Luis de Uranzu Kultur Taldea
Luis de Uranzu Kultur Taldea (LUKT) Irunen, 1980an, Bidasoa eskualdeko historiaren gertaerak ikertzeko, zabaltzeko eta babesteko sortutako kultur taldea da. Luis de Uranzu izena, eta bere ohorez, Luis Rodríguez Gal zenaren goitizenetik hartzen du.
Luis de Uranzu Kultur Taldea | |
---|---|
Datuak | |
Erabilitako hizkuntza | Euskara, gaztelania, frantsesa |
Sorrera | 1980ko uztailaren 28an |
1984ko azaroan, LUKTek bere aldizkariko lehen zenbakia argitara ematen du, eta, bertan, elkartearen lehengo lehendakaria zenak, Jose Antonio Loidi Bizkarrondok, honela digu «Gure Asmoak» atalean: «Irun eta Bidasoako lurralde hau guziz maite dugun talde batek, gaur eguneko Irun eta Bidasoako aurrerapenak eta bertako kultur-joerak, era hontako kultur-talde bat sortzea merezi zuelako ustean, eta gure herriaren alde lan egiteko gerturik gaudela adierazi nahian, "Luis de Uranzu Kultur Taldea" deritzan elkarte berri bat eratzea erabaki genuen direla bi urte».
Taldeak bi helburu jarri zizkion bere ibilbideari: Bidasoaldeko kultur gaietan ari diren ikertzaile eta ikasleek beren lanak aurrera eramateko laguntza izatea eta horien lanek argia ikus zezaten baliabideak eskaintzea.
Bigarren helburu horri bide emateko, 1984. urtean hasi zen «Luis de Uranzu Kultur Taldea» bere aldizkaria argitaratzen. Urtero, ale bat argitaratu izan da; batez ere, lan laburrak argitaratzen dira, 20-25 orrialdekoak. Halere, noizean behin, eta urteroko aleari tokia kendu gabe, lan luzeagoak, tesiak, eta abar argitaratu izan dira, baina 1999tik aurrera lan sakonagoak ere, ikerlanak deituak, argitaratzen hasi ziren; horrela, bide eman zioten Irungo eta Bidasoaldeko ikertzaileek egiten zituzten ikerketa sakon horiei.
2003. urtean, Luis Rodríguez Gal «Luis de Uranzu»ren lan guztiak, osorik, birrargitaratu zituen; haien artean, hilondoko «Cuentos del Bidasoa - Bidasoako Kondairak» gaztelaniaz eta euskaraz idatzia, Jorge de Oteizaren hitzaurrearekin.