biek zerikusi nabarmena izan zuten soinu txikia 1990eko hamarkadan berriz gora eraman zuen haize berriarekin. Tapia eta Leturia, Gozategi eta Alaitz eta Maiderrekin batera, trikitia berreskuratu zuten herrietako plazetarako. Geroago, Garbiñe Sagastizabal (baxua) batu zitzaien. Milatik gora kontzertu egin zituzten 11 urtean, eta hiru disko eta erdi argitaratu zituzten. 1999. urtea amaitzearekin batera egin zuen taldearenak.
Maixa ta Ixiar | |
---|---|
Maixa eta Ixiar musikariak, 2017ko abuztuaren 27an, Bilbon eskainitako kontzertuan. | |
Datuak | |
Jatorria | Tolosaldea (Gipuzkoa) |
Musika mota | pop rock |
Urteak | 1989 - 1999 |
Produkzioa | |
Diskoetxea(k) | Elkar |
Taldekideak | |
Maixa Lizarribar Saizar Ixiar Oreja Unanue Garbiñe Sagastizabal | |
Ibilbidea
aldatuHastapenak
aldatu1989an hasi ziren elkarrekin jotzen Maixa Lizarribar Saizar (Altzo, Gipuzkoa, 1971) eta Ixiar Oreja Unanue (Andoain, Gipuzkoa, 1974). Herri txikietako erromerietan egin zituzten lehen emanaldiak, anplifikatu txiki baten laguntzaz: ehun baino gehiago urtean. 1993an, Elkar diskoetxeak beste trikitilari bikote batekin -Iker eta Larraitz Goenaga anai-arrebekin- disko partekatu bat grabatzeko aukera eman zien. Bi bikoteak Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko finalera sailkatu ondoren egin ziren ezagunak.
Arrakasta
aldatuArin-arin, fandango eta porrusaldaz gain, bossanova eta country doinuak jorratu zituzten Maixak eta Ixiarrek lehen lan hartan, Texas Tornados eta Jambalaya taldeen moldaketa bana egiteaz gain, eta berehala arrakasta lortu zuten "Iluntzean" kantuarekin. Hala ere, hiru urte igaro ziren lehen disko luzea kaleratu zuten arte. Uhinez uhin (Elkar, 1996) laukote formatuan grabatu zuten, Garbiñe Sagastibeltza (baxua) eta Marie Helena Guillaume (bateria) taldekide berriekin, eta Juan Carlos Perez abeslari eta musikariak (Itoiz) ekoitzi zuen. Hortaz, disko horretan oinarri erritmikoa sendotu egin zuen bikoteak, eta modu bereziz zaindu zituen moldaketak. Kantuak konposatzerakoan, beste musikari batzuen laguntza jaso zuen bikoteak: Jexuxmai Lopetegi (Akelarre), Xanet Arozena (Egan), Mikel Garikoitz eta Jorge Gonzalezena, esate baterako. Halaber, Argentinako abesti bat moldatu zuten, "Eguna jaio arte". Erromerietan eskaintzen zutenaren laburpen zabala osatu nahi zuen bikoteak lehen diskoan. Reggae, Mexikoko musika, funk, pop eta ska doinuak batu zituzten fandango, arin-arin eta kalejirekin. Garai hartan, 130 emanaldi inguru egiten zituen bikoteak urtean, baina urteak pasa ahala plaza kopurua murriztuz joan zen taldea, diskoak ondo prestatzeko eta arnasa hartzeko.
Taldea zabaldu egin zen hurrengo diskoan. Garbiñe Sagastibeltzak zenbait kantu sortu zituen Mantalgorri diskorako (Elkar, 1997), eta, taldearen izena aldatu ez bazen ere, taldekide finko bihurtu zen. Taldea sendotzea ekarri zuen hirugarren diskoak: ahotsetan lan handiagoa egin zuten, hiru taldekideen dohainei etekina ateraz; abesti bakoitza erritmo jolas bat izan zedin saiatu ziren; eta, horrez gain, ekoizpen lana beren gain hartu zuten. Hitzak, berriz, aurreko lanetan baino serioagoak dira kantu batzuetan, heriotza, itxurakeria eta agintearen boterea baitituzte hizpide. Lehen singleak, "Bexamela ta pastela"-k, arrakasta ikaragarria ekarri zion taldeari 1997ko udan.
Disko hura amaitu bezain laster, zuzenekoetarako gitarrista eta bateria jotzailea aurkitu zituen taldeak: Joseba Irazoki eta Igor Telletxea, hurrenez hurren. Biak Bera herrikoak (Nafarroa). Hortaz, bi urtez elkarrekin jotzen aritu ostean, haien ekarpena nabaritu zen Maixa ta Ixiarren hirugarren diskoan: Solasin (Elkar, 1998). Soinu txikia kantu guztietan agertzen den arren, taldearen diskorik poperoena da, eta erromerietako kutsua aurrekoetan baino askoz txikiagoa da. Badu bere arrazoia: zenbait kantu Joseba Irazokik konposatu zituen, eta diskoaren ekoizpen artistikoa Mikel Irazokik (M-ak, Bizkar Hezurra) zuzendu zuen.
Mikele kantua Espainiako Musikaren Sarietarako hautagai izendatu zuten, euskarazko kantu onenaren atalean, eta diskoak kritika onak jaso zituen oro har, baina taldearen jarraitzaile askori handiegia gertatu zitzaien aldaketa.
Urtebete pasa baino lehenago, 1999ko urrian, taldea desegiteko erabakia hartu zuten. "Hamaika urteotakoa mundiala izan da, benetan, baina uste dugu etapa bat bete dela eta orain dela aldatzeko unea. Ez dakigu aldatuko garen, baina aldatzeko aukera behintzat izan nahi dugu", azaldu zuten. Azken kontzertua 1999ko abenduaren 30ean eman zuten, Andoainen.
Kolaborazioak
aldatuMaixa ta Ixiarrek beste hainbat talderen diskoetan kolaboratu dute, kasu gehienetan ahotsak sartuz: Bide Ertzean, Betagarri, El Columpio Asesino, Kepa Junkera, Juan Carlos Perez...
Bestelakoak
aldatuMaixa Lizarribarrek bakarkako disko bat kaleratu zuen, Maixa (Elkar, 2002), jazz musikariekin grabatuta. Geroztik, Gose taldearekin kolaboratu du, eta trikitia irakasten jarraitzen du Altzon, Arrasaten eta Gasteizen.
Ixiar Orejak telebistan egin du lan, Euskal Telebistako Euskaraokea, Barrebusa eta Altza Porru! haur saioak aurkezten, baina agertokietatik kanpo jarraitzen du.
Garbiñe Sagastibeltzak baxua jo du hainbat artistaren diskoetan: Antoni O'Breskey & J.A. Irigarai, Alboka, Kepa Junkera...
Diskografia
aldatuKolaborazioak
aldatu- AHT-ren aurkako musika (1996, Esan Ozenki)
Erreferentziak
aldatu- Edukiaren zati bat «Maixa ta Ixiar» artikulutik hartua da. Artikulu hark Jon Eskisabel du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.