Lezoko emakume “galleterak”

XIX. mendearen amaieratik XX. mendeko 70. hamarkada bukaera arte Errenteriako Olibet galleta lantegian lanean aritutako lezoar emakumeak

Lezoko emakume “galleterak” XIX. mendearen amaieratik XX. mendeko 70. hamarkada bukaera arte Errenteriako Olibet galleta lantegian lanean aritutako lezoar emakumeak dira. Orduan galdutako lanbidea da.

Olibeteko "galleterak" nagusiekin

Sarrera

aldatu

Oso garrantzitsua izan da Olibet galleta fabrika honetako emakume langile  hauen arrastoa, bai emakume langileen eskubideen aldeko aurrerapenean eta baita herriaren garapenean ere. Jakitun ziren garai horretako parte izanik, paper garrantzitsua jokatzen ari zirela gerora begira eta lantegi horretan lan egitea nolakoa izan zen kontatzen ahalegintzen ziren.

Beste lantegiek ez bezala, Olibet fabrikak botatzen zuen  kiratsak  herri osoa gozatzen zuen, denon gustukoa bilakatuz. Berehala sona handia hartuko zuen, han bertan askoz merkeago eros zitezkeelako galletak, poltsetan edo kutxetan, eta solte geratzen zirenak, hau da, hautsitako galletak, eskoletan edo banatzen ziren eta jende guztiaren eskuragarri izaten ziren eta are gehiago, bertako langileek poltsetan sartu eta etxera eramateko aukera izaten baitzuten. Eguneroko jan-gai bilakatuz.

Errenteriako Olibet galleta lantegia; bailarako emakume askoren lantegirik gozoena

aldatu
 
Olibeteko langileak.1939-1947 tartekoa

1886an eraiki zuten Euskal Herrian galleta-lantegi hau Olibet familiaren gidaritzapean; “La Ibérica, Gran Manufactura Española de Bizcochos de Lujo y Galletas” izenez lehendabizikoz, eta, gero, Galletas Olibet bezala ezagunagoa izango zena.

Lezoko tren geltokiaren ondoan kokatua, Errenteriako lurretan, 3.500 metro karratu zituen eraikinak. Kokapen ezin hobea zuen, leku estrategikoa alegia. Izan ere, galletak egiteko ia glutenik gabeko irin almidoiduna Gaztelatik trenez ekartzen zutenez, bertatik bertara jasotzeko primerako aukera zuten, eta gainera, beste edozein azukre baino kalitate hobekoa zen Cubako kanabera-azukrea oso modu egokian lortzen zuelako Pasaiako portutik. Azkenik, inguruko baserrietako esnea, arrautzak eta gurina lortzea ere oso erraza gertatzen zitzaien.

Beraz, galleta onaren sekretua bere lehengaian zetzan: irina, azukrea, gurina, esnea, arrautza gorringoa eta banillarik onenen hautuan, alegia.[1]

Fabrikako sorrera. Historia

aldatu
 

«La Ibérica, Gran Manufactura Española de Bizcochos de Lujo y Galletas» izeneko galleta lantokia, Olibet aita-seme frantziarrak sortu zuten, Jean-Honoré Olibet (1817-1891) eta bere seme Antoine-Eugène Olibet (1844-1915) eta atzerriko kapitalaz muntatutako sozietatea izan zelarik. Jean-Honeré marinel semea zen, okina eta 1840 inguruan hasi zen Bordelen ekoizten, ontzietan sartu elikagai nagusienetakoak izango ziren irinez, gatzez eta urez egindako galleta lehor haiek.

Bere seme Antoine-Eugène Ingalaterrara joan zen (1860) urte batez, britainiarrek itsas galleta soilak zirenak luxuzkotan  nola bilakatu zituzten ikastera: biskuit ingelesak deiturikoak alegia, arrautza, azukre eta gurina gehituz nola hobetu zitzaketen ikastera, urte batzuk baitzeramatzaten Europako elikagaien sektorea iraultzen, zapore gozoaz gain kontserbatzeko agertzen zuten gaitasun handiari esker. Eta bere fabrikazioaren sekretuak ikasi ondoren, Olibet gaztea Frantziara itzuli zen eta bere aita konbentzitu zuen lurraldeko lehen galleta finen fabrika irekitzeko  baina makineria ingelesarekin, hots, kateaz garraiatutako labearekin. Olibet aita-semeak 1872an ireki zuten lehen lantegi handia, Bordeletik (1872) oso gertu, eta inbertitzaileak erakartzeko operazio baten ondoren Parisera (1879) hedatu ziren, gero Lyonera (1883) eta azkenik 1886an Gipuzkoako Errenteriara etorri ziren. Bien bitartean dominak irabazten ari ziren eta agian aipagarriena 1889an Pariseko Erakustoki Unibertsaleko domina litzateke.[2][3]

Garaiko makinarik modernoenekin hornitutako instalazioen berritasunak alde batetik eta bere produktuen goxotasunak bestetik, berehala erakarri zuten bezeroen arreta. 1888an La Ibérica enpresak Estatu osoan saltzen zituen galletak eta Madrilen, Sevillan eta Bartzelonan biltegi komertzialak zituen Errege-Etxearen hornitzailetzat iragartzen zuen bere burua. Maria Cristina erregina Olibet galleten babesle handienetako bat izan zen, eta Donostian egiten zituen egonaldi luzeetan ohikoa zen Errenteriako fabrika bisitatzen ikustea. Erregina kontsumitzaile leial izateak ematen zuen bultzada komertzialaren jakitun, enpresak berehala aprobetxatu zuen markarekiko abagunea bultzatzeko eta Maria Cristinaren semea zen Alfontso XIIIaren aurpegiarekin estanpatutako lata-ontzien edizio bereziak atera zituen. Lantegia 1886an eraiki zenetik,1960ko hamarkadaren amaiera arte, Olibet galleta-gintza sektoreko puntako marka izan zen, eta aitzindaria Maria galletak bezalako produktu enblematikoen fabrikazioan.

Olibet aita-semeak aitzindariak izan ziren,1874an ingelesek bataiatutako galleta Mariaren (Victoria erreginaren seme batekin ezkondutako Errusiako Maria dukesa handiaren omenez bataiatua) fabrikazio nazionalean ez ezik bere produktuak ezagutarazteko publizitate grafikoaren erabileran ere.  Berehala erabili zituzten kartelak, egutegiak, kromoak, katalogoak edo beste euskarri batzuk promozio-tresna gisa, eta beren postal komertzialei esker bagenekien Errenteriak gurin usaina zuenean Errenteriako lantegian lanean zihardutela.[4]

Galletak egiteko prozesua

aldatu
 
Suresnes-eko lantegia
 
Talence-ko lantegia

Galleta egiteko ore leun eta garbia egin behar zen. Horretarako lehen urratsa osagai guztiak galdaratzar ikaragarrietan irabiatu eta mekanikoki ijezkailutik (laminadora) bitan pasa eta gero, zikinkeria guztiak kendu eta elaboraziorako prest utzi ondotik, arrabol edo zilindroen artetik pasatzen zen eta arrabolen tarteen araberakoa izan ohi zen galletaren lodiera edota garaiera ere. Galleten elaborazioari edota irudiari kalte egingo ziokeen zernahi atxikidura saihesteko trokelera iritsi aurretik, oreak, automatikoki, amaierarik gabeko oihaletan jarraitzen zuen azukrez hautseztatu ahal izateko. Hori egin ondotik, ijeztutako (laminatutako) orearen gainean trokelek markatzen zuten galletak azkenean hartuko zuen forma. Gero orearen ebakinak kentzen zituzten, eta horrela jada, galleta prest uzten zuten bere egosketarako. Eta azkenik, kate luzeen gaineko erretiluetan sartzen ziren labean beti ere hozberoaren araberako abiaduran: zenbat eta berotasun handiagoa labean, orduan eta abiadura handiagoa. Hamalau edota hamabost metroko labeak ziren eta hiru minutu aski izaten ziren galletak egosteko.

Behin egosita, orgatxoetan jarri eta hozten ziren bitartean igogailuetan sartu eta sailkatze-gelara eramaten ziren emakumeen esku uzteko (gehienetan emakumeak izaten baitziren lan hori egiten zutenak). Pisatu eta paketeak egin ondotik, kaleratzeko eta saltzeko prest uzten zituzten.

 
 
Olibeteko langileak
 

Mota askotako galletak ekoizten ziren, formaz desberdinak asko eta asko, besteak pisuz, beste batzuk zaporez, eta abar. XX. mendeko lehen hamarraldietan bost tona galleta egitera iritsi omen ziren. Galleten artean ospetsuenak edota gehien egiten zirenak gurinezko petits-beurre; anbrosiak eta kremaz beteriko gaufretteak, eta horiekin batera eguneroko ogia. Horiek gutxi baziren, azken urteetan Kiss gozokiak ere egiten zituzten.[1]

Olibet galleta fabrikaren eragin soziala 

aldatu

Galletak ekoizten zihoazen heinean, arrakastaz batera langileria ere handituz zihoan, Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo, eta Pasaiako gizon eta emakume taldea osatuz, berrehun langile (gizon eta emakume) izatera ailegatu izan ziren.1903an 89 langile zituen eta 1915ean 154 eta Euskal Herritik kanpora ere lantegi berriak ireki zituen Olibet enpresak.[5]

Beraz, lezoar askoren lanbidea galletak egitearena izan zen, gizon-emakume askoren ogibidea. Lezoko Elena Garmendiari esker jaso ahal izan dira hainbeste istorio eta Olibet lantegiaren azken denboraldian bertan lan egin zuen lezoar askoren izenak.

XX mende hasieran lehiakideak ugaritu zitzaizkien eta bigarren mundu gerra ondoren banaketa handiaren larritasunak Olibeten hurbileko komertzioak desager arazi zituela eta, mehatxu pean utzi zuen Olibet lantegia.

Azkenik, 1977ko ekainean  porrotean deklaratu eta kiebra jo ondoren, 1970ko hamarkadan betirako desagertu zen.[1]

Elena Garmendia Pikabea langile ohiak oroitzen zituen zenbait lankideren izen-deituren zerrenda

aldatu
 
Olibet auzoko marrazkia

Olibet auzoa Errenterian

aldatu

Fabrika izandako eremuan Olibet auzoa eraiki zen Errenterian. 70eko hamarkada hartan, etorkin ugari etorri ziren herrira eta egoerari aurre egiteko zementuzko dorrez osatutako auzo berria sortu zen bertan.[5]

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c lezokoportua. (2017-11-07). «Olibet gaileta lantegia» Lezoko Portua (Noiz kontsultatua: 2024-05-23).
  2. https://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DBKVisorBibliotecaWEB/pdf/178878/323471?tipoPeticion=ikusi&titulo=Euskal-Erria+%3A+revista+bascongada.
  3. (Frantsesez) «LA IBÉRICA - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2024-05-23).
  4. (Gaztelaniaz) Arlucea, Ana Vega Pérez de. (2023-03-04). «Ana Vega Pérez de Arlucea: De galletas, galleteros y reinas golosas» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2024-05-23).
  5. a b «Toponimia :: Ayuntamiento de Errenteria» ondarea.errenteria.eus (Noiz kontsultatua: 2024-05-23).

Kanpo estekak

aldatu